Siriaren eta Jordaniaren arteko krisi diplomatikoa piztu da

Jordaniaren esanetan, EIren hogei kide hil ditu Sirian aire eraso batean. Damaskok traiziotzat hartu du bonbardaketa, eta adierazi zazpi pertsona hil direla horretan; tartean, familia bateko bost kide.

Pertsona batzuk Sirian gaur, Jordaniak hildako pertsona baten gorpua eramaten. MOHAMMED AL RIFAI  / EFE
Pertsona batzuk Sirian gaur, Jordaniak hildako pertsona baten gorpua eramaten. MOHAMMED AL RIFAI / EFE
Igor Susaeta.
2026ko urriaren 27a
12:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi auzoren arteko krisi diplomatikoa piztu da Ekialde Hurbilean. Jordaniak joan den ostiralean eliza ortodoxo batean gertatutako hilketa «mendekatzeko» bonbardatu zuen atzo gauean Siria hego-ekialdea, eta, gaur jakinarazi duenez, EI Estatu Islamikoko gutxienez hogei kide hil ditu eraso horretan. Armadaren arabera, Siriako Gobernuarekin koordinatu du eraso hori; Damaskok, baina ukatu egin du, eta azpimarratu Jordaniaren aire erasoak zazpi pertsona hil dituela, eta horietatik bost familia bateko kideak zirela. 

Jordaniaren erasoen ondorioz, Siriak bi noranzkoetan itxi du bi herrialdeen arteko mugaren pasabide nagusia, Nassibekoa. Jordaniako Gobernuko bozeramaile Mohamed Momanik bonbardaketa justifikatu du X sare sozialean idatzitako mezu batean, eta nabarmendu du aire erasoek EIren arma biltegi handi bat suntsitu duela. Muturreko talde islamista horrek ez du bere gain hartu ostiralean Karakeko (Jordania) eliza ortodoxo batean izandako tiroketa.

Hiru ekintzailek bederatzi pertsona hil zituzten hileta batean, eta berrogei inguru zauritu —atxilotuak izan ziren atzo—. Horren ondoren, Abdullah II.a erregeak agindu zuen erantzun irmo bat emango zuela. Jordaniako gutxiengo kristauaren kokagunea da Karak. 11 milioi biztanle ditu herrialdeak, eta gehienak (%92) musulman sunitak dira; kristauak %6 inguru dira, 300.000 bat (greziar ortodoxoak nagusiki). Jafar Hassan Jordaniako lehen ministroak ostiralean adierazi zuen «estremismo itsuaren» ondorio izan zela erasoa. Azken urteetan ez dira ohikoak izan gisa horretako gertakariak Jordanian.

Egun batzuk geroago iritsi da Jordaniak iragarritako erantzuna. Armadak atzo gauean ohar batean esan zuenez, «terroristen ezkutalekuak» jo zituzten. Haien esanetan, aurrez Siriako agintariei jakinarazi zieten eraso egingo zutela. Siriako Gobernuak komunikatu batean azpimarratu du, ordea, ez zietela abisatu, eta gertatutakoa ikertzen ari dela. 

Siriako Defentsa Zibila arduratu da Siria hego-ekialdeko lau lekutan izandako erasoaldiak eragindako biktimak erreskatatzeaz, eta X sare sozialean zehaztu du hildakoen artean hiru adingabe daudela. Siriako Atzerri Ministerioaren iturri batek esan dio Al Jazeera hedabideari «traizio baten gisan» hartu dutela erasoa.

Momani Jordaniako Gobernuaren bozeramaileak azaldu du Ammanek eta Damaskok batzorde bat osatuko dutela EIren aurkako operazioak eragindako «ondorioak» monitorizatzeko eta EIren aurkako borroka koordinatzeko. 

Garrantzia kenduz

Dena den, erasoei eta subiranotasunaren urraketari garrantzia kentzen ahalegindu da Jordaniako Gobernuaren bozeramailea, esan baitu «harro» dagoela bi herrialdeek «anaien arteko harremana» izateaz. Gogorarazi du, bide batez, Jordaniak siriarrak hartu eta lagundu izan dituela. «Erresumaren asmoa da Siria anaia babestea».

Ofizialki, 2019an garaitu zuten EI Sirian. Dena den, ordutik izan dira muturreko islamisten eraso batzuk, baita horien kontra egindako operazio militarrak ere. Ahmed al-Xara Siriako gaurko presidentea HTS Hayat Tahrir al-Xam talde armatuaren burua izan zen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA