SOSLAIA. Mustafa Adib

Sistemaren itzalpetik argitara

2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Libanoko barne politika aski ezagutzen du Mustafa Adibek, herrialdeko lehen ministro berriak. Arabieraz, frantsesez eta ingelesez hitz egiten duen gizona da, eta zientzia politikoak ikasi zituen Montpellierko Unibertsitatean (Frantzia). Atzoko parlamentuko bozketan hautagaien artean garaile atera zen, herrialdeko alderdi nagusien babes zabala jasota. Hala, hamar hilabetean Libanok izan duen hirugarren lehen ministroa da.

Izan ere, iragan urteko urriaren 17an hasi zen iraultza agintean zegoen klase politikoaren aurka. Horren ondorioz, Saad Hariri lehen ministro ohiak dimisioa aurkeztu zuen, protestak hasi eta handik hamabi egunera. Antzera gertatu zen Beiruteko portuko eztandaren ondoren; herrialdea jada krisi ekonomiko eta politikoan zegoen, baina leherketak areagotu egin zuen, berriro ere protesta jendetsuak sortuz, eta Hasan Diaben gobernuak dimititu egin zuen.

«Egiteko garaia» dela esanez onartu zuen kargua Adibek, atzo. Dena den, orain arte Libanon indarrean egon den klase politikoaren parte da Adib bera ere; itzaletan baina auzi garrantzitsuetan egon da, eta sistema ezagutzen du barnetik. Orain arte Libanoko enbaxadore izan da Alemanian. Lehenago, 2000. eta 2011. urteen artean, Najib Mikati lehen ministro ohiaren konfiantzazko aholkularia izan zen. 2005. eta 2006. urteak garrantzitsuak izan ziren Libanoren historian: Rafic Hariri gobernuburu ohia hil zuten, eta Siriako soldaduak herrialdetik alde egin zuten denbora tarte horretan. Orduan ere presente egon zen Adib, eta Mikatiren ordezkari izan zen hauteskunde lege berri bat sortzeko kontseiluan.

Adib, Diab lehen ministro ohiaren antzera, musulmana eta sunita da. Herrialdeko ohiturek diotenaren arabera, Libanoko lehen ministroak sunita behar du izan; parlamentuko presidenteak, musulman xiita; eta herrialdeko presidenteak, kristau maronita. Kuota horiek parlamentuko eserlekuak banatzerakoan ere kontuan hartzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.