Asturieraren sustapenerako eta erabilerarako legeak 20 urte bete zituen aurreko hilabetean. Asturieraren ofizialtasuna defendatzen dutenentzako, dena dela, legea motz geratzen da. Xose Candel (Valdes, 1964) XPDLLA Xunta Pola Defensa de la Llingua Asturianako kideak adibide bat jarri du: «Eskubide batzuk ez daude aitortuta: administrazioan asturieraz hartua izatea, esaterako». Xose Anton Gonzalez Riaño Asturiar Hizkuntzaren Akademiako presidentearen esanetan, legeak, berez, ahalbidetzen duena garatzeko politikak «oso epelak» izan dira. Bai, alfabetizazioari dagokionez lorpenak izan direla dio, eta egun asturiarren %25 gai dira asturieraz hitz egiteko, idazteko eta irakurtzeko. «Asturiasen inoiz ez da egon halako kopururik». Kontuan hartu behar da, gainera, biztanleria osoaren erdia baino gehiago dela ulertzeko eta hitz egiteko gauza. Baina herritarrei asturieraren balizko ofizialtasunaz galdetzen zaienean, hizkuntzak duela hamazazpi urte zuena baino babes txikiagoa dauka: 2001ean %60tik gora ziren alde zeudenak, eta iaz %53.
«Badago hizkuntza gutxituen aurkako desprestigio kanpaina bat, eta horrek bere eragina dauka», arrazoitu du Candelek. Baditu, ordea, baikorra izateko motiboak. Asturiera hizkuntza ofizial bilakatzeko, Asturiasko Estatutua erreformatu behar da, eta horretarako «abagune politikoa» egokia dela iruditzen zaio. Gutxiengoan bada ere, PSOEk agintzen du Asturiasko Parlamentuan, eta estatutua erreformatuz gero ofizialtasunaren alde egingo dutela onartu zuten sozialista asturiarrek, haien azken kongresuan. Gonzalez Riañok argi dauka. «Edo hartzen dira kultura eta hizkuntza babesteko neurriak, edo hizkuntza salbatzen ez badugu, Asturias paisaia besterik ez da izango».
Eta ofizialtasuna eskatzeko, Asturiera, hizkuntza ofiziala orain lelopean XPDLLAk manifestaziora deitu du, etzi, Oviedon. Astur-leonesa Espainiako beste toki batzuetan ere hitz egiten da, baina soilik da ofiziala Portugalgo Braganza barrutiko eskualde batean. Han mirandesa du izena hizkuntzak.
Hiztun gehien, baina, Asturiasen ditu. «Kosta egiten zait pentsatzea ez denik ofiziala izango. Alderdi politikoekin hitz egiten ari gara, eta saihetsezintzat jotzen dute», zehaztu du Candelek. 45 diputatu ditu legebiltzarrak, eta estatutuan erreformak egiteko beharrezko da horietako 27k proposatutako aldaketak onartzea. Ofizialtasunaren alde daude, Candelen arabera, Izquierda Unida, Podemos, «orain» PSOE, «eta Alvarez Cascosen alderdiak [FAC] bat egingo luke, ziurrenik». PP eta Ciudadanos kontra daude, eta aurrenekoek ofizialtasunaren kontrako ebazpen proposamen bat planteatu zuten legebiltzarrean, joan den azaroan. Ganberak ez zuen onartu. Javier Fernandez (PSOE) da Asturiasko presidentea, eta adierazi izan du legegintzaldi honetan bere alderdiak ez duela ofizialtasunaz eztabaidatzea proposatuko, argudiatuz hori ez dagoela haien hauteskunde programan. Adrian Barbon Asturiasko sozialisten buru berriak, aldiz, auziarekiko beste jarrera bat du.
Hurrengo hauteskunde autonomikoak 2019ko maiatzaren 26rako daude deituta, eta hizkuntzaren defentsarako elkartekoak nahiko luke horiek egin baino lehenago egotea erreforma proposamena mahai gainean. «Oraindik ez dugu Podemosek eta Izquierda Unidaren konpromisoa, baina manifestazioaren ondoren proposatzera ausartuko direla uste dut», azpimarratu du Candelek. Manifestazioa aipatuta, Gonzalez Riañok nabarmendu du 1995-2000 artean Asturiasen egin zituzten manifestazio handienak hizkuntzaren ofizialtasunaren aldekoak izan zirela.
Orduan baino jende gehiago dago, ordea, ofizialtasunaren kontra. Iaz kaleratutako ikerketa soziolinguistikoak dioenez, %25guztiz aurka daude, eta beste %7 bat «partzialki». Akademiako presidentearentzat, kontra daudenek dituzten motibazioak ideologikoak dira. «Horrek nazionalismoa ekarriko lukeela, nazionalismoa txarra eta baztertzailea dela...». Arrazoiak «ekonomikoak» ere badira: «Garesti aterako dela, ez dela errentagarria, bizi dugun egoera prekarioarekin ez dela komeni horretan inbertitzea ...». Eta hori diotenei aurre egiteko, akademiak egin du ikerketa bat, eta ondorioztatu du ofizialtasuna onartzeak eta hori modu «zuhurrean» praktikan jartzeak autonomiaren aurrekontuaren %0,5a ez lukeela gaindituko. Candelek dioenez, «modu progresiboan» jarri nahi dute praktikan alderdi politikoek.
«Baserritar» izatearekin
Ofizialtasuna begi onez ikusten ez dutenen artean, gainera, joera bat nagusitzen da, XPDLLAkoaren iritziz: «Asturiera lotzen dute baserritarra, probintzianoa, izatearekin. Nahiz eta orain ez onartu, garai batean, are irakasleek, eskolan burla egiten zizuten asturieraz hitz eginez gero. Presio sozial horrek bere fruituak eman ditu».
1998ko legeak, ordea, ez du ofizialtasunaren aldeko fruiturik eman komunikabideetan duen presentziari dagokionez. Gonzalez Riañorentzat, «gutxi» du. Akademiak aldarrikatu zuen, esaterako, Asturiasko telebista publikoko albistegia, izan «eguerdikoa edo gauekoa», asturieraz izatea. «Aurrerapauso bat kontsideratuko genuke». Baina ez da hala izan.
Irakaskuntza publikoan, bestalde, curriculum irakasgai «borondatezkoa» da hizkuntza. Akademiako presidentearen ustez, haur hezkuntzan, sare publikoan, «ondo ezarrita» dago. Ez da gauza bera gertatzen, baina, bigarren hezkuntzan eta batxilergoan, ia «sinbolikoa» baita. «Erabileraren legeak dioenaren kontra, irakasgai hautazkoa da».
Paradoxikoa dirudien arren, gisa horretako erabakiek bultzatu dute, Gonzalez Riañoren aburuz, ofizialtasunaren aldeko babesean azkeneko urteotan gertatu den beherakada. «Soziologikoki interpreta daiteke jendea etsita dagoela, nekatuta, eskaera sozialak ez dituelako eman espero zituen fruituak». Alegia, orain horregatik dagoela jende gehiago «axolagabekeriaren posizioetan», akademiakoa presidenteak dioen moduan.
Babesten dutenen kopuru hori, %53 hori, «arduratzeko modukoa» dela uste du Candelek. «Izan ere, ofizialtasunak herritarren eskubideak babesten ditu». Hori dela eta, «lehentasunezkotzat» du asturiera salbatzea, eta ofizialtasuna baztertzeko argudio ekonomikoek darabiltzatenei ondokoa esango lieke: «Eskubideak aitortzen direnean inork ez ditu kuantifikatzen. Inork ez du galdetzen zenbateko kostua duen hezkuntza unibertsalak edo justiziarako sarbideak».
Eta hark esan bezala, 1998ko legea motz geratzen denez, elkarteak hauspotzen ditu mobilizazioak, musika jaialdiak, helduentzako eskolak, eta, besteak beste, kontzientziazio sozialerako kanpainak. Gonzalez Riañok, bere aldetik, asturieraz idatzitako literatura —«gure autoreetako batzuk hainbat hizkuntzatara itzulita daude»— eta musika goraipatu ditu. «Milioi bat biztanleko autonomia batean, datuak, kuantitatiboki interesgarriak dira». Hori bai, hizkuntza eta kultura baten desagerpenerako «erresistentzia fenomeno gisa» interpretatzen ditu.
Duela hogei urte, handiak izan ziren ofizialtasunaren aldeko mobilizazioak, baina Candelen esanetan, parlamentuaren orduko «konposizioak» ez zuen ofizialtasunerako erreforma ahalbidetzen. Oraingoak bai. Gonzalez Riañorentzat, ofizialtasuna da, «a priori», hizkuntzak bizirik irauteko duen helduleko bakarra. Asturias, beraz, ez dadila paisaia hutsean geratu. «Oso tristea litzateke».
Soilik paisaia izan ez dadin
Hizkuntza defendatzen dutenentzat, 1998ko asturieraren legea motz geratzen da. Iraungo badu ofiziala behar duela izan uste dute, eta abagune politikoak horretarako aukera ematen duelakoan daude. Asturiarren erdiak daude erreformaren alde, eta etzi kalera aterako dira, Oviedon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu