Eskuinerantz egin du Boliviak. Atzo egin zituzten hauteskundeak, eta emaitzek argi utzi dute ezkerrak herritarren babesa galdu duela; hogei urtez agintean egon ondoren, MAS Sozialismorako Mugimenduak Boliviako presidentetza utzi beharko du. Orain, lehia eskuineko bi hautagaien artean dago: Rodrigo Paz Pereira senataria eta Jorge Quiroga presidente ohia (2001-2002). Urriaren 19an, bigarren itzulian, erabakiko dute bietako nor bilakatuko den herrialdeko hurrengo presidentea.
PDC Alderdi Kristau-Demokratako Pazek lortu ditu boto gehien: %32,14. Pazen arrakastak ustekabean harrapatu ditu adituak, izan ere, boliviarren %2ren babesarekin hasi zuen hauteskunde kanpaina PDCkoak. Hala ere, ustelkeriaren eta zentralizazioaren aurkako diskurtsoez baliatuta, herrialdearen zati handi bat gogatzea lortu du Pazek, eta MASen boto emaile historikoen eta kontserbadoreen botoa bereganatu du.
Pazek aldaketaren aurpegi gisa aurkeztu du bere burua, muturretatik urrun. Hauxe da kanpainan erabili duen lelo nagusia: «kapitalismoa guztiontzat, ez bakarrik gutxi batzuentzat». Emaitzak kaleratu ondoren, Paz herritarrei mintzatu zitzaien, eta hau esan zuen: «inkestetan agertzen ez zirenen ahotsa gara; nahiz eta inork ez gaituen kontuan hartu, orain ahotsa dugu Bolivian». Jarraitzaileez inguratuta, «berrikuntza, berrikuntza» oihukatuz amaitu zuen bere agerraldia bart —goizaldean Euskal Herrian—.
Jorge Quiroga Tuto presidente ohiari egin beharko dio aurre Pazek urrian, eskuinen arteko lehian. Aliantza Libreko buruzagiak botoen %26,81 lortu ditu. Hala, Boliviako bigarren indarra da. Bere aurkariak baino profil kontserbadoreagoa du Quirogak, askok hartzen baitute Boliviako eskuin muturraren ordezkaritzat. Presidente ohia pozik agertu da emaitzekin, eta MASen porrotaren harira, adierazi du amaitu egin dela «hogei urte iraun dituen gau beltza».
Paz eta Quirogaren presidentetzarako lehia hasi da dagoeneko. Boliviako Hauteskunde Auzitegiak ohar batean azpimarratu du atzoko emaitzak ez direla behin betikoak eta, beraz, bi hilabetez herritarren eta bestelako alderdien babesa lortzeko ahaleginetan ibili beharko dutela bi hautagaiek. Oraingoz, talde nagusietako agintariak PDCkoaren alde agertu dira; hala ere, erabakitzeko dago nork gidatuko duen Boliviako aro berria. Â
Ezkerraren gainbehera
Jakina zen atzokoa Bolivian izandako hauteskunderik garrantzitsuenetako bat izango zela. Hala iradokitzen zuten herrialdeko tentsio ekonomiko eta politikoek. Adituen arabera, herrialdea inoiz izandako krisialdi ekonomiko handiena pairatzen ari da; erregai faltagatik eta inflazioagatik, besteak beste. Bestalde, MASen barne liskarrek ere nabarmen eragin dute hauteskundeetan.
Boliviako ezkerrak, Aliantza Popularreko senatari Andronico Rodriguezek ordezkatuta, laugarren postua lortu zuen atzo, botoen %8,22 bildu baitzituen; MASeko Eduardo del Castillo hautagaiak, berriz, %3,16, eta nekez salbatu zuen desagertzetik oraindik agintean dagoen alderdia.
Ezkerraren porrota Luis Arce presidentearen eta bere aurrekari Evo Moralesen (2006-2019) arteko talkek eragin dute. Izan ere, Moralesek Boliviaren egungo egoeraren erruduntzat jo du Arce, eta alderdiaren ospea galtzea leporatu dio. Hala, Arcerekin eta hautagai berriekin suminduta, boto baliogabea emateko eskatu zien bere militanteei. Izan ere, Moralesek, inhabilitatuta dagoela eta, ezin izan du bere burua aurkeztu.
Horiek horrela, atzoko emaitzek MASen gainbehera irudikatu dute, presidentetzatik kanpo geratzeaz gain, botere legegilean ere porrota nabaria izan baitu. Orain arte horren kontrola izan duen arren, atzoko emaitzen ondoren 130 legegiletik bakarra lortu du, eta senatuan orain arte zituen 21 eserlekuetatik bat ere ez du mantendu.
Â