Alemania

SPDk koalizio gobernutik irtetea baztertu du oraingoz

Angela Merkelen CDU alderdiarekin negoziatzearen alde agertu da, gobernu barrutik gizarte politikak bultzatzeko.

Norbert Walter-Borjans eta Saskia Esken SPDko buruzagi berriak, gaur, alderdi sozialdemokratak Berlinen egin duen kongresuan. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 6a
21:04
Entzun

Alemaniako koalizio gobernutik berehala irteteko aukera baztertu du SPD Alderdi Sozialdemokratak gaur Berlinen egin duen kongresuan. Alderdiak CDUrekin negoziatzeko agindu dio SPDko zuzendaritza aukeratu berriari, gobernuaren barrutik proiektu sozialak bultza ditzan.

Saskia Eskenek eta Norbert Walter-Borjansek osatzen dute bi buruko presidentetza berria SPDn, eta barne hauteskundeak alderdiko kritikoen babesari esker irabazi zituztenez, ikusmin handia piztu du sozialdemokraten kongresuak, SPDk zein ildo hartuko duen argitzeko.

Esken eta Walter-Bojans CDU alderdi kontserbadorearekin indarrean duten koalizio ituna berrikustearen alde agertu ziren kanpainan. Itunak jasotzen du legealdi erdian aztertuko dutela berriz gobernu hitzarmena, eta datorren hilabetean beteko dute lehen erdia. Beraz, talka handiak espero dira SPDren eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren alderdiaren artean, urtarriletik aurrera.

Gizarte politikak indartzera

SPD ezkerrerantz mugitu nahi du Eskenen eta Walter-Bojansen zuzendaritzak, eta CDUri negoziatzeko proposatuko dizkioten neurriak aurkeztu dituzte sozialdemokraten kongresuak onartu duen ebazpenean. Horien artean dira gutxieneko soldata orduko 9,19 eurotik 12 eurora igotzea, hezkuntzan eta komunikazio azpiegituretan inbertsio publikoa handitzea eta klima larrialdiari aurre egiteko neurriak sustatzea.

«Koalizio gobernu honen etorkizunarekin eszeptikoa izan naiz eta orain ere banaiz, baina ebazpen honekin jarraitzeko aukera errealista bat eskaintzen diogu koalizio handiari», adierazi du Eskenek.

Gaurko hitzorduarekin, sei hilabeteko trantsizioari amaiera eman dio SPDk, iragan ekainean Andrea Nahlesek presidentetza utzi zuenetik. Buruzagitza berriari alderdiaren krisi existentziala bideratzea egokituko zaio. Ilusioa eta izua, biak eragin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.