Epea zehaztu du Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. "Gaur baieztatu dezaket urtea bukatu aitzinetik exijituko dudala erreferenduma zalantzarik gabe legezkoa izateko botereen transferentzia", adierazi du SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak ipar-ekialdeko Aberdeen hirian egin duen konferentzian. "Hurrengo urterako gure prestaketa legegile guztiak bukatuko ditugu". Erresuma Batuko Gobernuarekin negoziatu beharko du horretarako, eta Boris Johnson lehen ministroak errana du ez duela Eskoziako Gobernuari baimena emateko asmorik.
Sturgeonek erran du Londresek ezetz erantzunen balu garrantzitsuena izanen litzatekeela arreta osoa ematea "hitza ukatzeko jarrera" horri, eta ez Eskoziako Gobernuak emanen liokeen erantzunari.
Brexit-aren aferaren ondorioen araberakoa izanen da erreferendumaren inguruko eztabaida eta indar lehia. Erresuma Batuko eta EB Europako Batasuneko talde ordezkariak hitzartutako brexit bat egiteko akordioa negoziatzen ari dira gaur, etzi Europar Kontseilua hasterako itun bat prest izateko, EBko estatuetako agintari gorenek onar dezaten. Hori gertatu ezean, Johnson legez behartuta dago asteburuan brexit-a gibelatzeko eskaera bat egitera Bruselari —hurrengo urteko urtarrilaren 31ra arte, gutxienez—. Hori eginen ez balu, Erresuma Batua urriaren 31n atera liteke EBtik, automatikoki.
Egoera horretan, oso litekeena da Erresuma Batuko hauteskundeak aitzinatzea, eta, horren jakitun, Sturgeonek duela bi egun independentziari buruzko erreferendum bat babesteko eskatu zion Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiari, SNPren babesa bermatu nahi badu Erresuma Batuko lehen ministro izateko.