Ez dago hesirik, ez lerrorik, baina muga bat da. Eta zeharkatzen duen orori tiro egiteko agindua dute Israelgo soldaduek. Lerro horia deituriko eremura erretiratu da Israelgo armada urriaren 10ean Gazarako menia indarrean sartu zenetik. Su etena zerrenda osorako dago indarrean, baina Tel Avivek eraso egiten die bere kontrolpeko eremuan sartzen diren palestinarrei. Zerrendaren erdia baino gehiago hartzen du eremu horrek. Lerro ikusezin horren beste aldean dute bizitokia milaka gazatarrek, baina debekatua dute gune horretan sartzea, eta, hala eginez gero, Israelek «terroristatzat» hartzen ditu. Atzo bertan gutxienez hiru palestinar hil zituzten muga hori zeharkatu zutela-eta.
«Su etenaren urraketa: atzo, Israelgo armadak lerro horia zeharkatu eta tropengana hurbiltzen ari zen terrorista bat identifikatu zuen, Gaza erdialdean. Tropentzako mehatxu bat zen. Identifikatu ostean, armadak terrorista ezabatu zuen». Gaur goizean zabaldu du mezu hori sare sozialetan Israelgo armadak. Urriaren erdialdetik ohikoak bilakatu dira halako mezuak; atzo bertan, hitz berberak erabiliz bi palestinar hil zituztela jakinarazi zuen Tel Avivek. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, su etena indarrean denetik Israelgo armadak 350 gazatar baino gehiago hil ditu, horietako asko lerro horia delakoaren inguruan.
Larunbatean muga hori zeharkatu zutela-eta, beste bi «susmagarri» hil zituen Tel Avivek. Hildakoak 10 eta 12 urteko bi haur zirela jakinarazi zuen Reuters berri agentziak, zerrendako osasun iturriak aipatuz. Hildakoen osabak albiste agentziari adierazi zionez, bi adingabeak sua pizteko egur bila ari ziren. Israelgo soldaduentzat, berriz, «mehatxua» ziren.
42Menia indarrean denetik Israelek zenbat egunetan egin dituen erasoak. Su etenak indarrean daramatzan 53 egunetatik 42tan Israelgo armadak erasoak egin ditu zerrendan, Al-Jazeera hedabidearen arabera. Urriaren 10ean sartu zen indarrean.
AEBek Gazarako ondutako planaren parte da lerro horia. Lehen fasean eremu horretara erretiratzea hitzartu zuen Tel Avivek. Lerro horrek bitan zatitzen du zerrenda: Israelgo mugaren gertueneko ingurua Israelgo armadak kontrolatzen du, eta Mediterraneo aldekoa, Gazako Gobernuak. Hala, are eta eremu estuagoan kontzentratuta daude Gazako bi milioi inguru biztanleak.
Israelen kontrolpeko eremuak zerrendaren %58 inguru hartzen du. Eremurik estuenean 1,5 kilometroko zabalera du, Gaza erdialdean. Zerrendaren hegoaldean eta iparraldean, ostera, 3,5 eta 6,5 kilometro arteko eremuak kontrolatzen ditu. Lerroaren beste aldean daude, besteak beste, Rafahko —hegoaldean—, Beit Hanungo eta Beit Lahiako —iparraldean— zati handienak. 2023ko urriaren 7a baino lehen 300.000 biztanle baino gehiago bizi ziren hiru hiri horietan. Orain debekatua dute etxera itzultzea, eta Israelgo armadak «mehatxutzat» hartu eta hil egin ditu bueltatzen saiatu direnak.
Gainera, lerro horia ez dago markatuta. Urriaren 17an Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak sare sozialetan jakinarazi zuen armada hasi zela muga hori markatzen. Horretarako, horiz margotutako hormigoizko blokeak jartzen hasi ziren hainbat puntutan; gune gehienetan, baina, oraindik markatu gabe dago banalerroa. Nazioarteko zenbait hedabide Israelek kontrolatzen duen eremura sartu ahal izan ziren azaro erdialdean, eta jakinarazi zuten gune horietan ez zegoela lerro horia markatzen duen seinalerik.
'De facto' zatituta
Washingtonek proposatutako eta Israelek eta Hamasek onartutako akordioaren arabera, Israelgo armadak pixkanaka atzera egiten jarraituko du. Bigarren fasean, menia gainbegiratzeko nazioarteko indar bat martxan jarri ostean, armada beste lerro batera erretiratzekoa da —zerrendaren %40 kontrolatuko du orduan—. Azkenik, hirugarren fasean, Israelen mugaren ingurua baino ez da geratuko da Tel Aviven esku —zerrendaren %15—.
Oraingoz, baina, bigarren faserako negoziazioak etenda daude. Izan ere, Israelek argudiatzen du Hamasek ez duela bete lehen faserako hitzartutakoa. Talde islamistak ez ditu entregatu 2023ko urriaren 7an bahitutako israeldar guztien gorpuak; oraindik bi daude Gazan.
Hamasen armagabetzea da AEBek proposatutako planean jasotako beste puntu konplexu bat. Akordioaren arabera, milizia palestinarrak armak utzi beharko lituzke, baina Hamaseko kideek adierazi izan dutenez, ez dute hala egingo; ez, behintzat, Palestinako Estatua sortu bitartean.
Hortaz, ez dago argi zer-nolako bilakaera izango duten akordioan aurreikusitako faseek. Oraingoz, Israelek Gaza zatitzea lortu du, eta de facto zerrendaren erdia bereganatzea.