Sudango emakumeek sexu indarkeria sistematikoa jasaten dutela salatu du MSFk

Gobernuz Kanpoko Erakundearen eskuetara iritsi diren salaketen %97 emakumeenak edo neskatoenak dira. Salatu dutenez, RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarreko soldaduak dira erantzule nagusiak, baina ez bakarrak.

MSFko kide bat Darfurren, bertako hainbat emakumerekin. CINDY GONZALEZ / EFE
MSFko kide bat Darfurren, bertako hainbat emakumerekin. CINDY GONZALEZ / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko martxoaren 31
14:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sudango Darfur eskualdeko emakumeek nozitzen duten indarkeriari buruzko txosten bat argitaratu du gaur MSF Mugarik Gabeko Medikuak GKE gobernuz kanpoko erakundeak. Salatu du emakume horiek sexu indarkeria sistematikoki jasaten dutela, eta «babesa, arreta eta justizia» eskatu ditu. Bi aste barru hiru urte beteko dira Sudanen gerra hasi zenetik.

«Lagun bat eta biok etxera bidean geunden, eta motorrean zihoazen lau gizonekin egin genuen topo. ‘Nora zoazte?’, galdetu ziguten, eta etxera gindoazela erantzun genienean, armekin mehatxatu gintuzten. Bi gizonek gutako bakoitza hartu, eta bortxatu egin gintuzten. Orain deseroso sentitzen naiz nire gorputzean». Nyalako desplazatuen kanpalekuan bizi den 18 urteko emakume baten hitzak dira. MSFren txostenean jaso duten testigantzetako bat besterik ez da, adibide bat. Izan ere, erakundeak salatu duenez, 2024ko urtarriletik 2025eko azarora bitartean, gutxienez 3.396 lagunek eskatu zuten arta MSFk babesten dituen guneetan. Zehaztu dutenez, salatzaileen %97 emakumeak edo neskatoak dira.

Hala ere, haien eskuetara iristen diren datu ofizialak «arazoaren benetako larritasunaren lagin bat» baino ez direla adierazi du MSFk: «Halako eraso batetatik bizirik irteten diren pertsona askok ezin dute arta era seguruan eskuratu». Segurtasunik eza, estigma soziala eta zaintza zerbitzurik eza dira salaketak mugatzen dituzten arrazoietako batzuk, erakundearen hitzetan.

MSFko Larrialdi saileko buru Esperanza Santosek txostenean azaldu du erasoetatik bizirik atera diren lagunen testigantzek eta erakundeko medikuek emandako datuek erakusten dutela RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarreko soldaduak eta haien aliatuak diren miliziak direla sexu indarkeria sistematiko horren erantzule nagusiak. MSFk argitara eman duenez, 2025eko urrian RSFko soldaduek Darfur iparraldeko hiriburu El Faxer hartu zutenetik, elkarteko medikuek 140 lagun artatu behar izan dituzte sexu indarkeria zela eta. 2025eko otsailetik 2026ko urtarrila bitarte, berriz —alegia, hilabete eskas batean—, halako indarkeria nozitu duten 732 lagun identifikatu zituen MSFk.

Arreta RSFko soldaduengan jarri arren, txostenean jasotzen denez, eraso horietatik bizirik irten direnek «egunerokoan» jasan izan dute indarkeria sexuala, eta ez soilik gerran dauden eremuetan. Esaterako, gerratik ihes egiteko erabiltzen dituzten errepideetan, familiek elikagaiak lantzen dituzten lurretan, merkatuetan edota desplazatuen kanpalekuetan. «Horrek argi erakusten du sexu indarkeria gerra frontetik haratago hedatzen dela», salatu du MSFk.

Adingabeen zaurgarritasunean ere jarri dute arreta MSFren txostenean. Datu ofizialen arabera, Darfur hegoaldean halako eraso bat pairatu dutela salatu dutenen artean, adingabeak dira bostetik bat; eta horietako 41, bost urtetik beherakoak. Tawilan, berriz, 2025eko iraila eta urria bitartean salatu zituzten erasoetatik bizirik atera direnen %27 adingabeak ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA