SUDAN

Sudango militar buruaren esanetan, RSFk Khartumen segituz gero ez da su etenik izango

Gatazkari irtenbide bat emateko negoziazioetan ari dira armada eta paramilitar taldea, Saudi Arabian. Al-Burhanen arabera, «Sudango estatu guztietan egoera egonkorra da, hiriburuan izan ezik».

Sudandik alde egindako familia bat, maiatzaren 1ean, Aswango geltokian, Egipton. KHALED ELFIQI / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko maiatzaren 9a
12:40
Entzun

Sudanen ehunka hildako eta zibilen exodoa eragin dituen gerrari irtenbide bat emateko lehen negoziazioetan ari dira bi aldeak, armadak eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarra, Jiddan (Saudi Arabia), AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Hego Sudanen laguntzarekin. RSFren buruzagi Mohamed Hamdan Dagalok iragan larunbatean adierazi zuen espero duela aldeek su eten iraunkor bat hitzartzea lortuko dutela. Bada, militarren komandante buru Abdel Fattah al-Burhan ezkor mintzatu zen atzo, Dagalori erantzun zion meniarik gabe ez dela paramilitar taldearekin akordio batera helduko. Are, elkarrizketak arrakasta izateko, RSFk Khartumetik erretiratu egin behar duela nabarmendu zuen.

Ikusi gehiago: Sudango paramilitarren buruak su eten iraunkor bat adostea espero du negoziazioetan

Bi aldeek larunbatean hasitako elkarrizketen helburu nagusiena da menia bat negoziatzea, apirilaren 15az geroztik hondamendi humanitario batean murgilduta dagoen Afrikako herrialde horretara laguntza iristeko eta zibilentzako korridore humanitarioak bermatzeko. «Horretarako, talde paramilitarreko kideak etxebizitza eremuetatik irten behar dute. Hori da su etena lortzeko bide bakarra. Saudi Arabian erdietsi nahi dugu tratu hori, eta lortzen ez badugu elkarrizketek ez dute emaitza onik emango», esan zuen Al-Burhanek, Egiptoko Al-Qahera News telebistari eskainitako elkarrizketa batean.

Armadako buruzagiaren arabera, «Sudango estatu guztietan egoera egonkorra da, Khartumen izan ezik». Izan ere, paramilitarrak hiriburuan pilatu dira; besteak beste, zibilen etxebizitza inguruetan, geltokietan, eraikin publikoetan, gasolindegietan eta ospitaleetan «gotortuta» daude, «armadaren bonbardaketetatik babesteko». Leku horietatik guztietatik alde egin behar duela exijitu dio Al-Burhanek RSFri. «Eskera hori bete ondoren, beste gai batzuez hitz egin ahalko dugu; hala nola, egoera politikoaz edota Sudango krisiaren konponbideaz». Guda piztu zenetik, zenbait su eten hitzartu dituzte bi aldeek, baina elkarri egotzi izan diote menia urratu izana.

Bien bitartean, Sudango borrokek ez dute etenik. Al-Jazeera hedabideak jasotako zenbait lekukoren arabera, liskar gogorrak eta tiroketak izan ziren atzo Khartumen, batez ere presidentearen jauregiaren inguruan eta erdialdean; armadak airez eraso zien paramilitarrei, eta haiek, berriz, lurretik erantzun zioten. Ipar Khartumen ere artilleriako bonbardaketak ere izan ziren.

Egoera, «tragikoa»

Horrekin lotuta, gerrak eragindako egoera «tragikoaz» ohartarazten ari dira nazioarteko GKE gobernuz kanpoko erakundeak eta tokiko komunikabideak. Osasun sistema geratzeko zorian dago, eta medikuek Al-Jazeerari esan diote Khartum inguruko ospitaleetako egoera «oso larria» dela: «Langile gutxi ditugu. Laguntza behar dugu».

Mahjoub Salah, 28 urteko medikua, borroka gogorren lekuko izan zen joan den hilean; Ekialde Hurbileko hedabideari azaldu dionez, begien aurrean ikusi zuen haren bizilagun bati nola egin zioten tiro; sabelean jaso zuen. Salah eta haren familia Sudandik irteteko ahalegin berezia egiten ari dira. «Pasaporteak noiz emango dizkiguten zain gaude oraindik, baina ez dakigu zenbat denbora beharko duten». Port Sudandik Saudi Arabiara joan asmo dute.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azken datuen arabera, 604 lagun hil eta 5.127 zauritu dituzte hiru asteotan, batez ere Khartumen, horren inguruan eta herrialdearen mendebaldean dagoen Darfurren. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, gutxienez 114.000 herritarrek pasatu dute muga inguruko zazpi herrialdeetara ihes egiteko; UNHCRk espero du kopuru hori 860.000ra igoko dela asteotan. Horrez gain, jada 700.000 barne desplazatu eragin ditu gerrak, eta erakundeak ohartarazia du giza hondamendi bat gertatuko dela borrokak ez badituzte eteten.

Ikusi gehiago: Sudango gerra, milaka lagun ihesean

Hain justu, MEP Munduko Elikadura Programak berriki salatu du iragan asteburuan arpilatzeak egon zirela erakundeak Khartumen dituen bulego eta biltegietan. MEPeko eledun Farhan Haqren esanetan, orotara 17.000 tona elikagai «galdu» dituzte armadaren eta paramilitarren arteko borrokak hasi zirenetik. Bide horretan, NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek gatazkako bi aldeei gogorarazi die «errespeta eta babes» ditzatela langile humanitarioen eta erakundeen instalazioak, baita zibilenak ere.

Washingtonek eta Rigak bultzatutako ekinbidea Khartumgo zenbait eremu gudu zelai bihurtu dituzten borrokaldiei amaiera emateko lehen saiakera serioa izan da; izan ere, azken urteetako istiluen ondoren gobernu zibila ezartzeko nazioartean babestutako egitasmoa oztopatu dute, eta krisi humanitarioa eragin. Saudi Arabiako Atzerri Ministerioak atzo adierazi zuenez, «atariko» elkarrizketak «luze gabeko su eten eraginkorra» lortzea du xede, «laguntza humanitarioa errazteko».

Turkiaren prestasuna

AEBetako Estatu Departamentuak uste du aldeek zibilen auzia ere eztabaidatu dutela, «akordio iraunkorrago» bati buruzko elkarrizketek «urrun» diruditen arren. Bada, hain zuzen, Al-Burhan armadako buruaren mandatari Dafallah Alhajek hau esan zuen atzo, Hego Sudanen: «Oraintxe bertan, ez gaude prest [Dagalo] Hemedti jeneralarekin negoziatzeko».

Bestalde, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek Al-Burhani jakinarazi dio Ankara prest dagoela bitartekari lana egiteko, gatazkari irtenbide bat emateko asmoz. Erdogan «kezkatuta» azaldu da borroken ondorioz hildakoen eta zaurituen kopuruak gora egin duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.