RSF Azkar Laguntzeko Indarrak Sudango talde paramilitarrak beste hirurehun zibil hil ditu Ipar Kordofan estatuan, herrialdearen mendebaldean. Hala jakinarazi zuen giza eskubideen aldeko Sudango abokatu talde batek atzo gauean. Ohar batean nabarmendu dutenez, paramilitarrek hainbat herrixkari eraso zieten larunbatean eta igandean, eta biktimak tiroz hil ziren, edo erreta, etxean bortxaz giltzapetu baitzituzten batzuk, eta ondoren su eman zieten etxeei.
Apirilaren erdialdean bete ziren bi urte Sudanen gerra hasi zenetik, eta armadak kontrolpean ditu herrialdearen erdialdearen parterik handiena, baita ekialdea ere; mendebaldea, berriz, paramilitarren kontrolpean dago, Ipar Kordofan eta Darfur barne. Hain zuzen, mendebaldean paramilitarren eta armadaren arteko borrokak gogortu egin dira azken asteetan.
Giza eskubideen aldeko taldeek gizadiaren aurkako krimenak egitea egozten diete RSFkoei. Herrialdeko zenbait eremuren kontrola hartzeko orduan, indarra erabili dute. Paramilitarren liderrak esan du justiziaren aurrera eramango dituela ekintza horren egileak.
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, «munduko krisi humanitariorik handiena» dute Sudanen. Iturri horrek dioenez, 40.000 pertsona hil dituzte gerran, eta hamahiru milioi pertsonak desplazatu behar izan dute.