«Gure erantzukizuna kontuan hartuta eta nazioartetik egin diren bake ekimenei erantzunez —bereziki Donald Trump AEBetako presidenteak bultzatu dituenak—, hiru hilabeteko tregoa humanitario bat iragartzen dugu». Hori iragarri du Mohamed Hamdan Dagalok —ezizenez Hemedti—, Sudango RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarraren liderrak. Gehitu du meniaren helburua «herritarren segurtasuna sendotzea, laguntzari sarbidea erraztea eta jendeari itxaropen izpi bat ematea» dela.
Apiril erdialdean bete ziren bi urte Sudanen gerra hasi zenetik. Herrialdea zatituta dago: Sudango armadak ditu kontrolpean herrialdearen erdialdearen gehiena eta ekialdea, eta mendebaldea paramilitarren kontrolpean dago. Bi horien artekoa da gerra. Erregistratutako datuen arabera, 50.000 pertsona inguru hil dira azken bi urte eta erdian, baina, zenbat adituren proiekzioen arabera, hildakoak 150.000 baino gehiago izan dira. Gainera, 2023ko apirilaren 15etik, 13 milioi pertsonak egin behar izan dute alde etxetik, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera.
Dagalok baieztatu du irailean lau herrialdek egindako su eten proposamenari erantzuten diola RSFren menia iragarpenak. Zehazki AEBek, Egiptok, Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek egin zieten proposamena Sudango bi indarrei, «elkarrizketak abiatzeko eta irtenbide negoziatu bati ekiteko». Baina Abdelfatah al-Burhan Sudango armadako buruzagiak baztertu egin du gaur proposamen hori. AEBen bitartekaritza «partziala» dela kritikatu du, argudiatuta Arabiar Emirerri Batuen izenean hitz egiten duela —armadaren arabera, herrialde horrek RSF finantzatzen du—. Armadak proposamena baztertu duela jakin eta ordu gutxira iritsi da paramilitarraren menia onarpena.
Sudango Gobernuak «maniobra politiko» gisa ulertu du paramilitarren mugimendua. Khaled Ali Sudango Informazio ministroak X sare sozialean idatzi du iragarpen hori ez datorrela bat errealitatearekin, eta Al-Faxer hirian egin dituzten «ankerkerien» ostean indar paramilitarren «aurpegia garbitzeko» saiakera bat dela. RSFri egotzi dio aurretik ere «meniak aprobetxatu» izana berrarmatzeko. «Hilketak, setioak eta bortxaketak egiten dituztenek ezin dute bakea bilatu eta ezin dute balio humanitarioan sinetsi», adierazi du. Aldi berean, Al-Burhanek esan du prest daudela AEBen eta Saudi Arabiaren irtenbideak entzuteko.