Suediako estrategiaren egileak «gehiago egin» zitekeela onartu du azkenean

Herrialdean ez zuten konfinamendu orokorrik ezarri, eta inguruko estatuetan baino askoz jende gehiago hil da proportzioan.

Anders Tegnell Suediako epidemiologia burua, gaur Stockholmen eginiko agerraldi batean. ANDERS WIKLUND / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 3a
16:27
Entzun

Suedia mundu osoaren begiradapean egon da azken hilabeteetan, haize kontra joan delako COVID-19 izurritean. Inguruko estatuek ez bezala, hango gobernuak erabaki zuen neurri zorrotzik ez ezartzea. 16 urtetik gorakoen eskolak itxi zituen, eta 50 pertsona baino gehiagoko bilkurak debekatu. Baina ez zien herritarrei agindu ez bidatzeko edo etxean geratzeko, bakarrik adinekoei eta gaixoei eskatu zien —ez agindu—. Suediako herritarren diziplinaz fidatu zen, eta jatetxeak, dendak, tabernak eta gimnasioak zabalik egon dira.

Anders Tegnell epidemiologoa da estrategia horren egilea, eta, gaur, Suediako irrati publikoan, onartu du gobernuak hobeto egin zitzakeela gauzak. «Bistan da egin dugunak baduela zertan hobetu». Tegnellek berak hainbatetan kritikatu ditu azken hilabeteotan herrialde gehienek ezarri dituzten neurri zorrotzak. Baina gaur atzera egin du, hein batean. Suedian jende gehiegi ez ote den hil galdetu diote. «Bai, zalantzarik gabe», erantzun du. Halako heriotza tasa handia «eragozteko moduren bat ote zegoen» aztertu beharko du herrialdeak.

Suedian 4.542 pertsona hil ditu gaitzak, lerrook idazteko orduan, eta 40.000 kasu baieztatu dituzte.

Danimarkan, berriz, 580 lagun hil ditu birusak. Finlandian, 320 hildako zenbatu dituzte, eta Norvegian, 237. Beraz, Suedian 4,8 hil dira milioi biztanleko. Danimarkan, berriz, 0,4 da ratioa; Norvegian, 0,1 baino txikiagoa; eta Finlandian, 0,2. Suediako heriotza tasa Danimarkakoa halako lau da; beraz, Finlandiakoa halako zortzi, eta Norvegiakoa halako bederatzi.

«Gaitz berari berriz aurre egin beharko bagenio, orain dakiguna jakinda, uste dut Suediak eginikoaren eta munduaren gainerako herrialdeek egin dutenaren tarteko zerbait egitea erabakiko genukeela», esan du Tegnellek. Edonola ere, ondoren egunkari bati emaniko elkarrizketan, bere estrategia funtsean «funtzionatu» egin duela adierazi du.

Ikerketa

Stockholmek aste honetan iragarri du batzorde bat eratuko duela hartutako estrategia aztertzeko, oposizioak eskatuta.

Tegnellen aurretik, Annike Linde izan zen Suediako epidemiologia burua, eta, joan den astean esan zuenez, herrialdeak ez zuen «inongo estrategiarik ezarri adinekoentzat». Prestakuntza «penagarria» izan dela gaineratu zuen, eta gauzak bestela egin zitezkeela: konfinamendua ezarri ahalik eta azkarrena, zahar etxeak hobeto babestu, eta test ugari egin.

Suediako lehen ministro Stefan Lofvenek adierazi du estrategia zuzena zela, baina ez zituztela behar bezala babestu zahar etxeak. Adinekoen egoitzetan gertatu dira Suediako heriotzaren erdiak. «Zahar etxeak ez dira gauza izan gaitza kanpoan uzteko», esan du, ordea, Tegnellek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.