Eskuin muturra Europan ere geroz eta leku handiagoa hartzen ari den honetan, Suediako zentro-ezkerra, bloke gisa, ultrak gobernatzeko aukerarik gabe uzteko moduan da. Hauteskunde orokorrak egingo dituzte bihar, eta, inkestek aurreikusitakoa betetzen baldin bada, Magdalena Andersson sozialdemokrata izango da lehen ministroa, baldin eta blokeko alderdiak gutxieneko batzuen bueltan ados jartzea lortzen badu.
Duela bi aste, abuztu amaieran, azken lau urteotan oposizioan egondako blokeak hamar puntuko aldea ateratzen zion eskuinekoen blokeari. Alde hori txikituz joan da azken egunetan, baina inkestek erakusten dute zentro-ezkerra nagusituko dela betiere. Sozialdemokratek, Ezkerrak, Zentroko Alderdiak eta Berdeek botoen %50 pasatxo lortuko lituzkete; ultrek, kontserbadoreek, liberalek eta demokristauek, berriz, %47 inguru. Inkesten arabera, sozialdemokratek bilduko dituzte boto gehien (%28), eta eskuin muturra izango da boto gehien lortuko duen bigarren indarra (%20).
Hori bai, Anderssonek lanak izango ditu zentro-ezkerreko blokeko bazkideak konbentzitzeko. Zentroko Alderdiak esan du ez lukeela babestuko Ezkerreko kideak lituzkeen gobernurik, eta, gainera, demokristauak ere nahiko lituzkeela balizko gobernu batean —demokristauek adierazi dute, baina, ez dutela sozialdemokratak buru dituen gobernurik babestuko—. Eta Ezkerrak nabarmendu du oraingoan ez dela konformatuko kanpotik babesa emate hutsarekin.
Agendari berari dagokionez ere, aldeak esanguratsuak dira. Anderssonek agindu du gastu publikoa handituko duela —lehen ministro izan zen 2021eko azarotik 2022ko urrira—; Ezkerrak beste apustu bat du buruan: bankuei eta errenta altuak dituztenei zergak handitzea, diru hori osasungintzan eta hezkuntzan inbertitzeko. Zentroko Alderdiak ez du halakorik nahi.
Horiek horrela, Anderssonek kanpainan esan du hauteskundeetan jokoan dagoena zera dela, Suediak zer-nolako herrialdea izan beharko lukeen: «Suedia bat, zeinetan jendeak lana duen eta gure ongizate estatuaren eredua hobetu dezakegun, edo herrialde zeharo diferente bat, SD Suediako Demokratak [ultrak] buru lituzkeen gobernu baten mendekoa», azpimarratu zuen mitin batean.
%10Zenbatek ez duten erabaki oraindik botoa nori eman, ehunekotan. Zortzi milioi suediar inguruk dute botoa emateko eskubidea, eta, Suediako irrati kate nazionalak asteon azpimarratu duenez, botoa nori eman erabaki ez dutenen portzentajea %10ekoa da. Horiek beraiek balantza alde batera edo bestera desorekatu dezakete. Parte hartzea %84koa izan zen 2022an, eta %87koa 2018an.
Izan ere, eskuin muturreko alderdi horrek esana dauka eskuinen blokeak irabaziz gero ez dela konformatuko, azken lau urteetan egin bezala, kanpotik babesa emate hutsarekin, eta gobernuko kide bihurtu nahi dutela. Hori kontuan hartuta, Ulf Kristerssonek —kontserbadoreen liderra eta jarduneko lehen ministroa— zin egin die ministerioren bat gidatuko dutela.
Immigraziokoa eskuratu nahiko luke Jimmie Akesson buru duen alderdiak. Ultren immigrazio programa asumitu dute kontserbadoreek —sozialdemokratek ere migrazio politika gogortzearen aldeko proposamenak onartu dituzte azken legegintzaldian, eta Suedia da Europako Batasunean migrazio politikarik hertsienetakoa duen herrialdea—, haien babesa edukitzearen truke. Ekainean, adibidez, Parlamentuak lege bat onartu zuen, «jarrera desegokia» dutenei bizileku baimena ukatzeko edo kentzeko, atzerako eraginezko ondorio gisa; kontuan hartzen dute, esaterako, zorrak edukitzea edo beltzean lan egitea.Â
Datu hobeak
Kaleko delinkuentziari aurre egiteko baliabide gehiago edukitzea izan zen kontserbadoreek duela lau urte hauteskundeetan planteatu zuten neurrietako bat. Suedia da oraindik Europako Batasuneko estatu kideen artean suzko armaz egindako homizidioen tasarik altuena duena. Hori bai, 2022an 391 tiroketa eta 62 hildako erregistratu zituzten, eta aurten, lehen zortzi hilabeteetan, 48 eraso eta hamabi hildako.
Nolanahi ere, eskuin muturrak areago joan nahi du delinkuentziaren aurkako neurrietan. Zera planteatzen du, besteak beste, Zigor Kodea erradikalki gogortzea, estatu indarrak kalean «masiboki» hedatzea, talde armatuetako kideei herritartasuna kentzea, eta 13 urtez azpikoei zigor gogorragoak jartzea delitu larriengatik.