Iberiar penintsulako suteak itzali ezinik dabiltza oraindik, eta bi suhiltzaile hil dira

Guztira sei lagun hil dira uda honetan suteen ondorioz Espainian eta Portugalen. Oraindik ez dute lortu Gaztela eta Leongo, Galiziako, Extremadurako eta Asturiasko suteak itzaltzea, ezta Castelo Brancokoa ere.

Leongo sutea goitik ikusita. CASARES / EFE
Leongo sutea goitik ikusita. CASARES / EFE
2025eko abuztuaren 18a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako eta Portugalgo suteek ez dute etenik. Alde batetik, Espainian, Galizia, Extremadura, Asturias eta Gaztela eta Leon sutan daude asteon. Azken lurralde horretan, suhiltzaile bat hil da, eta beste bat zauritu. Hori kontuan izanda, lau pertsona hil dira uda honetan suteen ondorioz Espainian; horietatik hiru Leonen. Bestalde, Portugalen ere suhiltzaile bat hil da, eta lau zauritu; beraz, bi pertsona hil dira azken lau egunetan hango suteetan.

Ur ponpa bat zuen ibilgailu bat pendiz batetik erori eta irauli egin zen Ponferradako Yeres herrian (Gaztela eta Leon), atzo 22:30 aldera, alde egiten ari zirenean. Gidaria hil egin zen, eta haren lankidea, zaurituta, erietxera eraman zuten; Gaztela eta Leongo suhiltzaileak ziren biak.

Leonen hildako beste biak boluntarioak ziren; Nogarejas eta Quintana eta Congosjo herrien arteko sute bat itzaltzeko lanetan zebiltzan. Madrilen, bestalde, asteartean beste gizon bat hil zen, erreta.

Portugalen bi hildako izan dira, bat ostiralean eta bestea igandean. Lehena Vila Franca de Deao herrian zendu zen (Guarda). Sute hartan beste 24 pertsona ere zauritu ziren, eta 20.000 hektarea erre ziren. Bigarrena Covilhan (Castelo Branco) hil zen, eta lau lagun gehiago ere zauritu ziren. Azken sute hori oraindik ez dago kontrolpean, eta azkar zabaltzen ari da. Bero egiten du, landare ugari daude eta baliabideak falta zaizkie —tokiko gobernuaren arabera, bi egunez ez dute elikagairik jaso—. Portugalen 172.000 hektarea baino gehiago erre dira aurten, eta 2024ko datuak gainditu dituzte jada.

Espainian ere lau autonomia erkidego, gutxienez, normaltasunera itzuli ezinik dabiltza. Iparraldean, Leongo sutea Europako mendietako parke naturalera iristear dago; Galiziako eta Extremadurako suteak ere ez dituzte itzali oraindik. Leongo, Zamorako (Gaztela eta Leon), Palentziako, Cacereseko (Extremadura), Ourenseko (Galizia) eta Asturiasko errepide batzuk ere itxita daude, suteen ondorioz; guztira hamalau bide dira. Era berean, Madril eta Galizia arteko abiadura handiko trena geldirik egongo da oraingoz, eta Leonen 2.000 pertsona lekualdatu dituzte.

Orain arte, 58.500 hektarea erre dira Ourensen, baina laster kontrolpean izango dutela dirudi; hala ere, alerta gorriari eutsiko diote. Jarillan (Caceres), berriz, 11.000 hektarea erre dira asteartean tximista batek sutea piztu zuenetik, eta adituak kezkaturik daude. Haizea eta beroa ez dira lagungarri, eta bertako gobernuak adierazi du han ere baliabideak falta zaizkiela.

Ekainetik 27 pertsona atxilotu dituzte Espainian, suteak pizteagatik.

Frantzian, Turkian eta Balkanetako penintsulan ere hanbat sute piztu dira, bero sapen ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.