Sumendi bat piztu da Islandian, Grindavik herritik gertu

Islandiako Gobernuak larrialdi egoera ezarri du, eta inguruan bizi diren 4.000 herritar ebakuatu dituzte.

Islandiako sumendia
Grindavik hiriaren ipar-ekialdean piztutako sumendia. ISLANDIAKO DEFENTSA ZIBILA / EFE
Ion Orzaiz.
2023ko abenduaren 19a
09:00
Entzun

Atzo hasi zen, 22:17an. Sumendi bat sortu zen Islandian, Grindavik herritik gertu, Reykjanesko penintsulan. Fréttabladid egunkariak jakinarazi duenez, laba emaria handia da —segundoko 100-200 metro kubikokoa—, eta kalte materialak eragin ditu azken orduetan. Inguruan bizi diren 4.000 herritarrak ebakuatzeko agindua emana zuen Islandiako Gobernuak.

Larrialdi zerbitzuek espero zuten ezbeharra. Sumendia piztu aurreko orduetan, ekaitz sismikoa nabaritu zuten Sundhnjuka sumendiko kraterraren ingurumarietan: Islandiako Meteorologia Bulegoak milatik gora lurrikara erregistratu zituen 24 orduan. Hori dela eta, larrialdi egoera aktibatzea erabaki zuen gobernuak. Hala ere, laba ez da Sundhnjukaren kraterretik atera, Grindavik hiritik 40 bat kilometrora baizik. Zehazki, 3,5 kilometro luzeko arrakala bat ireki da itsasertzean, eta hortik ari da laba bidea egiten. Azken urteetan Reykjanesko penintsulan izandako gainerako eztanda bolkanikoek baino laba emari handiagoa du oraingoak.

Sumendi bat piztu da Islandian

Islandiako presidente Gudni Johannessonek ere eman du ezbeharraren berri, sare sozialetan: «Sumendi bat piztu da Grindavik hirian, zeina ebakuatuta zegoen jada. Gure lehentasuna da bizitzak eta azpiegiturak babestea. Sumendiaren eragineko eremua itxi egin dute Defentsa Zibileko zerbitzuek. Zain gara orain, naturaren indarrek zer ekarriko. Prest gaude, etorriko denerako». Herrialdeko Atzerri ministro Bjarni Benediktssonek esan du oraingoz ez dutela bertan behera utzi hegaldi bakar bat ere, eta nazioarteko hegazkin trafikoa zabalik dela.

Aldizkako ebakuazioa

Azken egunetan, herritik alde egitera behartu dituzte Grindavikeko herritarrak. Reykjanesko penintsulan eztanda bolkaniko ugari pairatu dituzte azken urteetan, eta egunotako lurrikaren ostean, herria ebakuatzea erabaki zuen gobernuak. Aldizkako ebakuazioa izan da orain arte: herriko biztanleek aukera zuten etxera itzultzeko egunero 07:00etatik 21:00etara, eta negozio batzuk hasiak ziren atzera ere ateak irekitzen. Hala ere, debekatuta zuten 21:00etatik aurrera herrian egotea. Herritar gehienek espero zuten larrialdi egoera bertan behera utzi eta murrizketak arinduko zituztela Eguberrietarako, baina egoera konplikatu egin du sumendi berriaren eztandak.

Izan ere, Islandiako Meteorologia Bulegoaren arabera, lurrikarak hegoaldera ari dira desplazatzen orain, eta labak hego-mendebalderako bidea hartu du. Horrek arriskua areagotu lezake Grindavik herrian, krater edo arrakala gehiago sor bailitezke ingurumarietan.

Islandian 33 sumendi aktibo daude gaur egun, eta Europan sumendi gehien duen herrialdea da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.