Japonian hauteskunde orokorrak egingo dituzte bihar: aurreratu egin dituzte, orain dela urtebete eta hilabete batzuk egin baitzituzten aurrekoak. Shigeru Ishiba lehen ministroak karguan jarraitu zuen. Baina boz horietan LDP Alderdi Liberal Demokratikoak indarra galdu zuen, eta hilabete batzuk geroago, 2025eko uztailean, Senatuan ere gehiengoa galdu zuen. Ishibak dimisioa eman zuen urrian, eta Sanae Takaichi alderdikideak ordezkatu. Hiru hilabete baino gutxiago daramatza agintean, eta bozetara deitzeko erabakia ez du hartu krisi parlamentario baten atarian daudelako edo blokeo instituzional ageriko bat dagoelako: legitimazio politikoa lortzeko propio pentsatutako estrategia bat da. Boterea oso zentralizatua dago lehen ministroaren inguruan, eta, boz aurreratuetara begira, galdeketen emaitzek diote LDP Alderdi Liberal Demokratikoak irabaziko duela, alde handiz; beraz, horrek erakusten du hauteskundeen bitartez indarra eman nahi diotela aldaketa politikoari; bestela, erresistentzia handiagoei aurre egin beharko liekete-eta luze gabe.
Hauteskundeetarako kalkuluak alde batera utzita, bozak aurreratzeak beste zerbaitetarako ere balio du: Japoniako bertako eta nazioarteko segurtasunari buruzko diskurtsoa muturreraino eraman duen agenda txertatu eta normalizatzeko. Aste gutxi batzuetan, gobernuak gogortu egin ditu bere erretorika eta immigrazio politikak; luzaroan tabutzat jotako eztabaida batzuei heldu die berriz, hala nola armamentu nuklearra eskuratzeko aukerari; eta tonua zakartu du Txinarekin duen harremanari dagokionez, baita herrialde hori mehatxu estrategiko nagusitzat jo ere. Ikuspuntu horiek ez datoz bat hamarkadaz hamarkada landutako kontsentsuekin, eta hauteskundeek aukera ematen dute berretsiak izan daitezen, haien ondorio politiko, sozial eta diplomatikoak begien bistan geratu baino lehen.
Aldi berean, gobernuak neurri batzuk hartu ditu, berehala eragina izan dutenak, biztanle askoren ondoez ekonomikoa arintzeko eta hauteskunde aurreko giroa biziagotzeko. Neurri hauek dira azpimarragarrienak: gasolina aldi baterako merkatzea, laguntza zuzenen bitartez; Japoniako pasaportea eta japoniarrentzako beste tramite administratibo batzuk asko merkatzea; eta kontsumo zerga txikitzeko aukerari buruzko eztabaida abiatzea, gaur egun %10ekoa baita. Neurri horiek bizimoduaren garestitzeari aurre egiteko erantzun tekniko gisa aurkeztu dituzte, baina badute ezaugarri komun bat: balio sinboliko handia dute, eta boto emaile japoniarrei zuzenean eragingo diete garai ezin egokiagoan.
Japoniako biztanleentzako politika aringarri horien ifrentzuan, gobernuak gogortu egin du immigrazioaren inguruko jarrera, era selektiboan. Azken hilabeteetan, iragarri dute berrikusi egingo dutela bisen prezioa, exijentzia administratibo handiagoak ezarriko dituztela, eta zorroztu egingo dituztela atzerritarrek zerbitzu jakin batzuk erabiltzeko kontrolak. Gobernuak dioenez, neurri horiek sistemaren iraupena bermatzeko egokitzapen teknikoak dira, baina, modu parekatuan aplikatu ez direnez eta bozen aurretik ezarri dituztenez, zenbait enpresa, unibertsitate eta tokiko gobernuk kezka azaldu dute; izan ere, atzerriko langileen eta talentuaren gero eta mendekoagoak dira, eta gero eta gehiago behar dituzte beren ekonomiari eusteko.
Aldaketa diskurtsoan
Neurriak zorrozteaz gainera, diskurtso politikoa ere nabarmen aldatu dute. Kabineteko eta Alderdi Liberal Demokratikoko zenbait kide garrantzitsu hasiak dira immigrazioa arazo gisa aurkezten ordenari, sistemaz abusatzearekin eta kohesio soziala galtzearekin lotuta, eta, hala, integrazioa alde batera utzita, zelatatzeari eman diote lehentasuna. Nahiz eta ez dagoen datu borobilik haiek esandakoei eusteko, atzerritarraren figura baliabide erretoriko erabilgarri bihurtu dute barneko segurtasunik eza bideratzeko eta identitatearen inguruko kontakizuna indartzeko; hartara, debate publikoa sinplifikatu nahi dute, bozetarako egun gutxi falta diren honetan.
Horri guztiari beste zerbait ere gehitu behar zaio, gerraosteko Japoniako taburik handienetako bati heldu baitiote berriz: arma nuklearrak edukitzeari buruzko eztabaidari. Gobernuak nahiago du proposamen espliziturik ez egin, baina Takaichiren inguruko agintari batzuek legitimotzat jo dute jendaurrean eztabaida, eta eskualdeetako segurtasuna okertu izanarekin lotu dute. Lehen, ezin zen pentsatu ere egin horretaz eztabaidatzea; orain, berriz, eztabaidagai bilakatu da, eta hori aldaketa kualitatibo handia da: urratu egiten du Hiroshima eta Nagasakiko gertakarien ondorengo adostasun historikoa, eta berriz zehazten Japoniako gaur egungo politikan onargarria den horren muga.

Era berean, Txinarekiko harremanari ere heldu diote kanpainan, eta kanpotik presio egiten duen elementutzat hartu dute. Maiz esaten dute Pekin arriskutsua dela arlo estrategikorako, eta, hala, segurtasun falta dagoen ustea indartzen dute, eta justifikatu egiten dute bide militarra hartzea eta hauteskundeen bidez irmotasun nazionala legitimatzen saiatzea, nahiz eta horren ondorioz tentsio diplomatikoa handitu den Japoniaren eta haren bazkide komertzial nagusiaren artean.
Hauteskunde egutegia alde batera utzita, bozak aurreratu izanak estrategia bat uzten du agerian: bozak erabiltzea, ez eztabaida demokratikoa zabaltzeko, baizik eta jendea gotortzeko beldurrean eta gatazkaren sinplifikazioan oinarritutako proiektu politiko baten inguruan. Laguntza ekonomiko koiunturalak emateak, identitarismoa gogortzeak eta adostasun historikoak baztertzeak erakusten du Japoniako sistema politikoa aldatzen ari dela isilean, eta arriskua dagoela legitimotasun formala gailentzeko, gogoeta pluralaren eta ardura demokratikoaren gainetik.