Bruselak argitaratutako proposamen zerrendari erreakzio olde bat etorri zaio gainera, hainbat erakunde ekologista ez baitira ados agertu Europako Batzordearen erranekin. Oro har, Batzordea zalantzan jarri dute gehienek, eta adierazi prozesua gibeleratzen bertzerik ez dela ari. Hala, beren interesen alde jokatzen dutela aurpegiratuta, EB Europako Batasuna «arriskuan» jartzen ari dela salatu dute.
Proposamena argitaratu eta berehala mintzatu dira Market Watch taldeko ordezkariak, elkartearen webgunean. Sabine Frank zuzendari exekutiboaren hitzetan, klima krisia bizitzak eta bizimoduak suntsitzen ari da, eta europarrak «bero bolada larri» batean diren bitartean ari dira horren aurkako lanean. «EB, berriz, borondate politikorik ez duten gobernuetara egokitzen saiatzen ari da, aitzineko konpromisoak eta etorkizuneko erronkak betearazteko modua aurkitu beharrean». Zera aurpegiratu die proposamenaren egileei: «Hau ez da lidergo klimatikoa izatea».
Sam Van den Plas elkarte bereko politika zuzendariak ere antzeko gogoeta egin du; hark salatu duenez, Europako Batzordeak «lan gutxiago egiteko» erabakia hartu du, eta herritarrei, berriz, «gehiago egin dezaten» eskatzen ari dira. «Zerrenda hori atzerapena baino ez da Europarentzat; EBko arduradun politikoek beren lehentasunak argitu beharko lituzkete». Proposamena ere egin die Batzordeko kideei: jar dezatela arreta isurien «benetako murrizketetan».
«Ez dago frogarik konpentsazioek benetan nahi bezala funtzionatzen ote duten errateko, eta EBko klima araudia ahul dagoela islatzen du. Kezkagarria da arazoa, eta EB are gehiago larritzen ari da»
FEDERICO TERRENIT&E talde ekologistako ordezkaria
Agerraldi gazi-gozoa egin du Federico Terreni T&E Transport Enviroment taldeko politika klimatikoko arduradunak. Izan ere, azaldu du emisioak %90 murrizteko helburu horrek teknologia berdeetan inbertitzeko ziurtasuna emanen diela EBko automobil fabrikatzaileei, aire konpainiei, ontzi konpainiei eta erregai ekoizleei. Baina, kontrara, nabarmendu du helburu klimatikoak betetzeko konpentsazioak ahalbidetzea «helburuei behar bezala ez heltzea» dela, eta Europako Itun Berdea «arriskuan» jar lezakeela. «Ez dago frogarik konpentsazioek benetan nahi bezala funtzionatzen ote duten errateko, eta EBko klima araudia ahul dagoela islatzen du. Kezkagarria da arazoa, eta EB are gehiago larritzen ari da». Terrenik ere, aitzinekoek bezala, zalantzan jarri ditu EBren lidergoa eta sinesgarritasuna.
Greenpeacek ere haserrea erakusteko baliatu du aukera: «Europako Batzordeak kontabilitate engainagarrira garamatza, baita paradisu fiskaletan karbonoa zuritzera ere», salatu du Thomas Gelin Greenpeaceko ordezkariak EBren aitzinean. Gainera, «kutsatzaile historiko» deitu dio Batzordeari, eta aurpegiratu dio hari dagokiola kutsadura murrizteko ardura. «Aldaketak zailagoak eginen ditu Europarentzat, gehiago gibeleratuko baitu prozesua».
Batzordearen erantzuna
Dena dela, Europako Batzordea ez da isilik geratu kritikak entzunda, eta bere erabakiak defendatzen ahalegindu da. Europako Batzordeko presidenteorde eta Trantsizio Garbi, Justu eta Lehiakorrerako komisario Teresa Riberak azaldu du erakundea bera «pragmatikoa» eta «umila» izaten ari dela, eta sortu dutena «segurtasun sare bat» baino ez dela.
Malgutasunei eta konpentsazioei dagokienez, argitu du «benetan sistema hobetzeko» neurriak direla, eta «nahita hartutako erabakia» izan dela. Hortaz, «modu egiaztagarrian, ziurtagarrian eta gehigarrian» arituko direla. «Karbono kredituekin ez dadila murriztu emisioen murrizketen anbizioa».