Ekialde Hurbila / Arafaten ondorena

Talde politikoekin harremanak hasiko ditu Abbasek, atzo tiroketa batetik onik irten ostean

Mahmoud Abbas PAE Palestinako Askapen Erakundeko presidente eta palestinarren lehendakaritarako Al Fataren hautagai izan daitekeenak elkarrizketak hasiko ditu gaur palestinarren talde politikoekin Arafaten ondorengo trantsizioa modu baketsuan egiteko hitzarmen bila. Nolanahi ere, Abbasek ez du egiteko erraza. Horren adierazgarri, atzo tiroketa batean nahastuta ikusi zuela bere burua: PAEko buruaren bi bizkartzain hil ziren, baina berak ez zuen minik hartu. Tiroketa Abbasen aurkako atentatua izan zenetz argitzeke dago.

2004ko azaroaren 15a
12:26
Entzun
Quatargo Al Jazeera telebista katearen arabera, PAEko presidentearen eta Al Fataren lehendakaritarako hautagaiaren aurkako atentatua izan zen, baina iturri palestinarren arabera, "gaizki ulertu" baten ondorioz gertatu zen tiroketa.

Jasser Arafat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente zenaren heriotzagatik herritarrek doluminak adierazteko prestatutako gune batean gertatu zen tiroketa. Abbas iritsi berria zen dolu agerpen ekitaldi horretan parte hartzeko, eta, segituan, Al Fatako talde baten eta Abbasen zaintzaz arduratzen ziren guardien arteko tiroketa hasi zen. Hain zuzen ere, Abbasen bi bizkartzain hil ziren tiroketan, bera batere minik hartu gabe atera bazen ere. Gertakariak izu handia sortu zuen, mila bat pertsona baitzeuden tiroketa gertatu zen lekuan.

Esan bezala, iturri palestinarrek gezurtatu egin dute tiroketa Abbasen kontrako atentatua izan zela, eta aitzitik, dolu adierazpen horretan jendea airera tiro egiten hasi zenean sortu zen nahasketak eragin zuela nabarmendu dute.

Beste iturri batzuen arabera, ordea, Abbasen kontrako erasoa izan zen. Iturri horien arabera, "Abu Mazen, ez" oihuka sartu zen gero tiroka hasi zen jende taldea (Abbasen gaitzizenada Abu Mazen), eta CIAren agente bat dela aldarrikatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.