Iranek hiru faseko plan bat proposatu die AEBei

Programa nuklearrari buruzko negoziazioak atzeratzeko eskatu du Teheranek; planteatutakoa aztertzen ari da Etxe Zuria. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa Vladimir Putinekin bildu da.

Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, San Petersburgon, gaur. DMITRI LOVETSKI / EFE
Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, San Petersburgon, gaur. DMITRI LOVETSKI / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2026ko apirilaren 27a
19:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBen eta Iranen arteko sokatiran Teheranena da ekimena oraintxe. Asteburuan, ikusirik AEBek ez dutela bertan behera utzi nahi ezarri dioten itsas blokeoa, erabaki zuen alferrik izango zela Islamabaden Etxe Zuriko negoziatzaileekin biltzea. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa azken egunetan joan da, ordea, bai Pakistanera, bai Omanera, bai Errusiara: gaur, San Petersburgon, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bildu da. 

Eta hartu-emanen erritmoa markatzeko ahaleginean, hiru faseko proposamen bat egin dio Teheranek Washingtoni. Iranek lehenengoan planteatzen du gerraren bukaera negoziatzea, eta bermeak jartzea Israelek eta AEBek otsailaren 28an hasi eta apirilaren 8an indarrean sartutako tregoara arteko erasoaldiaren gisakorik ez izateko etorkizunean. Akordio bat lortuz gero, bigarrenera pasatuko lirateke: Ormuzko itsasartea nola kudeatu. Eta hirugarren eta azken faserako utziko lukete programa nuklearraren auzia. Hori da, hortaz, Iranen planteamendua, berriro mahai baten bueltan Washingtonekin esertzeko. Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak gaur prentsaurreko batean esan duenez, horri buruz hitz egin du gaur Donald Trump AEBetako presidenteak bere aholkulariekin.

Fars eta Tasnim Irango berri agentziek kaleratu dute gaur Teheranen proposamena, iturri ofizialak aipatuz. Eta ordu batzuk geroago, Axios AEBetako hedabideak baieztatu du baietz, Iranek hori aurkeztu duela. Hori argitaratu du, iturri gisa baliatuz AEBetako funtzionario bat eta «hitz egindakoaren berri» duten bi pertsona. Hedabide horrek dioenez, programa nuklearrari buruzko elkarrizketak atzeratu asmo ditu Iranek, bere agintariek ez dakitelako nola heldu eta zer erantzun Washingtonen eskariei: uranioa ez aberastea eta gordeta daukaten uranio aberastua herrialdetik ateratzea.

Trump azken egunetan esaten ari da programa nuklearra dela «inporta duen bakarra». Horiek horrela, eta ikusirik Iranek bere posizioari eusten diola, epe laburrean nekez bilduko dira bi aldeak, apirilaren 11n eta 12an Pakistango hiriburuan egin bezala.

Bitartean, Iranek hari diplomatikoak mugitzen segitzen du. Araghtxi Pakistanekin mintzatu zen larunbatean, bitartekari den neurrian. «Gertatu denari buruz aritu, eta eztabaidatu dugu nola eta zer kondiziotan segitu dezakegun negoziatzen», esan du Islamabadeko bileraz Iranen diplomaziaburuak gaur San Petersburgon, kazetariekin hizketan. Omanekin, bestalde, Ormuzko pasabide estrategikoaren gaineko kontrola partekatzen dutelako batzartu da, besteak beste. «Gure bizilagun kuttunei eta munduari nabigazio segurua nola bermatu, horretan zentratu ginen», adierazi du Errusian.

38

 

AEBetako armadak zenbat ontziri galarazi dien Ormuz zeharkatzea. 

Ameriketako Estatu Batuetako armadako Agintaritza Zentralak jakinarazi duenez, 38 ontziri galarazi die Ormuzko itsasartea gurutzatzea apirilaren 13an Irango portuen blokeoa ezarri zutenetik. Armadak hiru hegazkinontzi dauzka Ekialde Hurbilean —2003tik lehenbizikoz—, baita dozena bat ontzi ere. Ormuztik 

igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren bostena inguru, eta, horiek horrela, Washingtonek Teheran estutu nahi du; gainera, AEBetako Altxorraren Departamentuaren arabera, Iranen itsaso bidezko merkataritzaren %90 igarotzen da itsasarte horretatik.

Horren harira, aintzat hartu behar da Teheranek zer eman zuen jakitera aurreko ostiralean: Ormuzko itsasarteko bidesariaren lehen ordainketak jaso dituela. Irango berri agentziek azken asteetan argitaratu dutenez, Teheranek mahai gainean ditu bidesaria kobratzeko bi modu: bata, ontzi bakoitzari bi milioi dolarreko ordainsaria kobratzea; bestea, ontzi bakoitzaren zamaren araberakoa izatea ordainketa. NIE Nazioarteko Itsas Erakundeko —NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia bat da— idazkari nagusi Arsenio Dominguezek gaur agerraldi batean nabarmendu duenez, baina, ez dago «lege oinarririk» bidesariak ezartzeko. Iranek ia guztiz blokeatuta dauka hango trafikoa, otsailaren 28tik. Hori bertan behera utzi zuen apirilaren 17an; 24 orduz ere ez, ordea, AEBek itsas blokeoa mantendu zutelako.

Bestalde, Errusiara egindako bidaiari dagokionez, «aliatu estrategikoak» direlako batzartu dira, Araghtxiren esanetan. Aitortu du «aurrerapausoak» egon direla negoziazioei dagokienez, baina AEBen «planteamendu okerrek eta gehiegizko eskakizunek» eragotzi egin dutela zerbait gehiago lortzea. Ez dio atea itxi Washingtonekin berriz aurrez aurre esertzeari, baina azken asteetan gertatutakoaren ondoren uste du «argi» geratu dela Irango sistema «egonkorra, boteretsua eta sendoa» dela. Putinek adierazi dio «ahal dutena» egingo dutela bakea lortzeko. Kremlineko buruak hari zuzena du Trumpekin.

Washingtonek eta Teheranek bi aldiz negoziatu dute azken urtean: otsail amaieran gatazka areagotu baino lehen, eta iazko ekainean Israelek Iranen kontra hasitako eta AEBek errematatutako hamabi eguneko gerra baino lehen —azken horretan, AEBen misilek instalazio nuklearrak izan zituzten helburu, eta ziurtatu zuten txikituta utzi zituztela—. Batean zein bestean, AEBen eta Israelen erasoek zapuztu egin zituzten akordio nuklearren bat lortzeko aukerak.

Trumpek bere lehen agintaldian (2017-2021) aterarazi zituen AEBak Iranen programa nuklearra mugatzeko 2015eko itunetik —Errusiak, Txinak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak ere sinatu zuten—. 2018an izan zen hori, eta, urtebete inguru geroago, Iran uranioa aberasten hasi zen berriro. Iazko ekaineko erasoaldiaren ondoren ere uranioa aberasteko eskubidea zuela berretsi zuen Ekialde Hurbileko herrialde horrek —helburu zibiletarako betiere; esana du ez duela arma nuklearrik egin—, eta nazioarteak zigor ekonomikoak berrezarri zizkion.

Libanoko su etena, «lehen urratsa»

Libanoko su etena urratzen jarraitzen dute Israelek eta Hezbollah milizia xiitak, berez Tel Aviven eta Beiruten arteko negoziazioak —edo, hobeto esanda, horiek prestatzeko bilerak— abian dauden honetan. Joseph Aoun Libanoko presidenteak esan du apirilaren 16an ezarritako su etena negoziazioak hasteko «lehen urratsa» dela, eta «estimatzekoak» direla AEBen ahaleginak; izan ere, Israelen eta Libanoren ordezkariak birritan bildu dira Washingtonen. Maiatzaren erdialdera arte irautekoa da tregoa.

Nair Qassem Hezbollahko buruak «erabat» baztertu ditu gaur elkarrizketok, eta nabarmendu du «erresistentzia defentsiboa» egiten jarraituko duela Israelen erasoen aurrean. Al-Manar telebista katean irakurritako ohar baten bidez, Qassemek milizia xiitaren baldintzak ezarri ditu zuzeneko negoziazioei ekiteko: Israelek erasoak etetea, armada herrialdearen hegoaldean okupatutako eremuetatik erretiratzea, presoak askatzea, gatazkagatik desplazatutakoak itzultzea eta berreraikitzea. Dena den, aintzat hartu du su etena: «Ez zatekeen posible izango Irango islamiar errepublikak Islamabaden egindako esku hartzerik gabe, ezta libanoarren erresistentziarik gabe ere». Hezbollah Iranen babespeko milizia bat da, eta hori utzi du agerian Aoun presidenteak: «Egiten ari garena ez da traizioa. Atzerriko interesek bultzatuta gure herrialdea gerrara daramatenek egiten dute traizioa».

Israelgo armadak gutxienez bi lagun hil ditu gaur Libano hegoaldean —eta gatazka areagotu zenetik 2.500 inguru gehiago dira hildakoak—. Are, armadak iragarri du erasoak egingo dituela Libano ekialdeko Bekaa haranean, Hezbollahren azpiegituren kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA