Irango Guardia Iraultzailea «erakunde terrorista» izendatu du EBk

Teheranek «hatza katuan» duela dio, AEBen eraso militar bati erantzuteko. Elkarrizketari ere bide eman dio Iranek, betiere «nazioarteko arauetan eta errespetuan» oinarritzen bada.

Irango Guardia Iraultzailea «erakunde terrorista» izendatu zezatela eskatzeko protesta bat, gaur, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Irango Guardia Iraultzailea «erakunde terrorista» izendatu dezatela eskatzeko protesta bat, gaur, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urtarrilaren 29a
14:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ados jarri dira EB Europako Batasuneko Atzerri ministroak, eta Irango Guardia Iraultzailea «erakunde terrorista» izendatu dute. Hori jakinarazi du gaur arratsaldean Kaja Kallas EBko diplomaziaburuak; prentsaurreko batean, agerian utzi du protestarien kontrako indarkeriak «giza kostu latza» eragin duela herrialde horretan. Zera erantsi du sare sozialetan idatzitako mezu batean: «Milaka herritar hiltzen dituen erregimen oro bere burua suntsitzen ari da». Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen ustez, «aspaldi» hartu beharreko erabakia zen gaurkoa: «'Terrorista' esaten zaio bere herritarrak odolez zapaltzen dituen erregimenari», esan du sare sozialetan.

Irango armadak gogor salatu du EBren erabakia, eta argudiatu du «zentzugabea, arduragabea eta maltzurra» dela: «EBk baldintzarik gabe obeditzen die AEBen eta Israelgo erregimen sionistaren politika hegemonikoei eta ankerrei», adierazi du ohar batean. Halaber, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak esan du «akats estrategiko larria» egin duela Bruselak, eta horrek Iranekiko «haserre selektiboa» utzi duela agerian: «Ezer gutxi egin dute Israelen Gazako genozidioari erantzuteko, baina agudo mugitu dira 'giza eskubideak defendatzeko' Iranen», idatzi du sare sozialetan. Israelek, berriz, begi onez ikusi du erabakia. Ohar batean, Gideon Saar Atzerri ministroak adierazi du erabakia «garrantzitsua eta historikoa» dela: «Erregimen hiltzaile eta zapaltzaile bati emandako kolpe gogorra da».

Bruselan egin dute bilera herrialdeetako Atzerri ministroek, eta Irani zigor gehiago ezartzea ere onartu dute. Haien arabera, bi arrazoirengatik: lehenik, gobernuaren aurkako protestetan manifestariek jasandako errepresioarengatik, eta bigarrenik, herrialdeak Ukrainako gerran Errusiari ematen dion babesarengatik. Hala ere, Kallasek adierazi du espero duela EBk hartutako neurriek ez oztopatzea gatazkaren irtenbide diplomatikoa.

Bi irtenbide izan ditzake Iranen eta AEBen arteko gatazkak: eraso militarra edo bide diplomatikoa. Ez dute bat lehenetsi; bi aukerak dituzte mahai gainean. Araghtxiren arabera, Irango indarrek «hatza katuan» dute, edozein erasori «berehala eta indarrez» erantzuteko. Bide beretik, honako adierazpenak egin zituen atzo Ali Xamkhani Irango lider gorenaren aholkulariak, X sare sozialean: «AEBek ekintza militar bat egiten badute, Iranek eraso egingo die AEBei, Israeli, eta erasoa babestu duten herrialdeei». Horri lotuta, Arabiar Emirerri Batuek eta Saudi Arabiak adierazi dute ez dutela Iranen aurkako erasorik babestuko, eta ez diotela utziko AEBen armadari beren lur, aire eta itsas eremuetatik Irani erasotzen.

AEBen mehatxu militarrak tentsioa nabarmen areagotu du Ekialde Hurbilean. Izan ere, USS Abraham Lincoln hegazkinontzia Arabiako itsasoan dago astelehen gauetik. Gainera, atzo goizaldean jakinarazi zuen Donald Trump AEBetako presidenteak armadaren beste ontzi bat ere bidaliko zuela hara. Reuters berri agentziak iturri ofizialetatik jaso duenez, presidenteak oraindik ez du erabaki zer bide hartu. Hala ere, adierazi dute Trumpek aukeren artean duela segurtasun indarren eta Irango liderren aurkako eraso selektiboak egitea, gobernua aldatzea helburu duten protestak hauspotzeko.

Mehatxu militarra dela eta, Iranek NBE Nazio Batuen Erakundeari eskatu dio esku hartzeko. Amir Saeid Iravani Iranen NBErako ordezkariak beste gutun bat idatzi dio Segurtasun Kontseiluari, abenduan protestak hasi zirenetik seigarrena. Eskatu dio AEBen mehatxuak «erabat gaitzesteko», eta nabarmendu du Washington NBEren Gutuna urratzen ari dela. «Betebehar horiek urratzeak ondorio larriak izan ditzake». Gehitu duenez, eraso egiten badiote, Teheranek «eskubidea du bere subiranotasuna, lurraldea eta herritarrak defendatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko». Hori dago jasoa NBEren Gutunaren 51. artikuluan.

Negoziazioak

Teheranek atzo adierazi zuenez, aukera gehiago daude gerra pizteko AEBekin negoziatzeko baino. Aitzitik, gaur Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko eledunak adierazi du Iran prest dagoela AEBekin hitz egiteko, baina «elkar errespetatzekotan»: «Elkarrizketak benetakoak badira eta nazioarteko arauetan eta elkarrekiko errespetuan oinarritzen badira, orduan bai, prest gaude. Baina presioa eta sumisioa ez dira negoziazioa».

Eta Trumpek negoziazioetarako deia egin arren, Iranen gaineko presioak eta mehatxuak bere horretan jarraitzen du. Zera adierazi zuen atzo Truth Social bere sare sozialean: «Irani agortzen ari zaio negoziatzeko denbora, eta hurrengo erasoa askozaz ere okerragoa izango da!». Axios hedabidearen arabera, gaur jaso ditu Trumpen administrazioak Saudi Arabiako eta Israelgo ordezkariak, Iranen inguruan hitz egiteko.

Urak baretze aldera, Turkiak bi herrialdeen arteko bitartekaritza lanak egingo dituela iragarri du, eta bihar dira biltzekoak Ankaran Irango eta Turkiako Atzerri ministroak: Abbas Araghtxi eta Hakan Fidan. Fidanek esan du Iranen aurkako esku sartze militar ororen aurka dagoela Turkia, «eskualdean eta nazioartean izan dezakeen eragina dela eta». Gauza bera esan du du Errusiak ere, eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak Iranen inguruan hitz egiteko bilera bat eskatu dio Arabiar Emirerri Batuetako bere homologoari. Horrez gain, Alexei Lichachev Errusiako korporazio nuklearreko buruak esan du Errusia prest dagoela langile errusiarrak Irango planta nuklearretik ateratzeko, beharrezkoa iruditzen zaienean.

Abendu amaieran hasi ziren protestak Iranen, krisi ekonomikoaren harira. Herrialdea nazioarteko ekonomia eta finantza saretik kanpo dago, bakartuta. Teheranek AEBak eta Israel jo ditu protestak hauspotzearen erantzuletzat, eta adierazi izan du herrialde horiek antolatutakoak izan direla gobernuaren aurkako hainbat protesta, «protesta terroristak». Azken hilabetean, manifestarien eta segurtasuneko langileen arteko liskarretan 3.117 pertsona hil direla dio Irango Gobernuak; HRANA Giza Eskubideen Aldeko Aktibisten Irango agentziak —AEBetan du egoitza—, berriz, gutxienez 6.126 hildako izan direla adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA