Teheranek ukatu egin du Trumpekin negoziatzen ari dela

AEBetako presidenteak egindako baieztapenak «faltsuak» direla adierazi du Iranek. AEBek hamabost puntuko plan bat prestatu dute, eta Pakistanek Iranekin partekatu duela baieztatu dute Islamabadeko iturriek.

Libanoko armadako soldadu batzuk, Israelen misil batek jotako eraikin batean. WAEL HAMZEH / EFE
Libanoko armadako soldadu batzuk, Israelen misil batek jotako eraikin batean. WAEL HAMZEH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko martxoaren 25a
09:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak atzo berretsi zuen Teheranekin negoziatzen ari dela, eta gerra «amaituta» dagoela. Bada, Teheranen erantzuna berehala iritsi da. Teheranek ohar bat kaleratu du gaur goizaldean, eta ukatu egin du Washingtonekin negoziatzen ari dela. Era berean, oharrean jakinarazi du beste eraso olde bat abiatu duela, Hezbollahri «elkartasuna» adierazteko. Al Jazeera hedabideak, berriz, Pakistango iturriak aipatuz baieztatu du Pakistanek AEBek prestatutako su-etenerako txostena Iranekin partekatu duela, eta erantzun baten zain daudela. Turkiako iturri ofizialek Reuters berri agentziari esan diotenez, haiek ere bitartekari ari dira.

«Ez deitu akordio zure porrotari. Zure promesen aroa amaitu da». Hitz horiekin egin dio ohartarazpena Khatam al-Anbiya Irango buruzagi militarrak Trumpi, Tasnim albiste agentziak argitaratutako oharrean. Al-Anbiyak argi utzi du Etxe Zuriko maizterrak atzo egindako baieztapenak «faltsuak» direla, eta ohartarazi petrolioa ez dela gerra hasi aurreko preziora jaitsiko, ez behintzat Irango estatu indarrek «eskualdearen segurtasuna» bermatu arte.

The New York Times kazetaren arabera, AEBek hamabost puntuko plan bat ondu dute Ekialde Hurbileko gerra «amaitzeko», eta Irango ordezkariei bidali zien atzo. Egunkariak funtzionarioak aipatzen ditu iturri gisa; haien esanetan, plana Pakistanen bidez bideratu dute —Pakistango Atzerri Ministerioak atzo adierazi zuen Pakistan «prest» dagoela AEBen eta Iranen arteko elkarrizketak antolatzeko—, eta, besteak beste, programa nuklearraren gaineko puntuak landu dituzte.

Trumpekin ezin jakin. Alde batetik, gerra «amaituta» dagoela esan zuen atzo, eta hamabost puntuko bake plan hori ondu. Baina, beste alde batetik, gerra ez du alde batera utzi. Izan ere, AEBetako zenbait hedabidek atzo zabaldu zuten Pentagonoak AEBetako armadako 2.000 paraxutista inguru bidali dituela Ekialde Hurbilera, Trumpek eraso egiteko «aukera berriak» izan ditzan.

Pentagonoaren erabaki horrek helburu bat dauka, The New York Times-ek dioenez: Kharg uhartean esku hartzea. Uharte hori da Iranek petrolioa esportatzeko daukan gune nagusia. Iraneko Parlamentuko presidente Mohamad Baqer Qalibafek gaur X sarean adierazi du Iran egoera hori «gertutik» jarraitzen ari dela. «Hurbiletik jarraitzen ari gara AEBek eskualdean egiten dituzten mugimendu guztiak, bereziki haien tropen hedapena», idatzi du.

21

Iranen zenbat osasun langile hil dituzten gerra hasi zenetik. Teheranek salatu du Iranen 21 osasun langile hil dituztela gerra hasi zenetik, eta AEBen eta Israelen erasoek zazpi erietxe utzi dituztela zerbitzuz kanpo. Iranek Genevan (Suitzan) daukan enbaxadoreak eman du datua, Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari Tedros Adhanomi bidalitako ohar batean. Irango Gurutze Gorriak atzo salatu zuen Israelen eta AEBen erasoek kalteak eragin dituztela arta emateko 292 gunetan. Besteak beste, erietxeetan, ospitaleetan eta laguntza humanitarioa emateko guneetan..

Bestalde, Irango Guardia Iraultzaileak gaur jakinarazi du Israelen aurkako beste eraso olde bat abiatu duela, eta adierazi jada jo dituela Israel iparraldean dauden puntu estrategiko eta instalazio militar batzuk. Oharraren arabera, operazio hori Israelen aurkako erasoaldiaren «hasiera» besterik ez da, eta Tel Aviv, Kiryat Xmona eta Bnei Brak hiriak daude helburuen artean, besteak beste. Baita AEBek eskualdean dauzkaten base militarrak eta Israelgo armadak Palestinan dauzkan tropak ere.

Israelgo estatu indarrek jakinarazi dutenez, Iranek jaurti dituen hainbat misil atzeman dituzte gauean. Bahrainek eta Saudi Arabiak ere droneak atzeman dituzte. Kuwaitek, berriz, adierazi du drone batek sute bat piztu duela herrialdeko aireportu internazionalean.

Erasoaldi hori «Libanori elkartasuna adierazteko» izan dela azpimarratu du Teheranek. Izan ere, Israelek Libano bonbardatzen segitu du azken orduetan, eta, iturri ofizialen arabera, bederatzi lagun hil ditu, eta beste berrogei zauritu. Aurrez, Israelgo armadak agindu du Beirut hiriburuko hainbat auzo eta inguruko beste zenbait herri husteko. Besteak beste, Haret Hreik, Yobeiri eta Laylaki. Israelek eta AEBek gerra abiatu zutenetik,  1.070 lagun baino gehiago hil dituzte jada Libanon, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen Libanoko giza koordinatzaile Imran Rizak asteburuan esan zuen milioi bat pertsona baino gehiago desplazatu direla Libanotik. Zehaztu zuen datu hori erregistratuta dauden pertsonei dagokiela, baina erregistratu ez diren beste asko eta asko daudela.

Israelek zenbait eraso egin ditu gaur goizean ere. Armadak jakinarazi du misilak ekoizteko bi instalazio bonbardatu dituela Teheranen. Gaineratu dutenez, han ekoizten ziren misilak irismen luzekoak dira, eta «helburuak azkar suntsitzeko» gai dira, hala lehorrean nola itsasoan.

Ormuz, «arerio ez direnentzat» irekita

Atzo bezala, gaur ere Iraken eraso egin du Israelek, airez, Iranen aldeko zenbait milizia xiita biltzen dituen erakundearen (FMP) base militar baten aurka. Gutxienez zazpi lagun hil dituzte, eta beste hamahiru zauritu, Irakeko Defentsa Ministerioak ohar batean azaldu duenez. «Ekintza kriminala da, eta arriskutsua da indarkeriak gora egitea; erantzun irmoa merezi du, eta arduradunek kontuak ematea».

Iranek NBEn daukan misioak X sarean jakinarazi duenez, Iranen «etsai» ez direnek, alegia, Iranen aurkako gerran parte hartzen ez dutuenek, edo erasoaldia babesten ez dutenek, Ormuzko itsasartean libre nabigatzeko aukera daukate, Irango agintariekin koordinatuta. Horretarako, Iranek ezarritako «segurtasun arauak» bete behar dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!