Joan zen astelehenean, George Floyd gizon beltza itota hil zuen Minneapolisko polizia zuri batek. Hilketak istilu olde handia eragin du hirian eta AEBetako beste hainbat lekutan. Protestalariek su eman diote poliziaren etxe bati. Gaur, istiluen ondorioen berri ematen ari zen CNN kateko kazetari talde oso bat atxilotu du Poliziak, zuzenekoa egiten ari zirela.
Minnesota police arrest CNN reporter and camera crew as they report from protests in Minneapolis https://t.co/oZdqBti776pic.twitter.com/3QbeTjD5ed
— CNN (@CNN) May 29, 2020
Manifestazioak egin dituzte New Yorken, Denverren, Los Angelesen eta Chicagon, besteak beste. Istiluak gertatu dira ondoren horietako hainbatetan. Donald Trump AEBetako presidenteak «matoi» deitu die manifestariei, eta Guardia Nazionala zabalduko duela ohartarazi die hiriko agintariei, «ordena» berriz ezartzeko. «Arpilaketa hasten denean, tiroketa hasten da», mezua zabaldu du Twitterren bidez, eta sare sozialak ezabatu egin dio, «indarkeria goresten» duten mezuen aurkako politikari jarraikiz. Gero berriz jarri dute ikusgai.
Atzo arratsaldean jendetza elkartu zen Minneapolisen, Floyd hil zuten polizien egoitzaren aurrean, eta su eman zioten eraikinari. Aurretik, Guardia Nazionalari deitu zion Tim Waltz Minnesotako gobernadoreak, «bake garaiko larrialdia» deklaratuta. Aurreko gauean ere, istilu handiak gertatu ziren.
Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen buru Michelle Bacheletek ere gaitzetsi du Floyden hilketa, eta beste hainbeste egin dute hainbat kirolarik eta artistak, tartean Justin Bieber, Beyonce, John Boyega eta LeBron James.
I really fucking hate racists.
— John Boyega (@JohnBoyega) May 27, 2020
Floyden heriotzak mahai gainean jarri du berriro Ameriketako Estatu Batuetako Poliziaren arrazakeria. Iragan astelehenean, iparraldeko Minneapolis hiriko Poliziak Floyd atxilotu zuen, ustez saltoki batean hogei dolarreko billete faltsu bat erabiltzeagatik.
Lurrean etzan, eskuburdinak ipini, eta polizietako batek belauna jarri zion lepoan zazpi minutuz. Asteon zabalduriko bideo batean ikusi eta entzun daitekeenez, Floydek behin baino gehiagotan esaten du ezin duela arnasa hartu; Poliziak, ordea, ez zuen aldatu jokabidea, eta, azkenean, Floydek konortea galdu zuen. Poliziaren bertsioak dio nabaritu zutela «zailtasun medikoak» zituela eta anbulantzia bati deitu ziotela. Ospitalean hil zen.