Oscar Temaru independentistak zuzentzen duen UPLD Demokraziaren Aldeko Batasuna koalizioak erraz irabazi zituen igandean egindako hauteskunde partzialak. Polinesian biztanle gehien duen Maiao, Morea eta Tahitiko hauteskunde-barrutian egin ziren bozak. Polinesiako Lurralde Asanblearako lehian ziren 37 hautetsietatik 25 bereganatu zituen Temaruk. UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko Gaston Flossek jarduneko presidentea da hamar hautetsi eskuratu zituen. ADN Demokrazia Berriarentzako Aliantzako Nicole Bouteauk, berriz, bi.
Polinesiako Lurralde Asanblean hautetsi kopuru berdinarekin daude egun Temaru eta Flosse 27 dituzte batak zein besteak. Autonomistenak (ADN) dira gainontzeko hiru hautetsiak eta, ildo horretan, hauek hartuko duten jarrerak erabakigarria izango da hurrengo presidentea aukeratzeko garaian. Bouteauk atzo adierazi zuenez autonomistak ez dira ez independentisten aldekoak eta ezta Frantziaren aldekoak. Ez Oscar eta Ez Gaston izan da autonomisten mezu nagusia kanpainan zehar.
6.168 botoren aurrea
Tavini Huiraatira alderdiko presidente Oscar Temaruren garaipena, baina, oso zabala izan da. Maiao, Morea eta Tahitiko parte hartzea %79,7 izan zen. Orotara112.091 hautesleek eman zuten boza uharteotan. UPLDren zerrendak guztira 41.745 boz eskuratu zituen (%46,94). Tahoeraa Huiratirak, berriz, 35.777 boto (%40) eta Nicole Bouteauren aliantzak, azkenik, 9.385 boto (%10,56). UPLD koalizioaren zerrendak boto emateko aukera zuten hamairu udalerritatik hamarretan irabazi zuen, tartean Papeete Polinesiako hiriburuan. Temaruren zerrendak, hain zuzen ere, Flosse buru zuenak baino 6.168 boto gehiago lortu ditu. Gauzak horrela, Temaruk aukerak izango ditu Polinesiako presidente kargua berriz hartzeko.
Tavini Huiraatira alderdi independentistaren inguruan osatutako zerrendak Legebiltzarreko bozak irabazi zituen iazko maiatzean. Hogeita bost urtez agintean egon den Flosseren Tahoeraa Huiraatira alderdiari gailendu zion aurreneko aldiz. Asanblea bertan behera gelditu zen baina.
POLINESIA FRANTZIARRA
Temaru independentistak erraz irabazi du Tahitin
Lurralde Asanblean, haatik, berdinduta daude Temaru eta Flosse
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu