Israelgo kolonoek istiluak eragin dituzte bart Zisjordanian. Kolono horiek asteak daramatzate bertako palestinarrei jazartzen, eta Jalud herrian, esaterako, Tubasi familiak etxetik ihes egin behar izan zuen. Israelgo Auzitegi Gorenak ebatzi zuen hil hasieran familia horrek etxera itzuli behar zuela, eta, «modu seguruan» itzul zitezen, Israelgo armadak lagundu behar zuen. Bada, kolonoek istiluak eragin dituzte, eta sendia etxera itzultzea eragotzi. Etxeari su eman diote gero.
Beldurra eta ziurgabetasuna areagotu egin dira azken orduetan Zisjordaniako lurralde okupatuetan bizi diren palestinarren artean. Hainbat egun daramatzate kolonoek Palestinako familien aurka oldartzen. Haien etxebizitzak inguratu dituzte, eta lehengairik gabe utzi.
Tubasi familiari dagokionez, egun batzuk daramatza etxetik kanpo, kolonoengandik ihesi. Gorenak ebazpena eman ostean, Israelgo estatuak hilaren 22a baino lehen bermatu behar zuen familia horren itzulera. Israelgo estatuak zuen familia hura babesteko eta kolonoak itzultzea eragozteko ardura.
Haaretz Israelgo hedabideak Tubasi sendiarekin hitz egin du gaur. Kazetak zabaldu duenez, Israelgo armadak atzo jakinarazi zien etxera itzuliko zirela —gauez, ezustean eta behar bezalako segurtasun operazio bat antolatu gabe—. Soldadu batzuek eskoltatuta joan ziren etxera, baina kolonoen tropel bat iritsi zen berehala, eta harriak jaurti zituzten etxearen aurka —150 lagun inguru zirela zabaldu du Haaretz-ek—. «Etxean gordetzeko agindu ziguten lehendabizi, baina kolonoak indarrez sartu ziren, hala atetik nola leihotik, eta teilatutik egin behar izan genuen ihes», adierazi du familia horretako kide batek.
Israelgo armadak erreskatatu behar izan zituen handik, eta ihes egitea lortu zuten. Handik minutu gutxira, ordea, etxeari su eman zioten kolonoek. Al-Jazeera hedabidearen arabera, eraikinak kalte larriak jasan ditu.
Hala azaldu du egoera Israelgo armadak, sare sozialetan zabaldu duen oharrean: «Israelgo Polizia eta armada lanean aritu ziren Jalud eremuan, manifestari israeldarrak sakabanatzeko eta inguruko biztanleak babesteko. Izan ere, esku hartze bat antolatuta zegoen familia palestinar bati etxera itzultzen laguntzeko. Manifestarien indarkeriaren ondorioz, ordea, ezinezkoa izan zen eginkizuna betetzea».
Ez da kasu bakarra
Ramallah iparraldean ere antzeko zerbait gertatu da. Kolonoak indarrez sartu dira zenbait herritan, eta hainbat auto eta etxe erre dituzte. Armadak zabaldu duenez, hiru lagun atxilotu dituzte; salatu dute horrelako gertaerek «arreta desbideratzen» dutela eta «kalte» egiten dietela Israelgo indarrek «terrorismoaren aurka» egiten dituzten jarduerei. Eremu berean, Israelgo armadako soldaduak oldartu egin dira, eta gazte palestinar bat atxilotu dute.
«Indarkeriak amaitu egin beharra dauka. Agintariek daukate herritarrak indarkeriatik babesteko erantzukizuna, baita indarkeria hori kolonoek eragiten dutenean ere», adierazi zuen atzo horren harira Julien Lerisson Israelgo eta Palestinako lurralde okupatuetako Gurutze Gorriaren buruak, sare sozialetan.
Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen ministroaren bulegoak ere ohar bat zabaldu du sare sozialetan. Bertan, «istiluak» eta kolonoek «Israelgo segurtasun indarren aurka egindako erasoak» gaitzetsi ditu. Kontuan izan behar da Netanyahuk berak kolonoak defendatzeko baliatu zuela ostegunean NBE Nazio Batuen Erakundearen New Yorkeko egoitzan emandako hitzaldia. Haren esanetan, Zisjordanian palestinarren aurka oldartzen ari diren kolonoak «gaizkile gazteen talde bat» dira. «Ez dira 150 baino gehiago», gaineratu zuen.
B'Tselem Lurralde Okupatuetako Giza Eskubideez Informatzeko Israelgo Zentroaren arabera, 2023ko urriaz geroztik gutxienez 35 palestinar hil dituzte Israelgo kolonoek. NBE Nazio Batuen Erakundearen Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak, berriz, kolonoek palestinarrei egindako 1.300 eraso baino gehiago zenbatu ditu urtarriletik uztailera bitartean.
Bitartean, Israelgo armadak erasoak egiten jarraitzen du Gazan. Gaur bertan sare sozialetan zabaldu duenez, hiru lagun hil zituen atzo goizaldean Gazan, bi erasotan, eta gaineratu du hiru lagun horietako bat «Hamaseko Al-Qassam milizien liderra» zela. Horixe bera adierazi dute Netanyahuk eta Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak, ohar batean. «Ezz el-Din al-Beik Gaza Iparraldeko Brigadako komandantea zen, eta gure indarren aurkako eraso terroristen antolakuntzan parte hartu izan du».