Japoniako Fukushima Daiichi zentral nuklearraren jabe Tepco enpresak ebatzi du enpresako zuzendaritza batzordeak ez duela hondamendi nuklearrean inolako erantzukizunik. Iazko martxoaren 11n, bederatzi graduko lurrikara baten ondorioz eta horrek eragin zituen tsunamien ondorioz zentral nuklearra hondatu egin zen, eta lau erreaktorek fusio partziala izan zuten.
Enpresako akziodunek azalpenak eskatu dizkiete egun zuzendaritza batzordeko kide direnei eta istripuaren garaian buruan zirenei. Izan ere, krisia gaizki kudeatu dutela uste dute askok, eta konpainiari eragin dizkioten kalteengatik erantzuteko eskatu diete. Akziodunen salaketari erantzuteko, txosten bat egin du Tepcok, baina Kiodo berri agentziak jakinarazi duenez, zuzendaritzako kideek gertatutakoaren inguruan erantzukizunik ez dutela ondorioztatu du. Tepcoko akziodunak zuzendaritzaren kontra salaketa ipintzea aztertzen ari dira. Hain zuzen, enpresari 56.500 milioi eurotik gorako kalte-ordaina ematera behartu nahi dituzte zuzendaritzako kideak.
Hasiera batean zentraleko sei erreaktoreak kontrolpean zituela esan zuen Tepcok, baina gerora horietako lautan nukleoaren fusio partziala gertatu zela onartu behar izan zuen, eta hasieran onartutakoa baino erradiazio handiagoa isuri zela.
Eremua garbitzen
Japoniako Gobernuak erradiazio isuriaren berri herritarrei baino lehen AEBei jakinarazi ziela adierazi dute. Hain justu herritarrek gobernuari ezkutukerian aritu izana egotzi diote, eta era horretan jendearen osasuna arriskuan jarri zutela diote.
Horrez gain, erradiazio maila altuagatik gobernuak ezarritako hogei kilometroko huste eremutik irteteari uko egin diote 11 lagunek. Lau hiritan bizi dira urik eta argindarrik gabe. Urte berriarekin batera eremu hori garbitzeko lanei ekin die gobernuak. Lehenik eta behin, errepideak eta ur eta elektrizitate sistemak garbituko dituzte, eta martxoan etxeetara sartzen hasiko dira.
Tepcok zuzendaritza salbuetsi du Fukushimako hondamenditik
Japoniako Gobernuak herritarrei baino lehenago esan zien AEBei erradiazio isuria egon zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu