«Berehalako eta baldintzarik gabeko» su eten bat adostu dute Thailandiako behin-behineko lehen ministro Phumtham Wechayachaik eta Kanbodiako lehen ministro Hun Manek, gaur Malaysian egindako negoziazioetan. Menia hango gauerdian ezarriko da —18:00etan Euskal Herrian—, eta iragan ostegunean hasitako borrokak «amaituko ditu». Hala esan du Malaysiako lehen ministro Anwar Ibrahimek, elkarrizketetako bitartekariak, bileraren ondoren emandako prentsaurrekoan. Anwar ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoko presidentea da —presidentetza txandakatu egiten dute—.
Hala, bi aldeek erasoak egiteari utzi beharko diote, eta bihar goizean komandante militarrek «bilera informal bat» egingo dute, gaur adostutakoaren arabera. Gainera, elkarrizketen ondoren argitaratutako prentsa ohar batean azaldu dutenez, Thailandiako eta Kanbodiako lehen ministroek, Atzerri ministroek eta Defentsa ministroek beren arteko zuzeneko komunikazioa berrezarriko dute. Su etena «ezartzeko, betetzen dutela egiaztatzeko eta hari jarraipena egiteko» mekanismo bat sortzea ere proposatu dute akordioan.
Thailandiako eta Kanbodiako lehen ministroak «pozik» agertu dira adostutako su etena dela eta, Malaysiako lehen ministroarekin batera egindako adierazpenetan. Tentsioa murrizteko eta bakea eta segurtasuna berrezartzeko «funtsezko lehen urrats bat» dela adierazi dute hiru agintariek, eta Hun Manek esan du espero duela elkarrizketen emaitzek aukera ematea bi herrialdeetako biztanleei bizimodu «normala» berriz egiteko.
Su eten bat adostea izan da bileraren helburu nagusia, eta, Anwarrek adierazi duenez, «bi aldeetako lehen ministroen jarrerari esker» bete dute, hainbat orduz negoziatzen aritu ondoren. Bi herrialdeetako agintariak ez ezik, beste hainbat eragile ere egon dira bileran, hala nola AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Txinako enbaxadoreak. Thailandiako eta Kanbodiako lehen ministroek, negoziazioa amaitu ondoren, eskerrak eman dizkiete herrialde horiei «egindako ahaleginagatik eta presioa egiteagatik».
Thailandiako eta Kanbodiako lehen ministroek adierazi dute bakea bermatzeko lan egingo dutela, eta Hun Manek azpimarratu du funtsezkoa dela beren arteko konfiantza berreraikitzen hastea.
Gatazkarik «odoltsuena»
Ostegunean hasi ziren borrokak, eta ordutik eraso ugari egin dituzte mugan. Gaur ere, bi aldeek salatu dute erasoak jasan dituztela.
Azken datuen arabera, gutxienez 35 pertsona hil dituzte mugako bonbardaketetan eta tiroketetan; 22 Thailandiakoak dira, eta hamahiru Kanbodiakoak. Gainera, 270.000 pertsona desplazatu dira istiluen ondorioz. Hainbat hedabidek ohartarazi dutenez, azken urteetan Asia hego-ekialdean izandako gatazkarik odoltsuena izan da.