Beste behin ere, badirudi baretu egingo dela Thailandiaren eta Kanbodiaren arteko gatazka. Joan zen asteburuan, bi herrialdeetako armadek elkarri eraso egiteari ekin zioten, bonba batek zenbait soldadu thailandiar hil eta gero. Eztanda hori «istripu» bat izan zen, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak gaur sare sozialetan esan duenez, eta, Thailandiako eta Kanbodiako lehen ministroekin hitz egin eta gero, iragarri du «tiroketa oro» etetekoak direla: «Bi herrialdeak prest daude bakea lortzeko, baita AEBekin salerosten segitzeko ere».
Hogei pertsona hil dira azken egunotako erasoetan, eta ehunka mila herritarrek alde egin behar izan dute bi herrialdeen arteko muga ingurutik —820 kilometro luze da muga—.
Uztailera egin behar da atzera. Orduko hartan, Thailandiako bost soldaduk pertsonen aurkako minak zapaldu zituzten bi herrialdeen arteko mugako gatazka eremuan, eta horrek egun gutxi batzuk iraun zuen erasoaldia eragin zuen. Hiru dozena pertsona baino gehiago hil ziren erasoetan. Horiek horrela, Malaysiak su etena lortzeko negoziazioei ekin zien; Trumpek ere hitz egin zuen Asia hego-ekialdeko bi herrialde horietako agintariekin, eta mehatxu egin zien muga zergak handituko zizkiela. Uztailaren amaierarako onartu zuten su etena.
Are, urri amaieran, bi herrialdeek bake akordio bat sinatu zuten, Trump eta Anwar Ibrahim Malaysiako lehen ministroa bitartekari zirela, Kuala Lumpurren. Adostu zuten, besteak beste, erasoak etetea eta gerra gatibu batzuk trukatzea; ez zieten heldu, ordea, sakoneko arrazoiei.
Bien arteko borrokak ez dira aurtengo kontua, lurraldetasun auziek eragin baitituzte. Frantziak mapa bat kartografiatu zuen 1907an; hain zuzen, Frantziaren kolonia bat zen Kanbodia orduan. Thailandiari ez zitzaion zehatza iruditu lurraldeen zatiketa. Nazioarteko Justizia Auzitegiaren 1962ko ebazpen batek Kanbodiari eman zion gatazka iturri diren lurraldeen burujabetza; eta mende erdi geroago, 2013an, epai hori berretsi zuen.
Hauteskundeetara deitu dute thailandian
Anutin Charnvirakul Thailandiako lehen ministroak herrialdeko parlamentua desegiteko eskaera egin zuen atzo, eta gaur baiezkoa eman dio Maha Vajiralongkorn erregeak. Horiek horrela, 45-60 egun barru egingo dituzte Thailandiako hauteskunde orokorrak. Azkenekoz 2023ko maiatzean egin zituzten.
Anutin irailean izendatu zuten lehen ministro, Thailandiako Auzitegi Konstituzionalak Paetongtarn Shinawatra kargugabetu eta gero; izan ere, uztailaren hasieran kode etikoa urratzea leporatu zioten, filtratutako telefono dei batean herrialdeko armadaren kontra egiteagatik.