Azken asteetan ohartarazpenak bata bestearen atzetik plazaratu ondoren, heldu da erabakia. Donald Trump AEBetako presidenteak agindu bat sinatu du hango enpresei debekatzeko Txinako Bytedance enpresarekin lan egitea. Konpainia horrek kudeatzen du Tiktok sare sozial arrakastatsua, Trumpek Pekinen espioitza tresnatzat daukana.
Tiktok sare sozialak AEBetan duen adarra saltzeko epea ezarri zion AEBetako Gobernuak Bytedance enpresari astelehenean: 45 egun eman zizkion horretarako. Irailaren 15aren aurretik salmenta akordiorik ez bada sare sozialaren erabilera debekatuko duela iragarri zuen Trumpek. Izan ere, Microsoftek interesa zuen Tiktok bideo laburrak zabaltzeko sare sozialarekiko, eta hura erosteko elkarrizketetan ari da plataformaren jabe Bytedance enpresarekin. Prozesua, beranduenez, irailean amaituko duela adierazi zuen igandean.
Horretarako agindua sinatu zuen atzo gauean Trumpek. Horren arabera, AEBek «gogor egin behar diete Tiktoken jabeei, segurtasun nazionala babesteko».
Tiktokek askotan ukatu izan du Pekinek kontrolatzen duela edo hari erabiltzaileen datuak ematen dizkiola. Baina, Washingtonen aginduaren arabera, aplikazioak baimena ematen du AEBetako Gobernuko funtzionarioei jarraitzeko eta haien inguruko informazio pertsonala biltzeko, gero xantaia egiteko, informazioa lortze aldera. Adibide gisa, aginduak argudiatzen du horretarako erabili duela Pekinek Hong Kongen edo uigur gutxiengo etnikoaren aurka.
Baina Tiktok ez da Trumpen jomuga bakarra: antzeko neurri bat sinatu du Txinako Tencent enpresaren Wechat aplikazioaren aurka. «Txinako Herri Errepublikako konpainien aplikazioak AEBetan zabaltzeak gure segurtasun nazionala mehatxatzen du, atzerri politika eta ekonomia».
Aginduak ez du zehazten zelako tratu motak geratuko diren debekatuta. Aplikazioak 80 erabiltzaile ditu AEBetan hilero. Erabiltzaileek 15 segundoko bideoak grabatzen dituzte, dantzan, abesten edo umorezko esketxak egiten. Gaztetxoen artean arrakasta handia du.
Wechat, berriz, askoz zabalagoa da. Sare sozial bat izateaz gain, mundu oso bat biltzen du: albisteak eta mezularitza zerbitzua eskaintzen ditu, eta ordainketak egin daitezke harekin.