Hiltzaileak, Pragako hamalau pertsona ez ezik, lehenago beste hiru lagun ere hil ote zituen ikertzen ari dira

David Kozak Historia ikasle gazteak hamalau lagun hil zituen ostegunean Pragako unibertsitate batean. Poliziak uste du horren aurretik beste hiru hilketa egin zituela.

(ID_13446887) -FOTODELDÍA- R.CHECA TIROTEO
Hildakoak gogoratzeko kandelak pizten, Karolina Unibertsitatearen inguruan, Pragan. MARTIN DIVISEK / EFE
mikel p ansa
2023ko abenduaren 22a
21:05
Entzun

Hamalau pertsona hil zituen, beste 25 bat zauritu, eta, gero, bere buruaz beste egin zuen David Kozakek, bart, Pragan. 24 urte zituen, eta ez zuen aurrekaririk, baina, iturri batzuen arabera, sare sozialetan iragarri zuen sarraski bat egiteko asmoa zuela. Ikertzaileak ari dira aztertzen zer gertatu den, eta uste dute, gainera, Pragako hilketen aurretik beste hiru pertsona ere hil zituela.

Kozakek Historia ikasten ari zen, Pragako Karlos Unibertsitatean. Filosofiako fakultatera arma luze batekin sartu zen atzo arratsaldean, eta alde batera eta bestera tiroka hasi zen. Teilatura igo zen gero, eta kalera tiroka hasi zen, baita oinezko batzuk zauritu ere.

Larritasuna eragin zuen erasoak. Poliziek unibertsitateko eraikinak hustu zituzten, unibertsitate inguruko kaleak itxi, eta kalera ez ateratzeko eskatu zien herritarrei. Garraio publikoa ere bertan behera utzi zuten.

Azkenean, Txekiako Errepublikako Poliziak inguratu zuen, eta bere buruari tiro eman zion gazteak. Agintariek berehala baztertu zuten «nazioarteko terrorismoarekin» inolako loturarik zuenik. Ostegun arratsaldean gertatu zena argituta, baina, beste galdera batzuk erantzun nahian ari dira poliziak orain.

Izan ere, abenduaren 15ean 32 urteko gizon baten eta haren bi hilabeteko alabaren gorpuak aurkitu zituzten Pragatik gertuko baso batean, eta ikertzaileek uste dute Kozakek hil zituela haiek ere. Ales Strach Pragako poliziaburuaren esanetan, abenduaren 21eko Pragako hilketa ez gertatzeko «egun gutxi batzuk» beharko zituzten, Kozaken susmoa hartzen hasiak zirelako.

Ez da hori, baina, gaztearekin lotutako auzi bakarra. Asteazkenean, Pragako hilketa baino egun bat lehenago, gizon baten gorpua aurkitu zuten Hostounen, hiriburutik 35 bat kilometrora. Uste dute Kozaken aita dela hildako gizon hori, eta ikertzen ari dira berak hil ote zuen hori ere.

Susmo horiek eraginda, Pragako Karlos Unibertsitatearen inguruan polizia operazio bat hasi zuten ostegunean, espero baitzuten gaztea Historiako klasera joatea egun horretan. Historiako fakultatera joan beharrean, ordea, Filosofiakora jo zuen, eta han ekin zion tiroka hasteari.

Berri agentziek zabaldu dutenez, gazteak Telegramen idatzita utzi zuen halako sarraski bat egiteko prest legokeela; antza, Errusian ikasle batek berriki halako tiroketa batean bi pertsona hil zituela ere aipatu zuen, eta horretan inspirazioa bildu zuela.

Kozakek armak erabiltzeko baimena zuen; zehazki, zortzi arma erabiltzeko baimena. Txekiar Errepublikan ez dira ohikoak halako erasoak, baina duela lau urte, 2019an, ospitale bateko tiroketa batean sei lagun hil ziren. Bohuslav Svoboda Pragako alkatea kezkatuta mintzatu zen bart telebistan: «Pentsatzen dugu halakoek ez dutela gurekin zerikusirik, baina ikusten ari gara gure mundua aldatzen ari dela, eta tiratzaile indibidualen arazoa ugaritzen ari da». Gobernuak dolu egun izendatu du abenduaren 23a.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.