Minnesotako politikari demokrata bat hil dute tiroz, eta beste bat zauritu

Minnesotako ordezkari Melissa Hortman eta haren senarra hil dituzte; John Hoffman senataria eta haren emaztea bizirik daude, baina ospitalean daude. Erasoak «motibazio politikoak» dituela uste du estatuko gobernadore Tim Walzek.

Melissa Hortman Minnesotako ordezkari demokrata eta John Hoffman senataria. BERRIA
Melissa Hortman Minnesotako ordezkari demokrata eta John Hoffman senataria. BERRIA
maddi iztueta olano
2025eko ekainaren 14a
18:01
Entzun 00:00:0000:00:00

Minnesotako (AEB) bi politikari demokrata tirokatu dituzte gaur, Ameriketako Estatu Batuetako goizaldean: Melissa Hortman estatuko Asanblea Legegileko ordezkaria eta John Hoffman senataria. Hortman eta haren senarra hil egin dituzte; Hoffman eta haren emaztea, aldiz, bizirik daude, baina «zauri larriak» dituzte. Hortman demokratek Minnesotako Asanblea Legegilean zuten taldeko burua zen, eta estatuko ordezkarien ganberako presidentea izan zen 2019tik 2025era; Hoffman, berriz, 2012an hautatu zuten estatuko senatari izateko.

Bi politikariei modu berean egin die eraso tiratzaile batek: beren etxeko atarian zeudela. Herrialdeko iturri ofizialek jakinarazi dutenez, gainera, erasotzaileak polizia baten uniformea zuen jantzia; informazio horren arabera, estrategia hori baliatu du biktimengana gerturatu eta tiro egiteko. Poliziako iturriak aipatuz The Washington Post egunkariak kaleratu duenez, Poliziak dokumentu bat aurkitu du ustezko erasotzailearen ibilgailuan; testu horretan Hortmanen eta Hoffmanen izenak aipatzen ziren.

Minnesotako gobernadore Tim Walzek eman du gertatutakoaren berri, urgentziaz antolatutako prentsaurreko baten bidez, eta erasoek «motibazio politikoak» dituztela ohartarazi du. «Gure demokraziaren oinarria eztabaida baketsua da. Ez ditugu gure arteko desberdintasunak indarkeriaren edo pistola baten bidez konpontzen», gehitu du.

AEBetako presidente Donald Trumpek ere erasoa gaitzetsi du, sare sozialen bidez: «Gisa honetako indarkeria basatiak ez dauka lekurik AEBetan». Etxe Zuriko maizterrak jakinarazi du Polizia lanean ari dela zer gertatu den argitzeko, eta erasoan zerikusia izan duten guztiak «zigortuko» dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.