Japoniak baimenik gabeko entzuketak hasi ditu

Sanae Takaichiren gobernuak ontzat jo du informazio zerbitzuek modua izan dezaten mezu pribatuak atzemateko aurrez onespen judizialik izan gabe ere, baina legelariek uste dute zalantzazkoa dela hori konstituzionala ote den.

Japoniako Poliziako agente batzuk Tokion manifestazio batean, uztailaren 19an. RODRIGO REYES MARIN / EFE
Japoniako Poliziako agente batzuk Tokion manifestazio batean, uztailaren 19an. RODRIGO REYES MARIN / EFE
Josep Solano
Tokio
2026ko irailaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Japoniako Gobernuak erreforma sakon bat egin du informazio zerbitzuetan, eta horrek modua emango die agentziei komunikazio pribatuak atzemateko aurretiaz baimen judizialik izan gabe ere. Sanae Takaichiren gobernuak bultzatu du neurria, segurtasun nazionala sendotzeko eta atzerriko espioitzari aurre egiteko beste batzuekin batera, eta Atzerriko Inteligentzia Agentzia ere sortu nahi du, baita atzerriko agenteei buruzko legedi berria eratu ere, Ameriketako Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko ereduak oinarri hartuta. Nolanahi ere, hori guztia ez dator bat duela hogei urte baino gehiago martxan jarritako kontrol judizialeko sistemarekin, eta eztabaida handia piztu da arlo konstituzionalean ekarriko dituen ondorioen inguruan.

Oposizioak eman du erantzunik gogorrena. Alderdi Demokratiko Konstituzionaleko diputatu Hiroyuki Konishik «konstituzioaren erabateko urraketatzat» jo du neurria, eta ohartarazi gobernua atea irekitzen ari dela «gerra arteko Japoniara itzultzeko» —erreferentzia egin zion Japoniar Inperioko Tokko polizia politikoak erabilitako zelatatze sistemari—. Konishiren arabera, erreformaren bidez estatuak ahalmen handiagoa izango du herritarrak zelatatzeko, baina, horrez gain, arriskuan jar ditzake Bigarren Mundu Gerraren ondoren ezarritako zenbait berme nagusi, hain justu zelatatzeko boterea gobernuan pilatzea eragozteko ezarritakoak.

Kezka horrekin bat egin dute zuzenbide konstituzionaleko eta pribatutasunaren babeserako zenbait espezialistak. Eskubide digitaletan espezializatutako abokatu batek, Hiroshi Katok, gogora ekarri du pribatutasunerako eskubidea jasoa dagoela Japoniako Konstituzioko 13. artikuluan, eta jurisprudentziak aurrez ere mugatuak dituela segurtasun indarren gisa horretako jokabide batzuk. «Gaur egungo jurisprudentziak legez kanpokotzat joak ditu telefono entzuketak baldin eta ez badago horretarako baimen judizialik edo ez badituzte errespetatzen premia eta proportzionaltasun printzipioak», azaldu du. Haren iritziz, zelatatze boterea zabaltzeak baina ikuskapen sistema independenterik ez ezartzeak «berekin dakar berehala herritarren eskubideak era masiboan urratzeko arriskua», eta baliteke kontraesana sortzea etorkizuneko legediaren eta konstituzioko 13., 19., 21. eta 31. artikuluen artean.

«Gaur egungo jurisprudentziak legez kanpokotzat joak ditu telefono entzuketak baldin eta ez badago horretarako baimen judizialik»

HIROSHI KATO Abokatua

Eztabaidaren muina zera da, proiektuak dakarren paradigma aldaketa. 2000. urtetik, ikerketa penaletan komunikazioa atzemateko, baimen judiziala lortu behar da aurretiaz, eta premia eta proportzionaltasun irizpide zorrotz batzuk bete behar dira. Gobernuak egindako proposamenaren bidez, ordea, atea irekiko zaio informazio zerbitzuen eta segurtasun nazionalaren arloan «mezu atzemate administratibo» direlakoak egiteari, eta, beraz, kontrola administrazioaren esku egongo da neurri batean, epaileen esku egon ordez. Katoren ustez, botere hori zabaltzea konstituzioarekin bat etor dadin, ezinbestekoa litzateke «muga oso zorrotzak ezartzea eta erakunde benetan independente batek xehe-xehe ikuskatzea». Ohartarazi du hori egin ezean arriskua legokeela etorkizuneko legeek ez betetzeko komunikazioen sekretua babesteko beharra —21. artikuluan ageri da—, eta arriskua, era berean, oinarrizko beste eskubide batzuk urratzeko, hala nola pribatutasunerako eskubidea, aske pentsatzekoa eta behar bezalako prozesua izatekoa.

Jokalekura egokitzeko

Gobernuak, ordea, esan du Japoniak bere segurtasun egitura moldatu beharra duela jokaleku geopolitiko berrira egokitzeko. Txinaren eta AEBen arteko lehia gero eta handiagoak, atzerriko potentzien zerbitzu sekretuei egotzitako jarduerek eta zibererasoen gorakadak elikatu egin dute lehendik ere bazen uste bat: Japoniako Estatuak ahalmen eskasa duela espioitza operazioak eragozteko. Segurtasuneko zenbait adituk bat egin dute ikuspegi horrekin, hala nola James D. J. Brown-ek, Tokioko Temple Unibertsitateko Zientzia Politikoko irakasleak. Hark behin baino gehiagotan esan du Japonia «G7koen espioientzako paradisua» dela, haren lege esparrua ahula baita atzerriko herrialdeen zerbitzu sekretuen jarduerei aurre egiteko orduan. Alde horretatik, informazio zerbitzuen ahalmena sendotzea modu bat da Japoniako legedia moldatzeko, hobeto egokitu dadin nazioarteko jokalekura, zeina gero eta oldarkorragotzat jotzen baitute asmo horren aldekoek.

Gainera, Katok ohartarazi du Poliziaren arloari baino ez dagokiola erreforma. Aintzat hartuta arrazaren araberako profilak egiteko praktika gero eta zabalduago dagoela eta atzerritarrenganako konfiantza gero eta txikiagoa dela, uste du nazioarteko kazetariei ere eragingo diela zelatatzeko ahalmena areagotzeak, baita gobernuz kanpoko erakundeei eta hedabide independenteei ere. «Jarduera mugatuz eta gehiago kontrolatuz gero, murriztu egingo litzateke Japoniako gizarteari iristen zaizkion ikuspegi eta informazioen pluraltasuna, eta disuasio efektu argi bat sortuko luke jardun batzuetan, guztiz legitimoak badira ere», azaldu du.

Proiektuak parlamentuko tramitazio prozesua gainditu behar du oraindik, baina eztabaida jada ez dagokio informazio zerbitzuen eraginkortasunari soilik. Beste kontu bat dago atzean: zenbateraino zabaldu dezakeen estatuak zelatatzeko ahalmena eta aldi berean orekari eutsi segurtasun nazionalaren eta askatasun indibidualen artean, oreka horrek definitu baitu Japoniako ordena konstituzionala gerraosteaz geroztik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA