Gogoan duzu Gaddafirekin xakean aritu zen gizon hura? Bada, tiranoaren dei bat jaso duela esan du telebistan», dio Kemal Azad nalutiarrak. Irakasle ohi honek Gaddafi erbestean zegoela uste zuen atzo arte. Edonola, benetan non dagoen «amerikarrek baino ez dakite», hemengo askoren ustetan. «Entzun duzu lau kazetari haien bahiketarena? Zawiya inguruan izan omen da». Astelehenean hemendik igaro ziren lau italiar haietaz ari da Azad.
Beste ehunka nazioarteko erreportari bezala, Nalutera iritsi eta bertako norbait kontratatu zuen Italiako taldeak. Tripolirantz jo nahi zuten, «berehala». Hiru orduko txangoa 500 dolarretan dago egun. Batzuk garestiago ordaindu dute dagoeneko. CNNren albisteen arabera, kazetariok bahitu eta jipoitu ditu errepide alboan gordeta zegoen talde batek. Askatu dituzte, baina gidaria, libiarra, bertan hil zuten, tiro batez.
«Kazetari andana hura autoetan sartzen ikusi nuenean oso harrituta gelditu nintzen. Jendeak uste al du hau amaituta dagoela?», zioen Juma Khanek. Gerlaria ziur dago kazetari gehiago sartuko direla arazotan datozen egunetan.
«Telebistak hori dauka, itzela da kateen arteko lehia norberak bere erreportaria Tripolin izatearren. Bost axola hortik kanpo gertatzen denak», dio Marc Herman erreportari estatubatuarrak. Berak ere «hitz pare bat» trukatu zituen italiarrekin auto hartan sartu aurretik.
Duela bi eguneko entusiasmoa apaltzen ari da gerlari nahiz erreportarien artean. Garaipenerako autobidea zena, antza, tranpaz jositako gurdi-bide bilakatu da azken orduotan. Sniper hitza gero eta maizago entzuten da, baina frankotiratzaile gutxi batzuk ez bide dira mehatxu bakarrak Tripolirako bidean: «Gaddafiren jarraitzaileek ez dituzte armak berehala utziko». Hamid Azabi gerlari komandanteak azaldu dio BERRIAri. «Denok ezagutzen dugu elkar Libian, badakigu bizilaguna gerraren zein aldetan zegoen. Batzuek borrokatzea dute irtenbide bakarra, jakin baitakite nekez aterako direla bizirik bestela».
«Datorren astean Kabulen egon behar dut, beraz, astebeterako baino ez naiz etorri», dio Joao Soaresek, Brasilgo Global TVko kazetariak. Irango Press TV kateko Rene Marchandek, ordea, oso bestelako ikuspegia dauka: «Askok berehala bukatuko dela uste dute, baina beldur naiz honek luzeegi ez ote duen joko. Oker egotea espero dut, baina baliteke Tripoli Bagdad bezalako infernua bilakatzea», dio kameralariak.
Ahmed Wahid nalutiarra bat dator, baina xehetasunekin. «Tripoli mendean hartu ondoren sortuko da iskanbila. Zeinek hartuko du Libiako agintea Gaddafirekin bukatu ostean? Bengaziko jendeak? Gaddafiren aldeko eta kontrakoen artekoa baino askoz ere zaharragoa da libiarron ondoeza», dio Wahidek, Ramadan bukaerako azken otoitzari ekin aurretik. Baraua hautsi bezain laster, Tripolirainoko bidea astuna izango da berriz. Gaur ere bai.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Tripolira, tranpaz jositako gurdibidean
'Garaipenerako autobidea' behar zuena, Nalutetik Tripolirako errepidea, tranpaz jositako gurdibidea ari da bilakatzen. Eta Gaddafi erori osteko egoerak ere kezkatzen ditu libiarrak: «Zeinek hartuko du agintea?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu