Asmo onen adierazpen ugari utzi zituen herenegungo EB Europako Batasuneko immigrazioari buruzko bilkurak, baina neurri zehatz gutxi. Bakarra, hain zuzen ere: Triton operazioarenfinantzaketa hirukoiztuko dute. Europako Batzordeak maiatzaren 13ko bilkuran hitzartuko du immigrazioari buruzko estrategia, baina dagoeneko aurreratu du Frontexen zaintza operazioen jardute eremua zabaldu egingo dutela: «Hurrengo egunetan eztabaidatuko dugu zenbateraino», azaldu zuen atzo Natasha Beraud Europako Batzordeko bozeramaileak. Egun, Triton-ek ezin du kostatik 30 milia baino gehiago urrundu. Berauden arabera, halere, muga hori gainditu egin ohi dute. Iazko urrian bertan behera utzi zuten Mare Nostrum erreskate operazioan, lehen ehun milietan jarduten zuten.
Dagoeneko hasi dira elkarlanean Italiako eta Frontexeko—EBko kanpo mugak zaintzeko agentziako— ordezkariak Triton-en estrategia berriro diseinatzeko. «EBko kideek hegazkinak, itsasontziak eta adituak eskaini dituzte, eta, orain, nola eta non erabili zehaztu behar dugu. Argi dago operazioa zabaldu behar dugula, baliabide gehiago ditugu eta», adierazi du Beraudek.
Hilabetean hiru milioi euroko aurrekontua zuten Triton eta Poseidon operazioek. Lehenak Italiako kostak babesten ditu, bigarrenak, Egeo itsasoa. Aurrerantzean, bederatzi milioiko finantzaketa izango dute, Mare Nostrum-en parekoa.
Haatik, giza eskubideen aldeko erakundeentzat ez da «erantzun egokia». Izan ere, Frontexen operazioek itsasoan galdurikoak erreskatatzeko betebeharra dute, baina hura ez da haien zeregin nagusia; mugak zaintzeko mandatua dute. «Bilaketa eta erreskate operazioak berriro abiatzea nahi dugu. Arriskuan dauden pertsonak erreskatatzeko gaitasuna dugu, eta erabili egin behar dugu», adierazi du Karen Allen Anmesty Internationaleko Erresuma Batuko zuzendariak.
NBEko immigrazioaren, errefuxiatuen eta giza eskubideen agentziek gogor kritikatu zuten EBren politikaren «ikuspegi «murriztailea». Baina ACNUR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak ontzat eman du EBren ekimen berria. Halere, neurrien eraginkortasuna frogatu behar delakoan dago. «Ikusi beharko da ea heriotzak gutxitzen diren, eta Europan babesa eskatzeko migratzaileen eskubidea bermatzen den», azaldu du NBEko agentziak.
Edonola ere, Mediterraneoko ezbeharrak ez du migratzaileen jarioa eten. Atzo,gutxienez 80 lagun erreskatatu zituzten Tunisiako kostaldean, itsasontzi bat hondoratu ostean. Hiru arrantza ontzik erreskatatu zituzten migratzaileak.
Asko dira errefuxiatuek Europara iristeko erabilitako bideak, baina denak dira arriskutsuak. Herenegun gauean, Mazedonian, tren batek migratzaile talde bat harrapatu zuen, eta horietako hamalau hil ziren. 50 bat migratzaile zihoazen oinez trenbidetik, Serbiara iritsi eta handik EBko mugetan sartzeko esperantzarekin. Gehienak, Somaliako eta Afganistango errefuxiatuak dira.
Gisa horretako ezbehar ugari izan dira azken aldian Mazedonian, herrialdea hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen trenbidean; azken sei hilabeteetan, gutxienez hamar lagun hil dira antzeko egoeran.
Bestalde, joan den astean hondoratutako itsasontziaren kapitainak eta haren laguntzaileak Cataniako fiskalaren aurrean deklaratu dute. 850 bat migratzaile hil ziren ezbeharrean. Hain zuzen ere, EBren asmoetako bat da trafikatzaileen aurkako neurriak hartzea; esate baterako, haien itsasontziak bonbardatu eta erabiltezin uztea.
'Triton operazioa' zabalduko duela baieztatu du Europako Batzordeak
Mugak zaintzeko lanen estrategia berritzen ari da EB, baliabide gehiago jartzea adostu ostean.Gobernuz kanpoko erakundeek eskatu dute bilaketa eta erreskate operazioak martxan jartzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu