«Gure nazioa bueltan da; beste inoiz baino handiago, hobeto, aberatsago eta indartsuago». Hitz horiekin abiatu du AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek estatuaren batasunaren egoeraren diskurtsoa. Ohi bezala, Kapitolioan mintzatu da, kongresukideen eta senatarien aurrean. Errepublikanoen liderrak bere lana goraipatu du, eta bere aurkarien aurka egin du une oro.
AEBetako presidente batek estatuaren batasunaren egoeraren diskurtso batean inoiz egin duen hitzaldirik luzeena egin du Trumpek bart —ia bi ordukoa—. Loreak bota dizkio bere buruari, bata bestearen atzetik, eta gogor egin du demokraten aurka. Presidentearen hitzetan, igo egin dira inflazioa eta etorkinek egindako delituak, eta demokratei egotzi die horren errua. Joe Biden haren aurreko presidente demokrataren aurka ere egin du Trumpek. «Krisi betean zegoen nazio bat utzi zuen: ekonomia geldirik, inflazioa inoizko egoerarik txarrenean, herrialdeko muga zabalik, militarren eta polizien errekrutatze oso baxua, eta gerrak eta kaosa mundu osoan».
Diskurtsoaren parte handi bat AEBei begira egin du, hau da, barrura begira. Eta, bertan, espero ziren gaiak jorratu ditu Trumpek. Besteak beste, etorkinen aurka egin du presidenteak. «AEBetako Gobernuaren betebehar nagusia AEBetako herritarrak babestea da, eta ez etorkin ilegalak». Hitz horiek esan ostean, zutitzeko eskatu die esandakoarekin ados zeuden kongresukideei, eta errepublikano guztiak zutik jarri dira, euren liderraren eskaerari men eginez. Alderdikideek txaloz hartu dute presidentea, eta demokratei mintzatu zaie Etxe Zuriko maizterra: «Lotsa eman beharko lizueke». Zalaparta betean, hala erantzun diote beren eserlekuetatik demokratek, ICEko agenteek hildako Alex Pretty gogoan: «Zu estatubatuarrak hiltzen ari zara. Alex errugabea zen!».
Kristautasuna ere izan du hizpide lider errepublikanoak. Izan ere, Trumpen esanetan, fedea eta kristautasuna «garai bikainean» daude AEBetan, «batez ere gazteenen kasuan», zehaztu du. «Erlijioa inork espero ez zuen indarrarekin itzuli da. Ederra da, benetan», gaineratu du.
Kongresuko demokraten lider Hakeem Jeffriesek gogor kritikatu du Trumpen hitzaldia, kazetarien aurrean. Haren esanetan, «desastre hutsa» izan da AEBetako estatuburuaren hitzaldia, «gezurrez, propagandaz eta gorrotoz betea».
Konfiantza, kolokan
Bederatzi hilabete besterik ez da falta AEBetako legealdi erdiko bozak egiteko, eta airean dago AEBetako herritarrek presidentearekiko daukaten konfiantza. Atzo, Trump jendaurrera irten baino ordu batzuk lehenago, inkesta bat argitaratu zuen Reutersek. Bertan zioenez, AEBetako hamar herritarretik seiri iruditzen zaie gero eta galduago dabilela Trump adinean gora joan ahala. Alderdi bakoitzeko hautesleei galdetzerakoan, nabaria da aldea. Izan ere, demokraten %89k daukate Trumpen noraezari buruzko pentsamendu hori, eta errepublikanoen artean, soilik %30ek.