Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak beste behin egin zion bisita, atzo, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari. Bosgarren aldiz bildu dira urtebete eskaseko tartean; irailean azkenekoz. Washingtonera egindako azken bidaia hartan, Gazarako hogei puntuko plana aurkeztu zuten bi agintariek, eta, orduko hartatik hiru hilabete bete diren honetan, negoziazioei beste bultzada bat emateko bildu dira, oraingoan Mar-a-Lagon, Trumpen oporlekuan (Florida, AEB). Gazako egoerari begira, zer eta nola egin eztabaidatu zuten.
Euskal Herrian 19:30 zirela iritsi zen Netanyahu Mar-a-Lagora, aurrez Marco Rubio AEBetako estatu idazkariarekin eta Pete Hegseth Defentsa idazkariarekin bilera bana egin ostean. Bilkura abiatu aurretik, kazetarien aurrean agertu ziren bi agintariak, eta elkarri loreak bota zizkieten. Alde batetik, Trumpek esan zuen zitekeena zela Netanyahu gabe gaur egun Israel ez existitzea. Netanyahuk, berriz, adierazi zuen AEBetako liderra Trump izatea zortea dela Israelentzat: «Ez Israelentzat bakarrik, mundu osoarentzat baizik».
Bilkura egin aurretik eta behin hura amaitutakoan erantzun zituzten kazetarien galderak, eta Gazarako su etenaren bigarren fasearen gainean galdetu zieten gehienbat. Besteak beste, Trumpek esan zuen «ahal bezain laster» lortu nahi duela Gazarako su etenaren bigarren fasera igarotzeko akordio bat, baina gehitu zuen Hamas «armagabetu» beharra dagoela horretarako. «Hamasek armagabetzea adostu zuen. Hori hitzartu zuten, eta betetzen ez badute infernu bat ordaindu beharko dute. Ez dugu halakorik nahi, baina denbora tarte laburra izango dute armak uzteko».
Gazarako planaren lehen faseak, ordea, bere horretan segitzen du gaur-gaurkoz, Hamas Palestinako talde islamistak oraindik ez baitu entregatu zerrendan dagoen gatibuaren azken gorpua; zenbait hedabidek Netanyahuren gertuko iturriak aipatuz kaleratu zutenez, horixe bera eztabaidatu nahi zuen lehen ministroak: gatibu horren gorpua berreskuratu arte ez direla hasiko bigarren faserako negoziazioak.
Israelgo lehen ministroak gatibu horren gurasoak izan ditu lagun Floridara egindako bidaian, eta hartaz galdetu zioten kazetariek Trumpi. «Gure eskuetan dagoen guztia egiten ari gara haren gorpua berreskuratzeko», erantzun zuen Etxe Zuriko maizterrak. Hamasek, berriz, argudiatu izan du nekeza dela gatibuen gorpuak bilatzea, haietako asko eraikinen hondakinen azpian geratu zirelako —Trumpek eta Netanyahuk plana aurkeztu eta gero urrian su etena ezarri zutenetik guztiak entregatu ditu talde islamistak, bat izan ezik—.
Lehen fasean, Israelgo armadak atzera egin behar izan du, nahiz eta zerrendaren %58 kontrolatzen duen arren oraindik ere; lerro horia deitu diote bi aldeak banatzen dituen muga ikusezinari, eta soldaduek tiro egiten diete muga horretara gerturatzen direnei. Eraso horien eta bonbardaketen bidez, urriaren 10ean tregoa ezarri ezarri zutenetik gutxienez 414 gazatar hil ditu armadak, zerrendako Osasun Ministerioaren arabera. Trumpek, ordea, esan zuen Israel «adostutako planaren pare» egon dela; «ehuneko ehunean», gainera. «Ez nau kezkatzen Israel egiten ari denak. Beste pertsona batzuek egiten dutenak kezkatzen nau, edo egiten ez dutenak, akaso».
Bigarren fasea gorabehera, ikusteko dago hilabeteotan hartutako zenbait erabaki noiz gauzatuko ote dituzten. AEBek ondutako planak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren oniritzia jaso zuen azaroan, eta zilegitasuna lortu zuten hogei puntuek jasotzen dituzten neurriek: besteak beste, Gazan nazioarteko indar militar bat zabaltzea; trantsiziozko gobernu «apolitiko eta teknokrata palestinar bat» ezartzea; eta horiek gainbegiratuko dituen organo bat sortzea, Bake Batzordea delakoa —Trumpek berak zuzenduko du, behin baino gehiagotan ziurtatu duenez—. Trantsizio horrek iraungo luke harik eta PAN Palestinako Aginte Nazionalak dagokion «erreforma programa» ezarri arte, baina planak ez du zehazten Zisjordanian agintzen duen erakunde horrek zerrendako gobernabidea jasotzeko eperik. Zisjordaniaren inguruan galdetuta, Trumpek esan zuen ez datorrela bat Netanyahurekin, edo ez «ehuneko ehunean», behintzat.
Ekialde Hurbila
Ez Gaza bakarrik: Ekialde Hurbilari buruz ere hitz egin nahi izan zuen Netanyahuk. Batetik, Hezbollahri buruz, eta, bestetik, Irani buruz. Lehenengoari dagokienez, Trumpek ez zuen erantzun, Israelek Hezbollahren aurkako eraso gehiago egin beharko lituzkeen edo ez galdetu ziotenean. «Gaizki portatu dira, eta ikusi beharko da zer gertatzen den».
Irani dagokionez, berriz, bertako IRIB hedabide taldeak kaleratu zuen Teheran probak egiten ari dela misilekin. Bada, Trumpek atzo esan zuen berak ere irakurri duela albiste hori, eta «egia ez izatea» espero duela. «Irakurri dut Iran armak sortzen ari dela. Hala bada, armen metaketa hori oso azkar desagerrarazi beharko dugu. Ez dugu beste aukerarik izango».