Trump eta Petro arratsaldean bilduko dira, narkotrafikoaz eztabaidatzeko

AEBetako presidenteak esan du Kolonbiakoak «asko» aldatu duela jarrera Venezuelako erasoaz geroztik.

Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian. BONNIE CASH / EFE
Donald Trump AEBetako presidentea, atzo, Etxe Zurian. BONNIE CASH / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko otsailaren 3a
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete bete da Ameriketako Estatu Batuek droga trafikoaren kontrako operazioa gogortu eta Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahitu zutenetik. Eta, hain zuzen, Donald Trump AEBetako presidentea gaurko egunez elkartuko da Gustavo Petro Kolonbiakoarekin; kargura heldu zenetik narkotrafikoa leporatu izan dio hari ere. Etxe Zuriak jakinarazi duenez, 17:00etan elkartzekoak dira: Bulego Obaleko ateak itxita egingo dute bilera, baina gero espero da kazetariak sartu ahal izatea.

Bilera egin bezperan, Trumpek esan zuen Petrok «asko» aldatu duela jarrera. Haren esanetan, aurrez, AEBetako armadak narkotrafikoan aritzea leporatu zietenen ontziei eraso egin bitartean, Kolonbiako presidentea «oso kritikoa» izan zen Washingtonekin, baina, Maduroren bahiketaz geroztik, «oso atsegina» izan da. Aintzat hartzekoa da Venezuelaren kontrako erasoaren ondoren hitzartu zutela gaurko bilera. Kazetariek galdetuta, AEBetako presidenteak erantzun zuen narkotrafikoa izango dutela hizpide, Kolonbiatik «egundoko droga piloa» ateratzen baita.

Petro astean zeharrerako baimen berezi batekin heldu zen herenegun Washingtonera, Clinton zerrendan dagoenez gero ez baitauka AEBetara joateko bisarik —Altxorraren Departamentuaren zerrenda bat da hori, eta narkotrafikoa, diru zuriketa, ustelkeria edo terrorismoa egozten dieten pertsonak biltzen ditu—. Izan ere, iazko irailean, Washingtonek narkotrafikoaren kontra aritzen diren herrialdeen ziurtagiria kendu zion Bogotari, armadak Karibeko erasoak hasi eta gutxira; hurrengo hilabetean, AEBetako Altxorraren zerrenda horretan sartu zuten Petro; eta abenduan, Trumpek esan zuen narkotrafikoan aritzen den «edonor» egon daitekeela «erasoen ituan, ez bakarrik Venezuela».

Orduko hartan, Petrok erantzun zion «gerra deklaratzea» izango zela Kolonbiari eraso egitea, eta zera eskatu zion: «Ez iezaiezu kalte egin bi mendeko harreman diplomatikoei». Kolonbiako Gobernuak kaleratutako ohar baten arabera, aldebiko harremanak «sendotzeko» bidaia da hori, eta atzerriko politikari dagokionez «interes nazionalen alde» egitekoa ere bai. Asteburuan, AEBetarako hegazkina hartu baino lehen, Petrok kazetariei esan zien «arrazoi asko» zituela «bizitzaren aldeko ituna» lortzeko, «bai Amerikarako, bai mundurako eta oxala Kolonbiarako». Gainera, sare sozialetan, kolonbiarrei eskatu zien Bogotako Bolivar plaza bete dezatela gaur, «demokrazia defendatzeko».

Legez Kanpoko Laborantza Ordezkatzeko Kolonbiako Zuzendaritzaren arabera, Petrok kafea eta txokolatea emango dizkie AEBetako agintariei, koka landarea atzean utzi nahi dutelako keinu gisa. Honako mezu hau dago idatzita saskietan, txartel banatan: «Kolonbiako laborari familiak gara. Urte luzez koka landarearen haziak bota genituen, ez baikeneukan beste aukerarik [...]. Koka landarea sustraitik atera dugu, eta lan duina eta etorkizuna ereiten hasi gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.