Hilabete bete da Ameriketako Estatu Batuek droga trafikoaren kontrako operazioa gogortu eta Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahitu zutenetik. Eta, hain zuzen, Donald Trump AEBetako presidentea gaurko egunez elkartu da Gustavo Petro Kolonbiakoarekin; kargura heldu zenetik narkotrafikoa leporatu izan dio hari ere. Euskal Herrian 17:00ak inguru zirenean iritsi da Petro Etxe Zurira, Kolonbiako bandera zeraman AEBetako zerbitzu sekretuaren auto batean. Maria Corina Machado Venezuelako oposizioburuari gertatu bezala, Petro ere ez da Etxe Zuriko ate nagusitik sartu, eta Trumpek ez dio Etxe Zuria bisitatu ohi duten estatuburuei egiten dien bezalako harrerarik egin — Nayib Bukele El Salvadorreko presidenteari eta Javier Milei Argentinakoari harrera egin zien, esaterako —. Bulego Obaleko ateak itxita egin dute bilera, eta bi ordu inguru iraun du.
Trump Etxe Zurira itzuli zenetik lehen aldiz bildu da harekin, Petro, gaur. Hilabete gutxi barru amaituko du agintaldia; izan ere, maiatzaren 31n egingo dira Kolonbiako presidentetzarako bozak. AEBen eta Kolonbiaren arteko tentsioaren goraldiak markatu ditu Petrok agintean eman dituen azken hilabeteak. Baina iragan larunbatean abiatu zen hauteskunde kanpaina, eta Trumpekin gaur egin duen bilera da Petrok egin duen lehen agerraldia.
Kolonbiako presidenteak Rosa Villavicencio Atzerri ministroa izan du alboan. Baita Kolonbiak Washingtonen daukan enbaxadore Daniel Garcia-Peña eta Pedro Sanchez Defentsa ministroa ere.Trumpek, berriz, Marco Rubio Estatu idazkaria, JD Vance presidenteordea eta Bernie Moreno senatari errepublikanoa aukeratu ditu aldamenean izateko. Aipagarria da Trumpek azken hori aukeratu izana bilera horretan parte hartzeko. Izan ere, Moreno kolonbiarra da jaiotzez, eta Petrok jendaurrean eduki duen etsai handienetako bat izan da. Besteak beste, senatari errepublikanoak iragan abuztuan esan zuen Petrok «bere eskuetan dagoen guztia» egiten duela Kolonbiaren eta AEBen arteko harremana «eragozteko».
Trumpen bigarren agintaldia hasi eta berehala okertu zen Washingtonen eta Caracasen arteko erlazioa. Trumpek papergabeen deportazio masiboak agindu zituen duela urtebete. Bi hegazkin bete zituen kolonbiarrak «itzultzeko» asmoz, baina Petrok ez zien hegazkin horiei lurreratzen utzi, tratu «duina» jasotzen ez zutela iritzita. Trumpek Kolonbiako produktu guztiei %25eko muga-zergak ezartzeko mehatxua egin zuen, nahiz eta azkenean ez zuen halakorik egin. Bi aldeen arteko harremanak, ordea, okerrera besterik ez du egin azken hilabetera arte.
Jarrera «aldaketa»
Bilera egin bezperan, Trumpek esan zuen Petrok «asko» aldatu duela jarrera. Haren esanetan, aurrez, AEBetako armadak narkotrafikoan aritzea leporatu zietenen ontziei eraso egin bitartean, Kolonbiako presidentea «oso kritikoa» izan zen Washingtonekin, baina, Maduroren bahiketaz geroztik, «oso atsegina» izan da. Aintzat hartzekoa da Venezuelaren kontrako erasoaren ondoren hitzartu zutela gaurko bilera. Kazetariek galdetuta, AEBetako presidenteak erantzun zuen narkotrafikoa izango zutela hizpide, Kolonbiatik «egundoko droga piloa» ateratzen baita.
Petro aste tarterako baimen berezi batekin heldu zen herenegun Washingtonera, Clinton zerrendan dagoenez gero ez baitauka AEBetara joateko bisarik —Altxorraren Departamentuaren zerrenda bat da hori, eta narkotrafikoa, diru zuriketa, ustelkeria edo «terrorismoa» egozten dieten pertsonak biltzen ditu—. Izan ere, iazko irailean, Washingtonek narkotrafikoaren kontra aritzen diren herrialdeen ziurtagiria kendu zion Bogotari, armadak Karibeko erasoak hasi eta gutxira; hurrengo hilabetean, AEBetako Altxorraren zerrenda horretan sartu zuten Petro; eta abenduan, Trumpek esan zuen narkotrafikoan aritzen den «edonor» egon daitekeela «erasoen ituan, ez bakarrik Venezuela».
Orduko hartan, Petrok erantzun zion «gerra deklaratzea» izango zela Kolonbiari eraso egitea, eta zera eskatu zion: «Ez iezaiezu kalte egin bi mendeko harreman diplomatikoei». Kolonbiako Gobernuak kaleratutako ohar baten arabera, aldebiko harremanak «sendotzeko» bidaia da hori, eta atzerriko politikari dagokionez «interes nazionalen alde» egitekoa ere bai. Asteburuan, AEBetarako hegazkina hartu baino lehen, Petrok kazetariei esan zien «arrazoi asko» zituela «bizitzaren aldeko ituna» lortzeko, «bai Amerikarako, bai mundurako eta oxala Kolonbiarako». Gainera, sare sozialetan, kolonbiarrei eskatu zien Bogotako Bolivar plaza bete dezatela gaur, «demokrazia defendatzeko». Bada, ehunka lagun bildu dira bertan, herrialdeko presidenteak esanari men eginez.
Legez Kanpoko Laborantza Ordezkatzeko Kolonbiako Zuzendaritzaren arabera, Petrok kafea eta txokolatea eman dizkie AEBetako agintariei, koka landarea atzean utzi nahi dutelako keinu gisa. Honako mezu hau dago idatzita saskietan, txartel banatan: «Kolonbiako laborari familiak gara. Urte luzez koka landarearen haziak bota genituen, ez baikeneukan beste aukerarik [...]. Koka landarea sustraitik atera dugu, eta lan duina eta etorkizuna ereiten hasi gara».
AEB-etara estraditatu dute Kolonbiako narkotrafikatzaile bat
La Inmaculada narkotrafikoan aritzen den taldeko burua, Andres Felipe Marin Pipe Tulua, Ameriketako Estatu Batuetara estraditatu dute. Kolonbiako Defentsa ministro Pedro Sanchezek atzo azaldu zuen Gustavo Petro presidenteak espreski eskatu zuela prozesua azkartzeko, berez ostegunean estraditatzekoak baitziren Pipe Tulua; hain zuzen, Petro Donald Trumpekin bildu den egunean bidali dute AEBetara. Bogotako komisaria batean zuten preso, eta 30 urteko zigorra ari zen betetzen homizidioagatik eta estortsioagatik. Texas estatuko (AEB) epaitegi batek narkotrafikoari lotutako hiru kargu egozten dizkio.