Trump eta Zelenski Washingtonen bilduko dira bihar, aireko su eten baten proposamena mahai gainean dela

Ukrainako eta AEBetako ordezkariak gatazka gelditzeko aukera aztertzekoak diren arren, Moskuk erantzun du «goizegi» dela erabakitzeko. Gatazka armatuan, ordea, erasoek ez dute etenik izan, eta hildakoak eta kalteak eragin dituzte.

 Errusiarrek Zaporizhiako (Ukraina) erasotu duten eraikin bat, gaur.  DARINA NAUMOVA / EFE
Errusiarrek Zaporizhian (Ukraina) suntsitutako eraikin bat, gaur. DARINA NAUMOVA / EFE
2026ko uztailaren 27a
15:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazioarteko diplomaziak abiadura hartu du Ukrainako gerran. Bihar, AEBetako presidente Donald Trumpek eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik bilera bat egingo dute Washingtonen. Bilerako hizpide nagusietako bat Ukrainako eta AEBetako lantaldeek prestatutako proposamen bat izango da seguru asko; bi aldeei aireko erasoak gelditzeko su etena eskaintzea espero da. Proposamen horrek aurrera egingo balu, gatazkaren azken hilabeteotako tentsioa eta azpiegituren suntsipena arinduko lituzke, nahiz eta zalantzak eragin dituen Kremlinen jarrerak.

Nolanahi ere, Washingtonera bidaiatu aurretik, Zelenskik geldialdia egin du Erresuma Batuan, Andy Burnham lehen ministro izendatu berriarekin biltzeko, Erresuma Batuko itsas base batean. Topaketa horretan, Burnhamek Londresen babesa adierazi dio Ukrainari, eta bi herrialdeen arteko «lankidetza militarra sendotzeko» urratsak aztertu dituzte. Tartean da Stone Cloak izeneko interferentzia elektronikoen teknologia, Ukrainako armadari droneen aurkako babes digitalean gaitasun handiagoa emango diona. Erresuma Batuak 25.000 milioi libera esterlinatik gora —29.200 milioi euro— jarri ditu dagoeneko Kiev militarki laguntzeko.

Kremlinen erantzun diplomatikoa

Moskuk zuhur erantzun die aireko su etenaren inguruko berriei. Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak adierazi du «goizegi» dela egunkarietan agertutako albisteen inguruan iritzi ofizial bat emateko. Moskuk zalantzan jarri du «albisteen fidagarritasuna», eta ziurtasuna dagoenean «Errusiaren interesen arabera» jokatuko dutela adierazi du Peskovek, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan.

Diplomazia gatazka eteteko aukerak aztertzen ari da, baina egoera militarra bestelakoa da oraindik ere. Azken orduetan izandako erasoek hildakoak eta zaurituak eragin dituzte bi aldeetan. Ukrainan, Errusiako armadak misil balistikoak eta ehunka drone jaurti zituen hainbat hiriren aurka atzo gauean. Mikolaiv eskualdean izandako erasoek pertsona bat hil dute eta ontzi batzuei kalteak eragin dizkiete gaur goizean; Odesako kostaldean, gainera, Golden Leo ontzia urperatu egin zen atzo, orain dela astebete izandako Errusiaren bonbardaketen ondorioz. Txernihiv hirian Errusiako drone batek merkataritza gune bat jo zuen atzo gauean. Gutxienez bi pertsona hil ziren —tartean 9 urteko haur bat—, eta 25 zauritu.

Bestalde, Ukrainaren drone eraso batek Errusiako Belgorod hiria jo zuen igandean —bi herrialdeen mugan dago hiri hori—, eta, bertako agintarien arabera, gutxienez hamabi lagun zauritu zituzten, horien artean bi haur. Era berean, Horlivka hirian lau pertsona hil zirela jakinarazi zuen Moskuk. Bi aldeek eraso egiten segitzen duten bitartean, AEBetako biharko bilerak zer ekarriko duen zain dago nazioartea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA