Trumpek berretsi du Iran dela bake itun bat egin nahian dabilena, baina Teheranek bere baldintzak jarri ditu

Iranek kalte ordainak exijitu ditu, baita bere aldeko milizia guztien aurkako erasoak etetea ere. Israelek Irango Guardia Iraultzaileko itsas armadako komandante bat hil du, Ormuzko itsasartea ixtearen «arduraduna».

Israelek eta AEBek Iranen egindako erasoetan hildako pertsona batzuen hileta, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Israelek eta AEBek Iranen egindako erasoetan hildako herritar batzuen hileta, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko martxoaren 26a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranek «bake itun bat egin nahi du», Etxe Zuriari «erregutzen» ari zaio. Hori esan du gaur, beste behin, Donald Trump AEBetako presidenteak: «Ez naiz ni, haiek dira akordioa egin nahian dabiltzanak». Sokatiran ari dira: Iranek ez du onartu Washingtonek gerra amaitzeko egindako proposamena, «zentzugabea» delakoan. Eta bere exijentziak zein diren jakinarazi du. Atzo gauean eman zion erantzuna Pakistani —bitartekari lanetan ari da—, gaur Tasnim berri agentziak kaleratu duenez. Teheranek exijitu du, besteak beste, kalte ordainak emateko, bere aldeko milizia guztien aurkako erasoak eteteko, eta etorkizunean beste erasoaldi bat egongo ez dela bermatzeko.

Trumpek aitortu du Iran negoziatzaile ona dela: «Borrokalari kaskarrak dira, baina negoziatzaile onak», adierazi du gaur Etxe Zurian egindako adierazpenetan. «Herritarrek hilko dituzten beldur dira, baita guk hilko ditugun beldur ere». AEBetako presidentearen arabera, horregatik ukatzen du Teheranek akordio bat egin nahi izatea. Aurrez, atzo, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak hitz egin zuen, eta adierazi bitartekarien bidez Washingtonekin hitz egiteak ez duela esan nahi Iran AEBekin negoziatzen ari denik.

Berriz ere Etxe Zuriak proposatutako «bake ituna» onartzeko deia egin dio Trumpek Teherani; negoziazio mahaian «ganoraz» jokatzen hasten ez badira «beranduegi» izango dela ohartarazi du: «Ez da atzera-bueltarik egongo». Eta Iranen gaitasun militarrak «suntsitu» dituztela uste badu ere, onartu du Iranen erantzunak «asaldatu» egin dituztela AEBak eta Persiar golkoko herrialdeak: «Qatar, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Kuwait, Oman... Guztiei eraso egiten hasi ziren. Erotuta daude, eta Ekialde Hurbila berenganatzeko asmoa zuten».

Hamabost puntuko plan bat ondu du Washingtonek Ekialde Hurbileko gerra «amaitu» dadin —AEBek ez dute jendaurrean erakutsi dokumentua, baina hainbat hedabidek filtratu dute—, eta, besteak beste, arma nuklearrak debekatzea eta «erregimena nabarmen aldatzea» exijitzen du hartan. Horiez gainera, Trumpek beste aukera bat jarri du gaur mahai gainean: AEBek Irango petrolioaren gaineko kontrola hartzea «aukera bat» dela aipatu zuen.

Iranek, berriz, bestelako eskakizunak egin ditu: AEBek eta Israelek erasoak egiteari uztea, herrialdean hondatu dituzten azpiegiturak konpontzea, eta Iranek Ormuzko itsasartean daukan subiranotasuna aitortzea, besteak beste.

kallasek esan du errusia irani laguntzen ari zaiola

Ekialde Hurbileko gatazka eta Ukrainako gerra «lotuta» daudela adierazi du gaur Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak. Kallasen arabera, Errusiaren jokabideak lotzen ditu bi gatazka horiek. Horregatik, Irango gerra amaitzeko Moskuri ere presio egin behar zaiola ohartarazi dio Washingtoni. Gaineratu duenez, Kremlin «estatubatuarrak hiltzeko laguntza» ematen ari zaio Teherani. Zerbitzu sekretuek jasotako informazioaz gainera, droneak ere bidali dizkio Errusiak Irani, EBko diplomaziaburuaren arabera.

Bestalde, Txinako Atzerri ministro Wang Yik adierazi du bakea lortzeko «itxaropen izpi bat» sortu dela Ekialde Hurbileko gerran. Turkiako eta Egiptoko bere homologoekin mintzatu da telefonoz, eta esan du dei horietan hitz egin dutenaren arabera Teheranek eta Washingtonek «negoziatzeko asmoa» erakutsi dutela.

Azken orduetako erasoei dagokienez, Israelgo armadak goizaldean jakinarazi du Irango azpiegituren aurka abiatutako «eskala handiko» eraso olde bat amaitu duela. Telegram bidez egin du jakinarazpena, eta zehaztu «Irango izuaren erregimenarenak» direla azpiegitura horiek. Besteak beste, Isfahan aipatu dute oharrean. Eremu hori oso garrantzitsua da Iranentzat eta hango azpiegitura energetiko eta militarrarentzat. Izan ere, uranioa aberasteko instalazio bat dago han. Azken hiruzpalau asteetan, Israelek hainbatetan izan du jomuga gune hori. Hala ere, Tel Avivek ez du zehaztu zenbaterainoko kalteak eragin dituen gaurko erasoarekin.

Irekia duen beste frontean, Libanon, gutxienez bost pertsona hil ditu Israelek, eta beste hemeretzi zauritu, hainbat erasotan, Libanoko iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Libanoko Hezbollah milizia xiitak kontraerasora jo du, eta, jakinarazi duenez, dozenaka operazio abiatu Israel iparraldean, Israelgo armada, logistika baseak eta kokalekuak jomugan jarrita. Suziriak, artilleria eta droneak erabili dituztela zehaztu dute, eta Israelgo armadaren bi tanke jo dituztela. Pertsona bat hil dute. 

Iranek Tel Aviv ingurua eta Israel erdigunea bonbardatu ditu, eta Kfar Qasim hirian hiru lagun zauritu, Arutz Sheva bertako hedabidearen arabera.

Abu Dhabin, berriz, bi lagun hil dira, eta beste hiru zauritu, herrialdeko iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Hango defentsa sistemek misil bat atzeman dute, baina misil horren hondakinen eraginez hil dira bi lagunak.

Bidesaria Ormuzen

Israelek gaur goizean jakinarazi du Ormuzko itsasartea ixtearen Irango «arduraduna» hil duela. Tel Avivek azaldu duenez, Bandar Abass herrian hil dute Irango Guardia Iraultzailearen armadako komandante Alireza Tangsiri. AEBetako armadak Tangsiriren heriotza baieztatu du; Iranek, berriz, ez du ohartarazpenik egin.

Bestalde, Irango Parlamentua lege bat prestatzen ari da Ormuzko itsasartetik igarotzen diren ontziei bidesari bat ezartzeko haien «segurtasuna» bermatze aldera. «Lege proiektu bat nahi dugu, legez aitortuko duena Iranek subiranotasuna duela Ormuzko itsasartean eta Iranen esku daudela haren jabetza eta ikuskapena, eta herrialdearentzat diru iturri bat sortuko duena», adierazi dio Mohamad Reza Rezaei Kotxi Irango Legebiltzarreko Gai Zibiletarako Batzordeko lehendakariak Tasnim albiste agentziari.

Albiste agentzia horrek zehaztu duenez, datorren astean dira lege proiektua ontzen amaitzekoak, eta horren ostean aurkeztuko dute parlamentuan.

Munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru igarotzen da Ormuzko itsasartetik, eta pasabide hori itxi izanak eragin zuzena izan du mundu zabalean. Gaur Trumpek esan du Teheranek hamar petroliontziri Ormuzko itsasartea igarotzeko baimena eman diela. Bere hitzetan, negoziazioetarako prest daudela erakusteko «opari» gisa hartu du Iranek erabaki hori. Teheranek atzo jakinarazi zuen Ormuzko itsasartean «seguru» nabigatzeko aukera izango dutela Iranen «etsai» ez diren ontziek. Alegia, haien kontrako edozein eraso egin edo babesten ez dutenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA