AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek are gehiago indartu du migratzaileen aurkako diskurtsoa. Eskerrak Emateko Egunean, hainbat txio idatzi ditu sare sozialetan; haietan, migratzaileen aurka egin du, eta bere politiken lehentasunak agerian jarri. Besteak beste, esan du migrazioa dela herrialdearen «disfuntzioaren» erantzule nagusia, eta hainbat herrialdetatik datorren migrazioa geldiarazteko asmoa daukala ohartarazi du.
«Modu iraunkorrean etengo dut hirugarren munduko herrialdeetatik datorren migrazioa, AEBetako sistema guztiz suspertu dadin eta Bidenek [Joe, AEBetako presidente ohiak] legez kanpo egin zituen milioika onarpen bertan behera gera daitezen», idatzi du Trumpek, gaur goizaldean —AEBetan arratsaldea zela—, Truth Social sare sozialean. Migratzaileen aurkako neurriak indartuko dituela adierazi du hala.
Izan ere, Washingtonek atzo bertan jakinarazi zuen «zorrotz» berrikusiko dituela «kezkatzeko moduko herrialdeetako» jatorria daukaten herritarren bizileku baimenak —green card izenekoak—. AEBetako Herritartasun eta Immigrazio Zerbitzuko zuzendari Joseph B. Edlowk egin du jakinarazpena, X sare sozialaren bitartez: «Donald Trumpen zuzendaritzapean, kezkatzeko moduko herrietako atzerritarren bizileku baimena zorrotz berrikusteko agindu dut». Era berean, AEBen segurtasuna «negoziaezina» dela adierazi du.
Aste honetan Washingtonen tirokatu dituzten bi Guardia Nazionaletako bat hil dela jakin duenean esan du hori Trumpek. Poliziak Afganistango pertsona bat jo zuen susmagarritzat, eta asteazkenean Afganistango jatorria daukaten migrazio eskaera guztiak etengo zituela iragarri zuen Washingtonek.
Oraingoz, Trumpek ez du azaldu zein diren «kezkatzeko moduko» herrialde horiek. Baina kontuan hartzekoa da Washingtonek AEBetarako sarbidea ukatu ziela ekainean hamabi herrialdetako herritarrei, «segurtasun nazionala» zaintzeko. Ondorengo hauek dira herrialde horiek: Afganistan, Birmania, Txad, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Ekuatore Ginea, Eritrea, Haiti, Iran, Libia, Somalia, Sudan eta Yemen. Beste zazpi herrialdetako herritarrei ere mugatu egin die sarbidea: Burundi, Kuba, Laos, Sierra Leona, Togo, Turkmenistan eta Venezuelakoei.
Muturreko diskurtsoa
Trumpen diskurtso arrazista ez da horretara soilik mugatu. Izan ere, migranteen aldeko jarrera daukaten estatubatuarren —«herritar handi» eta «patriota estatubatuar» deitu zien— jarrera eskuzabala goratu du, eta egotzi die «politikoki zuzenak» eta «sinpleki ergelak» izatea. «Eskuzabalak izan dira gure herrialdea banandua, nahaspilatua, hila, kolpatua eta lapurtua izan zedin».
Etxe Zuriko maizterrak gaineratu duenez, AEBetan 53 milioi atzerritar inguru daude, eta horietako gehienek gizarte laguntzak jasotzen dituztela salatu du, frogarik erakutsi gabe. «Pertsona horiek krisian dauden herrialdeetatik datoz, edo kartzeletan, instituzio psikiatrikoetan, bandetan edo droga karteletan bizi dira».