Trump, Xi eta Putin: inoiz ez bezalako bilkura bat

AEBetako, Txinako eta Errusiako presidenteek hiruko bilera egingo dute bihar, lehenbizikoz. Buru nuklearrak mugatzeari buruz hitz egingo dute, eta bakoitzak argi ditu jorratu beharrekoak: Ukrainako inbasioa, Irango gerra eta muga zergak, esate baterako.

Putinen, Trumpen eta Xiren irudiak matrioxka batzuetan, asteon, Moskun. MAXIM SHIPENKOV / EFE
Putinen, Trumpen eta Xiren irudiak matrioxka batzuetan, asteon, Moskun. MAXIM SHIPENKOV / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko azaroaren 18a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errepublikanoek agintaldi erdiko hauteskundeetan porrot eginagatik ere, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak oraindik ere erakutsi nahi du badela presidente eta baduela zeresana, nazioartean besterik ez bada ere. Horren adibide izango da biharkoa: Xi Jinping Txinako presidentearekin eta Vladimir Putin Errusiakoarekin hiru aldeko bilera egingo baitu lehenbizikoz, Shenzhen hirian (Txina), zeinak Hong Kongekin muga egiten duen. Are, estreinako aldia da hiru potentzietako buruak biltzen direla.

APEC Asia eta Ozeano Bareko Ekonomia Elkarlanak gaur eta bihar egingo ditu han urtero antolatu ohi duen foroa, eta hiru gobernuburuek aukera hori baliatuko dute elkarrekin juntatzeko.

Etxe Zuriaren arabera, buru nuklearrei buruz hitz egitekoak dira, nahiz eta ez duen espero inolako akordiorik, elkarri ulertzeko saiakeratzat baitu bilkura. Aintzat hartzekoa da iragan otsailean iraungi zela START Berria, arma nuklearren kopurua gutxitzeko eta ikuskatzeko Errusiak eta AEBek 2010ean sinatutako ituna, eta, horiek horrela, 1991z geroztik lehenbizikoz ez dagoela indarrean bi potentzia horien buru nuklearrak mugatzeko akordiorik. Moskuk proposatu zuen iraungitako itunean jasotakoa betetzen segitzea, norberaren borondatez; Trumpek «ideia ona» zela iritzi zion, baina hitzarmen «berria, hobetua eta modernizatua» eskatu zuen, bide batez Txinak ere sinatu beharrekoa.

Izan ere, Pekinek buru nuklearretan duela sei urte halako bi ditu orain: hirurehun zituen, eta seiehun ditu gaur egun, eta, Washingtonen proiekzioen arabera, hamarkada amaitzerako mila izango ditu. Asiako potentzia da munduan buru nuklear gehien dituzten herrialdeen artean hirugarrena, eta Errusia eta AEBak ditu aurretik, alde handiz: Moskuk 4.400 pasatxo baititu, eta Washingtonek 3.700, SIPRI Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroak emandako datuen arabera.

Hori dela eta, Pekinek muzin egin nahi dio horiekin negoziatzeari, edozein itunek besteei baino kalte handiagoa egingo diolakoan berari. Urrian, Txinako Atzerri Ministerioak adierazi zuen hiru aldeko itun nuklearra ez zela «justua, zentzuzkoa edo errealista».

«Eztabaidagai faboritoa»

Ikusi beharko da zer beste gai jorratuko dituzten Trumpek, Xik eta Putinek. «Agendako zenbait puntu zehaztuta eta adostuta daude, baina egongo da astirik eztabaidatzeko eta iritziak trukatzeko», esan zuen atzo Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. «Hiru potentzia handienak seinale bat ari dira bidaltzen munduari, erakusteko arazorik larrienak elkarrizketaren bidez konpon daitezkeela», erantsi zuen. Moskuk bultzatu du hiru aldeko bilera, eta Ukrainako inbasioaz hitz egiten saiatuko da Kremlineko burua.

Washingtongo iturri ofizialek zenbait hedabideri esan dietenez, AEBen asmoa ez zen berez inbasio horri buruz eztabaidatzea; Trumpek, ordea, atzo esan zuen Ukrainari buruz hitz egingo zutela hiru gobernuburuek: «Nire eztabaidagai faboritoenari buruz. Ukraina galtzen ari da». Dena den, Xik ez du uste hari dagokionik Ukrainako fronteaz eztabaidatzea, Pekingo iturri ofizialak aipatuz zenbait hedabidek kaleratu dutenez.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ere nahiago du Errusiak 2022ko otsailean ekin zion inbasioa alde batera uzten badute, biharko bilkura 1945eko Yaltako Konferentzia bihurtu daitekeelakoan —AEBek, Erresuma Batuak eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak Yaltan (Krimea, Errusia) egin zuten goi bilera hori, Bigarren Mundu Gerraren ostean Europako mapa berrantolatzeko—.

Bide batez, azken egunotan hizpide bihurtu da, AEBak bitartekari direla, Errusiaren eta Ukrainaren arteko negoziazioetan Europako herrialdeek izan beharko luketen rola. Joan den astean bi eguneko bilera sorta egin zuten bi aldeek, eta Washingtonek Moskuri proposatu zion Ukrainaren Europako aliatuak ere parte hartzea.

Ekialde Hurbilera begira

Trump Iranen gaia ateratzekoa da, ez aurrera eta ez atzera baitago AEBek Israelekin batera otsailaren amaieran abiatu zuten gerra. Segurtasun energetikoari eta petrolioaren prezioari eragin die, eta Errusiak eta Txinak badute zer esana gatazkari buruz: Moskuk lankidetza militarra eta estrategikoa areagotu baitu Teheranekin, eta Pekin baita petrolio gehien erosten dion potentzia —Iranen esportazioen %80—.

Hiruko bileraz gain, AEBetako presidenteak eta Txinakoak bi aldeko bilera egitekoak dira. Hain zuzen, bi herrialdeen arteko muga zergei buruz eztabaidatzekoak dira, bestelako akordiorik ezean datorren urtarrilean amaituko baita munduko bi ekonomia handienek elkarri ezarria dioten tregoa komertziala.

Aurten hirugarren aldia izango da bi presidenteak biltzen direla: maiatzean, Trumpek bisita ofiziala egin zuen Pekinera; irailean, Xik Washingtonera egin zuen bisita ofiziala. Trump eta Putin Anchorageko (Alaska, AEB) base militarrean juntatu ziren azkenekoz, iazko abuztuan, Ukrainako inbasioaz eztabaidatzeko. Putinek eta Xik iragan abuztuan ikusi zuten elkar azkenekoz, Kirgizistanen, Shanghaiko Elkarlan Erakundearen goi bilera batean.

Bestalde, Trump Manilara heldu zen atzo, ASEAN Asia Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoak bi urtean behin egin ohi duen goi bilerara gonbidatuta. Herenegun kazetarien aurrean esan zuen balitekeela Kim Jong Un Ipar Koreako lider gorenarekin biltzea Txinan, eta hori Xiren esku legokeela; atzo, berriz ere iradoki du bilkura hori: «Nahiko luke etorri, bai. Ikusiko dugu zer gertatzen den».

Ipar Korea ez da APECeko kide, ez dute gonbidatu gaur eta bihar egitekoa duten goi bilerara, eta Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Guo Jiakuni atzo prentsaurreko batean galdetu zioten ea ba al dagoen inolako aukerarik lider gorena bertan egoteko. «Ez daukat horri buruzko informaziorik», erantzun zuen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA