Trumpek mehatxu egin du Matxinada Legea aplikatuko duela Los Angeleseko protestak amaitzeko

Beste 2.000 soldadu bidali ditu Trumpek, eta 700 marine ere bai. Herritarrek kalera jo dute berriro, migratzaileen kontrako sarekadak gaitzesteko.

Polizia, manifestari bat atxilotzen, atzo Los Angelesen (AEB). ALLISON DINNER / EFE
Polizia, manifestari bat atxilotzen, atzo Los Angelesen (AEB). ALLISON DINNER / EFE
gotzon hermosilla
2025eko ekainaren 10a
21:00
Entzun 00:00:0000:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak Kalifornian migratzaileen kontra abiarazitako sarekadek ez dute etenik, ezta horien kontra herritarrek egindako protestek ere. Eta, hori ikusita, badirudi sua are gehiago hauspotzea dela Donald Trump presidentearen estrategia: beste 2.000 soldadu bidali ditu Los Angelesera, eta, orotara, 5.000 inguru dabiltza Kaliforniako hirian protestak amatatu nahian. Gehienak Guardia Nazionaleko kideak dira, baina 700 marine ere igorri ditu Trumpek, Kaliforniako agintarien iritziari muzin eginda.

Trumpek, ordea, ez du nahi soldaduak handik joatea. Bulego obalean egin duen agerraldi batean, mehatxu egin du Matxinada Legea aplikatuko duela, haren arabera, «balitekeelako» bart gaueko protestak «matxinada bat» izatea. Eta, hala balitz, «seguruenik» lege hori martxan jarriko lukeela esan du Etxe Zuriko maizterrak. Horrek bide emango lioke AEBetako armadako soldaduak Los Angelesera bidaltzeko protestak amaitzeko xedez, inori baimenik eskatu gabe. Izan ere, larunbatean, dekretu bidez agindu zuen Trumpek lehenbiziko 2.000 soldadu bidaltzea, betiere Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko agenteak eta gobernuko langileak eta egoitzak babesteko; Gavin Newsom Kaliforniako gobernadoreak «legez kontrakotzat» jo zuen soldaduak bidaltzea.

Atzo protestak izan ziren berriro Los Angeles hirian, Gobernuaren migrazio politikak eta migratzaileen kontrako sarekadak salatzeko. Protesta gehienak baketsuak izan ziren, nahiz eta zenbaitetan Trumpen aldekoak agertu manifestariei buru egitera. Hiriko erdigunea zeharkatu zuen manifestazioa izan zen jendetsuena; iluntzean, mobilizazioa amaitu eta gero, Polizia jazarri zitzaien kalean gelditzen ziren manifestariei.

Los Angelesen gertatzen ari denak lotura zuzena du Trumpek ezarri nahi dituen migrazio politikekin; baina, adituen arabera, AEBetako presidentearen herrarekin eta asmo pertsonalekin ere badu zerikusia. Izan ere, historikoki Kalifornia demokraten gotorleku izan da aspaldi luzean; Los Angelesko alkate Karen Bass eta Kaliforniako gobernadore Gavin Newsom demokratak dira, eta azken horrekin Trumpek liskar eta tirabira handiak izan ditu. Horregatik, askok uste dute Trumpek bere arerio demokratei jotako erronka ere badela migratzaileak atxilotu eta tropak bidaltzeko erabakia.

Newsomek ez du begi onez ikusi Etxe Zuriaren neurria: haren iritziz, «zuhurtziarik gabea» eta «alferrikakoa» da tropa gehiago bidaltzea, eta afera ez da «segurtasun publikoari» buruzkoa: «Presidentearen egoa lausengatzeko ahalegina baizik».

Hain zuzen, Newsomek urgentziazko mozio bat aurkeztu du gaur estatuko epaitegi federalean, Guardia Nazionaleko kideek eta marineek Los Angeles utz dezaten. «Trump estatubatuarren kontra jartzen ari da AEBetako armada», idatzi du Newsomek gaur sare sozialetan: «Epaitegiek berehala blokeatu behar dituzte ekintza ilegal horiek».

Salaketa Trumpen kontra

Newsomek behin eta berriro kritikatu du soldaduak Los Angelesera bidali izana, eta badirudi Kaliforniako agintari demokratek erabaki dutela adierazpen hutsetan ez gelditzea. Kaliforniako fiskal Rob Bontak iragarri du salaketa jarriko duela Trumpen kontra, tropak bidaltzeko erabakiari «legez kanpokoa» iritzita. Haren ustez, Trumpek «gehiegikeriaz» erabili zuen gobernu federalaren agintea erabaki hori hartzeko, eta AEBetako konstituzioa urratu egin zuen.

Kaliforniako agintari demokraten adierazpen eta iragarpenek, ordea, ez dute Trump kikildu, eta Newsomen aurka abiarazi duen norgehiagoka horretan, orain arte ikusi gabeko urrats bat egiteko aukera iradoki du.

Asteburuan, Newsomek AEBetako migrazio politiketako arduradun Tom Homanekin izandako ika-mikan, Kaliforniako gobernadoreak erronka jo zion, eta bera ere atxilotzeko poliziak bidaliko ote zituen galdetu. Enbidoari hordagoarekin erantzun dio Trumpek: «Nik atxilotu egingo nuke», esan die kazetariei, Etxe Zurian egindako agerraldi batean. AEBetako politikan, orain arte, presidente batek inoiz ez du estatu bateko gobernadorea atxilotzeko mehatxu egin.

AEBetan behin baino gehiagotan erabili dute armada protestak eta istiluak isilarazteko, baina, normalean, tokian tokiko agintariek eskatzen diote gobernu federalari neurri hori har dezan. Gobernu federalak tokiko agintarien iritziaren kontra tropak bidaltzea, ordea, ez da hain ohikoa, eta duela 60 urte gertatu zen azkeneko aldiz. Izan ere, 1965eko martxoan, Lyndon B. Johnson presidenteak Guardia Nazionala bidali zuen Alabamara, estatuko gobernadore George Wallaceren iritziaren kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.