AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek Ukrainara arma gehiago bidaliko dituela adierazi du, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin bart Etxe Zurian izandako bileran. Trumpen arabera, Errusia erasoak «gogortzen» ari da, eta Ukrainak «defendatzeko gai izan behar du». Horregatik, AEBetako presidenteak bukatu egin du aurreko astean iragarritako arma bidalketen etena, eta, nagusiki, «defentsarako armak» bidaliko dituela argitu du. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, ostiralean, sare sozialetan azaldu zuen Ukrainako aire defentsa elkarlanean hobetzea adostu zuela Trumpekin.
AEBetako Defentsa Departamentuak, Pentagonoak, Trumpen adierazpenak baieztatu ditu ohar batean. «Bakea lortu eta gatazka gelditu bitartean» ukrainarrak «defendatu ahal izateko» berriro armak bidaltzen hasiko dela azaldu du departamentuak. Gainera, armak bidaltzeari zergatik utzi zioten ere azaldu du Pentagonoak: ziurtatzeko AEBek ematen duten laguntza militarrak bat egiten duela beren defentsa helburuekin.
Israelgo delegazioarekin bart izandako bileran, Errusiako presidente Vladimir Putini dagokionez sentitzen duen «etsipena» ere adierazi zuen Trumpek. Uztailaren 3an bi buruzagiek izandako telefono deiaren ondoren, bakea lortzeko aurrerapausorik ez ematea egotzi zion atzo AEBetako presidenteak Errusiako presidenteari. Putinek gerra gelditzeko interesik ez duela uste du Trumpek, atzo Etxe Zurian zeuden hedabideei azaldu zienez.
Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, AEBek emandako berriak gutxietsi ditu, «kontraesan gehiegi» daudela argudiatuz. Dmitri Medvedev Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteorde eta herrialdeko presidente ohiak (2008-2012) «operazio militarraren helburuak lortzeko borrokan jarraitu behar dela» adierazi du Telegram sare sozialean, menia ezartzeko duten interesik eza erakutsiz.
Bitartean, Errusiak Ukrainari erasotzen jarraitzen du, eta azken 24 orduetan gutxienez bederatzi lagun hil eta 81 zauritu ditu, The Kyiv Independent Ukrainako egunkariaren arabera. Errusiako armadak, gaur goizaldean, 54 drone eta lau misil bidali ditu Ukrainako hainbat eskualdetara. Ukrainako armadaren arabera, erasoek etxeak, eraikinak eta, oro har, herrietako azpiegiturak suntsitu dituzte herrialdearen ekialde eta hegoaldean.
Ukrainako armada 34 drone eraisteko gai izan da, baina beste hogeik herrialdeko zenbait leku jotzea lortu dute. EFE agentziak azaldu duenez, Ukrainako aireko defentsan intertzeptazioak gutxitu egin dira azken hilabeteetan; besteak beste, Trumpek azken astean Kievera armarik bidali ez duelako.
Kievek komunikatu batean adierazi du «eskertuta» dagoela AEBek emandako babesarekin eta «bakea lortzeko egindako ahaleginekin». Hala ere, Defentsa Ministerioak azaldu du ez duela jaso arma gehiago bidaliko dizkietelako baieztapen ofizialik, eta azpimarratu du Ukrainarentzat «ezinbestekoa» dela «egonkortasuna, jarraitutasuna eta aurreikusgarritasuna» mantentzea armen horniduran, bereziki aireko defentsa sistemetan.