Trumpek berriro esan du AEBetako 2020ko hauteskundeetan iruzurra egon zela

Nazioari mintzatu zaio AEBetako presidentea, eta Txina eta Venezuela akusatu ditu frogarik erakutsi gabe.

Donald Trump Etxe Zurian prentsaren aurrean hizketan, atzo. SAUL LOEB / EFE
Donald Trump Etxe Zurian prentsaren aurrean hizketan, atzo. SAUL LOEB / EFE
2026ko uztailaren 17a
15:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak nazioari hitzaldi bat eman zion hauteskundeen harira atzo gauean Etxe Zurian. Trumpek berriro esan zuen 2020ko AEBetako presidentetzarako hauteskundeetan irregulartasunak izan zirela, eta «zalantzak» adierazi zituen legegintzaldi erdiko hauteskundeen inguruan; lau hilabete barru egingo dira. Inkesten arabera, errepublikanoek gehiengoa galduko dute Ordezkarien Ganberan, eta Senatuan lanak izango lituzkete gehiagoari eusteko. Hitzaldian, atzerriko herrialdeen «esku hartzearen» teoria indartu du Trumpek, eta zuzenean seinalatu ditu Txina eta Venezuela, bere orduko porrotaren «erantzule nagusi» gisa.

Trumpek telebistako prime time-an —21:00etan, Washingtongo orduan, 03:00etan Euskal Herrian— eman zuen 30 minutu inguruko diskurtsoa. Besteak beste, herrialdeko inteligentzia zerbitzuen informazio sekretuaren desklasifikazioa eta argitalpena iragarri zuen. Haren esanetan, presidentetzaren webgunean jarri diren dokumentuek argi erakusten dute hauteskunde sistemaren «zaurgarritasun kezkagarria». «Konfiantzarik gabe [hauteskundeetan], ez dago handitasunik», gehitu zuen presidenteak. 

Trumpentzat Txina da «errudun» nagusietako bat. Haren arabera, Pekinek «historiako datu filtraziorik handiena» egin zuen, AEBetako 220 milioi boto emaileren erregistroak modu ilegalean eskuratuta. Horrez gain, Trumpek salatu zuen Txinak kazetari estatubatuarrak «erosi» zituela bere aurka idatz zezaten, bera berriro boterera iritsiz gero ezarriko zizkien muga zergen «beldur» zirelako, eta «azkarregia» zela pentsatzen zutelako. Trumpek ez zuen frogarik erakutsi akusazio horiei guztiei eusteko.

Pekinen erantzuna

Txinako Gobernuak berehala erantzun die akusazio horiei. Lin Jian Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaur goizean egindako prentsaurreko batean adierazi duenez, Trumpen hitzaldia «erabat faltsua» da, eta «difamazio kanpaina» baten parte. Bozeramaileak azpimarratu du Pekinek ez duela inoiz AEBetako «hauteskundeetan esku hartu», eta ez duela horretarako «interesik» ere. Azkenik, Txinako ordezkariak autokritika egiteko eskatu dio Etxe Zuriari, eta harremanak hobetzeko lan egiteko.

Venezuelaren jarrera ere kritikatu zuen hitzaldian. Trumpek CIAren sei orrialdeko txosten bat aipatu zuen, Nicolas Maduroren gobernuak —gaur egun New Yorken espetxeratuta dago Venezuelako presidentea— AEBetako hauteskundeetako emaitzak masiboki manipulatzeko ustez prestatutako «plan zehatz» baten berri ematen zuena. Trumpek zehaztu zuenez, manipulazio hori boto elektronikoen bidez egin nahi izan zuten. AEBetako segurtasun agentziek askotan adierazi dute Caracasek ez zuela inongo gaitasun teknologikorik AEBetako sisteman eragiteko.

Trumpek agerraldia baliatu zuen Kongresuko errepublikanoei presio egiteko, gaur egun Senatuan trabatuta dagoen Save America Act proiektua onar dezaten. Lege horren bitartez hauteskunde arauak gogortu nahi ditu: posta bidezko botoa mugatu eta dokumentazio baldintza zorrotzagoak ezarri, bereziki papergabeek botorik eman ez dezaten.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA