Estatubatuarrei «ez zaizkie axola» Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak nazioartean egin dituenak. Gehiago arduratzen ditu poltsikoan dirua edukitzeak: demokraten agintaldiaren ondoren, Trumpek ekonomia indarberrituko zuela hitzeman zuen, eta horrela konbentzitu zituen MAGA Make Amerika Great Again mugimendutik kanpoko herritarrak, nahiz eta «haren zinismoaren eta maltzurkeriaren» berri bazuten.
Michigango Unibertsitateko irakasle, filologo eta idazle Joseba Gabilondok (Urretxu, Gipuzkoa, 1963) uste du balitekeela AEBetako presidenteak «promesa» horiek garaiz ez betetzea. Agintaldi erdiko hauteskundeak azaroan izango dira; beraz, ordura arte itxaron beharko da botere aldaketarako zantzurik izango ote den ikusteko. Idatziz, ozeanoaren beste aldetik, erantzun die BERRIAren galderei.
Esan gabe doa Trump kanpora begira jarri dela legegintzaldi honetan. Zer dela-eta egin du hori?
Arrazoiak ugariak dira. Presidente gehienek beren bigarren txandan jotzen dute kanpora, ondare globalago bat historiarako utzi nahian, nartzisismo hutsez. Trumpi dagokionez, gainera, etxe barruko populartasun falta dago. Dirua ere bada kanpora jotzeko arrazoi bat: Venezuelan aritutako petroliontziei konfiskatutako petrolioaren salmenten etekina, adibidez. Ustelkeria eta aberasteko aukerak handitu egiten dira nazioartean. Baina, oro har, bere presidentetzaren ahulezia da kanpora jotzeko arrazoi nagusia.
Balio izan dio bakezale gisa aurkezteak?
Inork ez du bakezaletzat hartzen; haren zorakerietako bat da hiritar gehienentzat, Bakearen Nobel sariarekin duen obsesio obamatarra dela eta. Kanpainan bakarrik aurkeztu zuen bere burua bakezale gisa, hitz egokiagoa isolazionista bada ere. Izan ere, MAGAren ideologian, eta Vietnametik Irakera hedatzen diren Ipar Amerikaren porrot inperial historikoak direla medio, helburu nagusia munduaren polizia izateari uztea zen, etxe barruko arazoetan kontzentratzeko —eta batez ere ekonomia konpontzeko—. Alabaina, nartzisismo inperiala dei dakiokeenaren ondorioz, Trumpek beti pentsatu du mundua berea dela eta nahi duena egin dezakeela. Bere azken kanpaina inperialistek —Venezuela, Nigeria, Iran, Groenlandia…— ez dute babes handirik, ezta MAGAren muinean ere.
Estatubatuarrek uste dute presidentea haietaz ahaztu dela? Ala haien onerako ari dela?
Kontuan hartu urtebete bakarrik pasatu dela bere bigarren presidentetzari ekin zionetik: kontuak trantsizioan daude oraindik. Alde batetik, MAGA ez dago Trumpen nazioarteko inperialismo ekintzen alde, baina haien fideltasuna halakoa da non oraindik ere onartzen dizkioten halako nazioarteko zorakeriak. Demokrata sutsuak dira erabat kontra dauden bakarrak. Baina hiritarren saldo handienaren interes nagusia ekonomia da, ez nazioarteko jarduna. Hor, sentimendua ez da herritarrak ahaztu dituela, baizik eta etsipena handituz doala poliki-poliki, eta baliteke laster etsipen hori haserre ere bihurtzea. MAGAtik kanpo, Trumpi botoa eman zioten hiritar gehienek haren zinismoa eta maltzurkeria ezagututa eta onartuta eman zioten botoa, ekonomia zuzenduko zuen promes edo akordio erabat transakzional bat hitzeman baitzien.
«Iparramerikarrak ez dira inozoak: argi ikusten dituzte Trumpen zinismoa eta gogorkeriazko nartzisismoa»
Mamdani New Yorkeko alkatea aukeratzea da sintomarik argiena, bere kanpainako gako hitza erosahalmena izan baitzen; hots, denek ordaindu eta gozatu dezaketen bizitza duinaren promesa. Ekonomista gehienek pentsatzen zuten Trumpek atzerakuntza itzela eragingo zuela muga zergen politikarekin, baina ekonomiak eutsi egin dio, egoera baikorra ez bada ere. Aurten ikusiko dugu Trumpek beteko ote duen boto emaileen gehiengoari eginiko promesa. Ez dirudi beteko duenik, eta, beraz, orduan hasiko da jendea era oso zuzen eta ozenean erreakzionatzen, etsipenetik haserrera, Trumpek ahaztu ala ez.
Nabari dute nazioarteko kontuek badutela eraginik herrialdean? Axola zaizkie Trumpen lorpenak?
Ezetz esango nuke bietan. Era argian esateko: presidentetzarako hauteskundeetan, nazioarteko gaiek izaten dute beti eragin eta garrantzi gutxien. Ez zaie axola. Baina Trumpek lortu du nazioarteko egoerari itxura erakargarria ematea. Venezuelako inbasioa hiru minutuko iragarki komertzial arrakastatsua izan da, hiritarrak nazioaz eta beren buruaz harro sentitzeko diseinatua. Eta, oro har, inpaktu ona izan du, baina, iragarki gehienekin gertatzen den bezala, laster ahaztuko da.
Ikusi gehiago
Nazioarteak garrantzia du, ordea, herrialde jakin bati buruz mintzatzean: Txinari buruz. Iparramerikar guztiek dute herrialde horren berri. Horretarako bideak eta formak desberdinak badira ere, badakite zehatz-mehatz Txinak zer itxura duen beren poltsikoetan. Baina hori gai luzea da.
Etxera begira, nola ikusten dute presidentearen figura?
Iparramerikarrak ez dira inozoak: argi ikusten dituzte Trumpen zinismoa eta gogorkeriazko nartzisismoa. Hein batean, Trumpek ez zuen irabazi bere ekinaldien ondorioz, baizik eta demokratek egin zituzten hutsegite ekonomiko eta politiko itzel ugarien ondorioz. Epe laburrean, hala da. Alabaina, epe luzean, eskuinak—eta batez ere oligarkia teknokratiko amerikarrak eta globalak— diseinatutako gizarte aldaketa dugu jokoan. Eta hor, aldaketa horri bide ematen ari zaion makina itzelaren torlojurik garrantzitsuena Trump da.
Europan ere hasi zarete antzeko mugimendua ikusten: nazionalismo zuria, arrazista, misoginoa, homofoboa… da oligarkien ideologia kutun berria, eta hori sozialdemokraziaren eta, oro har, ezkerraren ahuldadearen ondorio ere bada. Eta alde horretatik, eta ideologia hori besarkatzen dutenentzat, Trump fundazionala da: jainkoak bidalitako profeta edo Jesus berria dela sinesten dute askok, hura dela Hautatua.