Azkenerako txintxetak bukatuko zaizkio Trumpi

Donald Trumpek urtebete egin du Etxe Zurian. Kanpora begira jarri da bigarren agintaldian, betiere AEBen mesederako. Zoko batean utzi du nazioarteko legedia, eta bere «moraltasuna» izan du irizpide esku hartzeko orduan.

BERRIA
BERRIA
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urtarrilaren 18a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezein proiekziok ezin du mundua irudikatu izatez den bezala, desitxuratu egin behar da-eta nahitaez. Batek daki Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak mapamundirik ba ote daukan bulegoan, eta edukitzekotan, zenbat txintxeta ote dituen hartan jarrita. Beharbada zortzi, amaiarazi dituela esaten duen «gerrako» bana. «Eta ez dut Bakearen Nobel saria jaso. Harrigarria da, gero». Kanpora begira jarri da bigarren agintaldian, eta harro dago, urtebete eskasean nazioarteko zenbait gatazka konpondu dituelakoan, eta elkarrizketei bide eman ere bai. Diplomaziaren alde egin du Trumpek, baina mehatxuez eta influentziaz ere baliatu da negoziazioak abiatzera behartzeko. Nahi izan duenean, indar militarra ere erabili du.

AEBetakoa «giza historiako naziorik handiena» dela erakutsi nahi du presidenteak. Horixe bera adierazi zuen Segurtasun Nazionalerako Estrategia deritzon agirirako idatzitako gutunean; gobernuak abenduan kaleratu zuen hura, herrialdearen kanpora begirako asmoen berri emateko: «Amerika indartsu dago beste behin, errespetatu egiten dute —eta horrexegatik ari gara bakea egiten mundu guztian zehar—».

Trumpek berehalaxe beteko du urtebete agintean, etzi. Oraindik ere hainbat eta hainbat fronte ikusten ditu munduan: iaz horietako batzuei heldu zien, eta urtearen hasierak agerian utzi du beste batzuei erreparatzen ari zaiela jada. Etxe Zuriaren arabera atzerri politikaren funtzioa «herrialdearen berezko interesak» babestea baita. Trumpen proiekzioa dei dakioke mundua ikusteko modu horri. Trumpen iritziz, haren «moraltasuna» da mapa horretako iparra: «Horrek bakarrik geraraziko ninduke, eta hori oso ona da».

Esku sartzea Venezuelan

AEBen Venezuelako esku sartzearen kontrako protesta bat, asteon, Caracasen. RONALD PEÑA R. / EFE
AEBek Venezuelan egindako esku sartzearen kontrako protesta bat, asteon, Caracasen. RONALD PEÑA R. / EFE

AEBetako presidenteak nazioarteko legedia hautsiz ekin dio urteari. Hori aurpegiratu diote, eta hark erantzun ez duela zertan errespetatu. Edo bai, betiere salbuespenak egiteko prest dagoen arren, gidatzen duen herrialdea «seguru» egon dadin: bai AEBak eta bai «kezkatzen» duten munduko txokoak. Urtarrilaren 3an, AEBetako armadak eraso egin zion Venezuelari, eta Nicolas Maduro hango presidentea bahitu; Trumpen lehen agintaldian (2017-2021) auzipetu zuten Maduro, narkotrafikoa leporatuta, eta AEBek orain lortu dute hura epaile federal baten aurrean esertzea.

Narkotrafikoaren eta immigrazioaren kontrako ekintzatzat saldu dute erasoa; horixe omen da esku sartzearen zergatikoa. Eta Trump saiatu da petrolio erreserbei garrantzia kentzen, berretsita  ez dutela zerikusirik izan erabakia hartzeko orduan. Finean, helburua Venezuelan trantsizio bat eragitea da, «trantsizio seguru» bat, Trumpen hitzetan.

Baina adierazi du Venezuela petrolioaren kontura suspertu nahi duela; AEBek iragarritako neurriek agerian utzi dute hori: petrolioa lortzen dutela ziurtatzea, nazioarteari industria horretarako sarbidea ematea eta, ondoren, Venezuelan «adiskidetze prozesu» bati ekitea, venezuelarren esku utzi nahi dute-eta eraldaketa politikoa.

Chavistek dute agintea Venezuelan, nahiz eta Washingtonek ziurtatu bere esku duela herrialdearen gidaritza. Ikusi beharko da, hortaz, Trumpek noren alde egiten duen: batetik, jakinarazi du ondo moldatzen dela jarduneko gobernuarekin —Delcy Rodriguez presidenteordeak hartu zuen Maduroren lekukoa—; bestetik, Corina Machado oposizioburuarekin bildu zen ostegunean.

Zenbait fronte Ekialde Hurbilean

Israelen erasoetan hildako gazatarren gorpuak, iragan astean, Khan Yunisen. HAITHAM IMAD / EFE
Israelen erasoetan hildako gazatarren gorpuak, iragan astean, Khan Yunisen. HAITHAM IMAD / EFE

Atzean geratu da Washingtonek Irango zenbait instalazio bonbardatu zituenekoa, argudiatuta haren programa nuklearra ezerezteko asmoa zuela. Ekainean izan zen hori: Israelek ekin zien bonbardaketei, eta AEBek eman zioten errematea oldarraldiari. Teheran Washingtonekin negoziatzen ari zen akordio nuklearrerako elkarrizketei heltzeko; diplomaziak, ordea, porrot egin zuen, eta nazioarteko merkatutik are bakartuago geratu da Ekialde Hurbileko herrialde hori, zehapenak ezarri baitizkiote.

Irango krisialdi ekonomikoak goia jo du, eta jada hiru aste igaro dira herritarrek agintarien kontrako protestak hasi zituztenetik. Gutxienez 3.000 irandar hil dituzte protestetan, Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Nazioarteak manifestarien kontrako indarkeria salatu du, eta irizten dio gobernuari gutxi geratzen zaiola. AEBek berek ere bai: asteon, Trumpek irandarrei eskatu die har dezatela herrialdearen gidaritza, eta iragarri du gertu dagoela esku hartzeko: «Laguntza bidean da». Ikusteko dago 1979ko iraultza islamiarraz geroztik agintea izan duten aiatolek horri eutsiko ote dioten, eta ikusteko dago, halaber, zeintzuk izango diren AEBetako presidentearen asmoak.

Barne gatazkak gorabehera, Trump esan eta esan ari da Ekialde Hurbilean bakea lortu duela. Israelek eta Hamasek urriaren 10ean onartu zuten setioa amaitzeko plana, Trumpen hogei puntuko planteamendua, hain zuzen. Oraingoz, puntu horietako batzuk baizik ez dituzte ezarri: hala moduzko su etena, Israelek kasik egunero egin baitio eraso Gazari; Israelgo armadaren erretiratze partziala, zerrendaren erdia baino gehiago baitu militarizatua; presoen, gatibuen eta gorpuen trukea ere egin dute, baina Hamas talde islamistari gorpu bat geratzen zaio entregatzeko.

Presidentearen ustez, Israel «planaren arabera» aritu da, eta, beraz, horrek «bakea» ekarri du. Trumpen promesek nazioartearen haserrea apaldu dute, baina, batak bestearen atzetik, tregoaren urraketek agerian utzi dute Israelek bere horretan jarraitu duela. AEBek jada iragarri dute Gazarako planaren bigarren fasea hasia dela, nahiz eta lehenengoa oraindik bete gabe dagoen.

AEBetako presidenteak oraindik ez du ezertxo ere esan Gazan zabaltzekoak diren nazioarteko indar militarrari buruz. Ezta gidatu asmo duen Bake Batzordeari buruz ere. Behin baino gehiagotan esan izan du aurki iragartzekoa dela nola osatuko eta ezarriko dituzten erakunde horiek eta beste. Akordioa onartu zutenetik, Israelek gutxienez 460 palestinar hil ditu zerrendan.

Akordiorik ez Ukrainan

Errusiak drone bidez bonbardatutako eraikin bat, Kieven, joan zen astean. SERGEI DOLZHENKO / EFE
Errusiak drone bidez bonbardatutako eraikin bat, Kieven, joan zen astean. SERGEI DOLZHENKO / EFE

Trumpek zokoratu egin ditu Ukrainaren aliatuak —gehienbat Europako herrialdeek osatzen duten boluntarioen koaliziokoak, hain zuzen ere—, eta bere kasa aritu da Errusiak duela ia lau urte ekin zion inbasioa amaiarazi nahian. Harik eta segurtasun bermeei buruz eztabaidatzeko garaia heldu den arte: urtebeteren ondoren, AEBek eta Kieven aliatuek bat egin, eta hizpide hartu dute inbasioaren ondoren nola bermatu Ukrainarako segurtasuna. Washingtonek esana du ez duela troparik bidaliko Ukrainara akordioren bat lortuz gero, baina prest dago su etena gainbegiratzeko. Nazioarteko armadarik bidaliko balute, aliatuen kontu errekrutatzea.

Kargua hartu aurretik, Trumpek esan zuen kapaz zela Ukrainako inbasioa egun bakarrean amaitzeko; bien bitartean, Kieven eta Moskuren arteko elkarrizketak ez atzera eta ez aurrera daude oraindik ere, ezein alderen proposamenek ez baitute jaso bestearen onespenik. Akordiorik ez oraingoz. Batik bat lurraldetasunaren auziarengatik: abuztuaren bueltan Vladimir Putin Errusiako presidentearekin eta Volodimir Zelenski Ukrainakoarekin banaka bildu eta gero, Trumpek lehenbizikoz iradoki zuen «lurralde truke posibleez» hitz egin beharko luketela, gerra amaitze aldera.

Hein batean, AEBetako eta Errusiako ordezkariek horixe proposatu zuten, azaroan kaleratutako plan batean: Moskuk  Luhansk eta Donetsk eskualdeak osorik kontrolatzea, eta Kherson eta Zaporizhia eskualdeak, berriz, unean uneko gerra frontearen arabera banatzea. Ukrainaren ezezkoa ikusita, AEBek Kievi proposatu zioten erretiratu ditzala tropak Luhansketik eta Donetsketik, eta trukean gune desmilitarizatu horretan «esparru ekonomiko aske bat» ezartzea. Baiezkoa jaso zuten.

Trumpek esana du geroz eta gertuago dagoela «bake akordioa». Izan ere, Etxe Zuriak eta Kremlinek itun bidez amaitu nahi dute inbasioa, ez baitzaie iruditzen tregoa bat adostea beharrezkoa denik. Lekutan dago, ordea, hiru presidenteak bilduko diren eguna: Trumpen arabera, akordioa «behin betikoa» denean batzartuko dira: «soilik» orduan. Hori bai, argi du: «Nigatik izan ez balitz, Errusiak Ukraina osoa mendean izango luke oraintxe bertan».

Salerosketa Groenlandian

Groenlandiaren aldeko protesta bat, asteon, AEBek Kopenhagen duten enbaxadaren atarian. THOMAS TRAASDAHL / EFE
Groenlandiaren aldeko protesta bat, asteon, AEBek Kopenhagen duten enbaxadaren atarian. THOMAS TRAASDAHL / EFE

AEBetako presidenteari beste behin okurritu zaio Groenlandia mendean hartu behar duela, haren herrialdeak modua izan dezan Artikoa «seguru» egotea bermatzeko. Salerosketa proposatu du aukera moduan, eta indarrez hartzeko aukera iradoki ere bai. Groenlandiak eta Danimarkak jada erantzun diote ezetz, ez dutela nahi ez bata ez bestea; hain zuzen, Washingtonen espantsionismoari mugak jartzeko bildu dira asteon hiru herrialdeetako ordezkariak, baina Danimarkak eta Groenlandiak ez dute lortu AEBen asmoa aldatzea.

Trumpek ohartarazi du Errusia eta Txina Artikorantz begira daudela, eta AEBei dagokiela uhartearen kontrola hartzea berandu baino lehen: «Geuk ez badugu egiten, haiek egingo dute». Argudiatu du Groenlandiak ez duela defentsarako gaitasunik, «txakurrek tiratutako bi lera» besterik ez, eta, beraz, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak AEBen asmoen alde egin beharko lukeela, segurtasuna bermatzeko. Trumpen adierazpenak entzunda, Danimarkak iragarri du presentzia militarra handituko duela.

Groenlandia NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen parte da. Baina, Trumpen ustez, aliantza militar hori «askozaz itzelagoa» bihurtuko da uhartea AEBen eskuetan egonez gero. Berari esker NATO sendotu dela ere esan du —kideak konbentzitu ditu gastu militarra handitu dezaten—, eta irizten dio AEBengatik izan ez balitz ez lukeela izango inongo «disuasio» gaitasunik.

Make America Great Again dio presidentearen leloak; orain, Amerika are handiago egin nahi du, aliatu baten lurrak hartuz baldin bada ere.

Han-hemengo gatazkak

Trumpen ustez, aipatutako gatazkekin bi txintxeta iltzatu ahalko ditu mapan: Israelen eta Iranen arteko ekaineko erasoaldiari eta Gazako setioari dagozkienak; Venezuelakoa, Ukrainakoa eta Groenlandiakoa esku artean izango ditu oraindik. Hala eta guztiz ere, beste zenbait gerra amaitu dituela ere esan du.

Pakistanen eta Indiaren artekoa: apiril-maiatzetan eraso egin zioten elkarri, eta AEBetako presidenteak su etena sinatzera bultzatu zituen. Ruandaren eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren artekoa: elkarren lurralde osotasuna errespetatzea adostu zuten, eta talde armatuak desegitea ere bai; bi herrialde horietako presidenteek abenduan sinatu zuten akordioa, Etxe Zurian, baina Ruandaren babespeko M23 gerrillak Kongo ekialdean dihardu oraindik. Thailandiaren eta Kanbodiaren artekoa: AEBen muga zergen mehatxupean, bi herrialdeek muga inguruko erasoaldiak etetea adostu zuten uztailean; abenduan erasoei ekin, eta beste behin berretsi zuten su etena. Armeniaren eta Azerbaijanen artekoa: bien arteko harreman komertzialak eta diplomatikoak berrezartzeko ituna sinatu zuten, eta Karabakh Garaiko gatazka atzean utzi; Armeniak Azerbaijanen parte gisa onartu zuen eskualde hori. Eta Serbiaren eta Kosovoren artekoa: Trumpek ziurtatu zuen Balkanetako bi herrialde horien arteko tirabirak baretu zituela bitartekaritzaren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.