Nor baino nor adoretsuago: Goguryeo erresumak VII. mendean izandako jeneral bat, Ulchi Mundok, edo Ameriketako Estatu Batuek oraintxe duten presidentea, Donald Trump. Azken egunotan inor baino gehiago dela erakutsi nahi izan du Trumpek, Hego Korearekin batera urtero egiten dituen bi ariketa militar bateratuetako bat «nabarmen» murrizteko agindua eman baitu asteburuan; bada, Asiako herrialde horretako armadak ohar bidez gaur jakinarazi du ezen, AEBen «proposamena» aintzat hartuta, espero baino lehenago amaituko dituztela garai bateko jeneralaren omenez izendatutako ariketa militarrak, Askatasunaren Ulchi Ezkutua direlakoak.
Herenegun hasi zituzten operazio bateratu horiek, eta, berez heldu den asteko ostegunera arte irautekoak ziren arren, etzi amaituko dituzte. Armadak zehaztu duenez, «partzialki» murriztuko dituzte lurreko maniobra batzuk, baina bi aldeak negoziatzen ari dira horien inguruko xehetasunak.
Nazioarteko zenbait hedabidek jaso dutenez, Pentagonoko iturriek ere berretsi egin dute Hego Koreako armadak iragarritakoa, nahiz eta, hori bai, Trumpen mintzaira erabili duten: «Presidentearen eta Gerra idazkariaren aginduei jarraituz, nabarmen murriztu dugu Askatasunaren Ulchi Ezkutua ariketa, betiere gaitasun teknikoak hobeagotzeko entrenamenduari eutsita».
Printzipioz bi fase zituzten maniobrek: batetik, Ipar Korearen eraso posibleetatik babesteko operazioei zegokiena, etzi artekoa; eta, bestetik, kontraerasoari zegokiona, datorren astean egitekoak zirena. Antza denez, bertan behera utzi dute bigarren fasea. Lee Jae-Myung Hego Koreako presidenteak gobernu bilera batean atzo esan zuen ariketa horien helburua ez dela «Koreako penintsulako tentsioa areagotzea», baizik eta «defentsarako» direla. Izan ere, Koreako gerra (1950-1953) ez zuten bake akordio baten bidez amaiarazi, baizik eta armistizio baten bidez eten.
Ipar Koreak luzaz gaitzetsi izan ditu Seulen eta Washingtonen arteko ariketa militarrak. «Erasotzat» eta «mehatxu zuzentzat» jo ditu beste behin ere, eta «autodefentsarako neurriak» hartuko dituela ohartarazi du, herrialdeko gobernuaren peko KCNA albiste agentziak gaur kaleratutako txosten baten arabera. Piongiangek oraindik ez du adierazpen ofizialik egin; atzo, ordea, Trumpek baieztatu zuen mezuka ibili dela Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorenarekin, erantzuna jaso duela ariketak murrizteko aginduaren harira, eta «oso positiboa» izan dela hartu-emana.
Nahierara egindako agindua
AEBetako presidenteak igandean eman zuen agindu horren berri, ariketa bateratuak hasi aurreko egunean. Ezustean izan zen: hainbat hedabidek eta agentziak jaso dutenez, Cho Hyun Hego Koreako Atzerri ministroak gaur jakinarazi du Trumpek sare sozialetan egin zuen iragarpenaren bidez izan zutela horren berri. Irizten dio ariketak murrizteko erabakia Seuli «presio» egiteko hartu dutela, eta Ipar Koreari «mezu bat» bidaltzeko ere bai.
Asteburuan sare sozialetan idatzitako mezuan, Trumpek argudiatu zuen «garesti» ateratzen zaizkiela ariketa militar bateratuak, eta Ameriketako Estatu Batuek ordaintzen zutela kostu hori: «Beti bezala!». Askatasunaren Ulchi Ezkutuarekin Ipar Koreari «mezu desegokia eta etsaitasunezkoa» bidaltzen diotela erantsi zuen. «Eta, zerikusirik ez duen arren, Hego Koreako presidenteari duela gutxi galdetu diot ea lagundu nahi digun Irango islamiar errepublika desnuklearizatzen, eta 'Ez, eskerrik asko!' erantzun du».
Are, astearen hasieran Etxe Zurian zela, kazetarien aurrean esan zuen ariketak murrizteko erabakia hartu zuela hain justu Hego Koreak Ekialde Hurbileko gatazkarekin «apurtxo bat» lagundu dezan: «39.000 soldadu ditugu zuek Kim Jong-un bizilagunarengandik zaintzen [AEBetako Gobernuaren arabera, 28.500], baina ez diguzue lagunduko Iranen operazio oso erraz bat egiten. Arraroa da, gero». Cho Atzerri ministroak gaur adierazi duenez, Irango gerra «ez aurrera eta ez atzera» den honetan, egoera hori «haustea» da AEBen «intentzioa», eta horrexegatik ari da Seuli «presio» egiten.
Trumpek galarazi egin nahi du Iranek arma nuklearrak garatzea, eta horrexegatik ekin zion joan zen otsailean, Israelekin batera, errepublika islamiarra bonbardatzeari. Bada, hurrengo hilabetean, Ipar Koreako lider gorenak herrialdeko Herriaren Asanblea Gorenean eman zuen hitzaldian, Ekialde Hurbileko gatazka zuzenean aipatu ez bazuen ere, Washingtoni leporatu zion «estatu terrorismoa» egiten ari zela, eta egoera horrek «justifikatu» egiten zuela ez entzunarena egitea Ipar Koreak arma nuklearrak entregatzeko xedez AEBek erabilitako «hitz gozoei»; Kimen hitzetan, armategi nuklearrari dagokionez ez dago «atzera-bueltarik».
Hain zuzen ere, bere lehen agintaldian (2017-2021), Trump Koreako penintsula desnuklearizatzeko itun bat lortzen saiatu zen, eta hirutan bildu zen Kimekin: 2018ko ekainean Singapurren, 2019ko otsailean Hanoin, eta lau hilabete geroago Ipar Korea eta Hego Korea banatzen dituen gune desmilitarizatuan. Ez zuen lortu nahi zuena, ordea.