AEBetako administrazioak jarraitu ahal izango du papergabeak beren jatorrizko herrialdea ez den beste batera kanporatzen. Hori egiteko modua eman dio Auzitegi Gorenak. Dena den, atzo gauean kaleratutako ebazpena behin-behinekoa da, eta, Gorenak jakinarazi duenez, abenduan entzungo ditu aldeen argudioak. Hortaz, auziari buruzko behin betiko erabakia datorren urterako espero da.
Iazko urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik, Donald Trump buru duen administrazioak 25.000 migratzaile inguru kanporatu ditu 29 herrialdetara; horietako gehienak Latinoamerikan eta Afrikan daude. Bostongo epaile federal batek kanporatze horiek indargabetu zituen, argudiatuta prozedurak immigrazio lege federala urratzen zuela papergabeei ez zietelako erabakia inpugnatzeko aukerarik ematen. Baina Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren helegiteari erantzunez, Auzitegi Goreneko gehiengo kontserbadoreak epaile federalaren erabakia indargabetu du.
Administrazioak argudiatu izan du prozedura bertan behera uzteak «larrialdi nazional bat» eragingo lukeela, eta papergabe jakin batzuk kanporatzeko duen gaitasunari eragingo liokeela. Dioenez, beren jatorrizko herrialdea ez den beste batera kanporatzen ditu deportazio agindua behin betikoa denean eta papergabeak beren jatorrizko herrialdeetara itzularazi ezin dituztenean, edo migratzaileek berek itzultzea onartzen ez dutenean. Gainera, abokatu federalek azaldu dute herrialde horiek bermatzen dutela, Washingtonekin egindako akordioen bidez, ez dituztela papergabeak ez torturatuko, eta ez dietela papergabeei jazarriko.
Beren jatorrizko herrialdea ez den beste batera kanporatutako migratzaileek —aurrekari penalik gabeak horietako asko— salatu izan dute, ordea, horietara iristean baldintza eskasetan bakartzen dituztela, eta, are, tratu txarrak ere ematen dizkietela. The New York Times-ek kaleratu zuen, adibidez, Ekuatore Gineara kanporatutako papergabe batzuen lekukotza. Salatu zuten hango Poliziak lotu eta jo egin zituela. Afrikan, Liberiara eta Ugandara ere kanporatu izan dituzte. NBE Nazio Batuen Erakundeak eskatu izan dio Washingtoni deportazio horiek eteteko.