Trumpek Kolonbiari erasotzeko mehatxua egin du, eta Petrok erantzun du «gerra deklaratzea» litzatekeela hori

Narkotrafikoaren aurkako operazioan, Venezuelari ez ezik Kolonbiari ere eraso egiteko aukeraz mintzatu dira AEBak. Kolonbiako Gobernuak batasunera deitu ditu Latinoamerikako herrialdeak.

Gustavo Petro, Kolonbiako presidentea, joan den astean. EFE
Gustavo Petro, Kolonbiako presidentea, joan den astean. EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko abenduaren 3a
13:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBak are eta gehiago ari dira tenkatzen jada ondo tenkatuta zegoen soka. Gaur goizaldean, Donald Trump AEB Amerikako Estatu Batuetako presidenteak Kolonbiari eraso egiteko aukera jarri du mahai gainean, droga trafikoaren aurka Karibe itsasoan egiten ari diren operazioen harira. «Entzun dut Kolonbiak kokaina ekoizten duela. Fabrikazio plantak dituzte, eta, gero, guri saltzen digute kokaina. Hori egiten duen edonor egon daiteke erasoen ituan, ez bakarrik Venezuela», esan du.

Berehala heldu da Gustavo Petro Kolonbiako presidentearen erantzuna. Kolonbia bisitatzera gonbidatu du Trump, erakusteko nola suntsitzen dituzten kokaina laborategiak, eta ohartarazpen bat ere egin dio: «Gure subiranotasunari eraso egitea gerra deklaratzea da, ez itzazu kaltetu bi mendeko harreman diplomatikoak», idatzi du X sare sozialean.

Ohar baten bidez, Kolonbiako Gobernuko Atzerri Ministerioak ere Trumpen hitzak gaitzetsi ditu. Kolonbiak narkotrafikoaren aurka «konpromiso ukaezina» duela nabarmendu du, eta gaineratu mehatxu horrek «kezka sakona» eragiten diela. Gainera, Latinoamerikako gainontzeko herrialdeei batasunerako deia egin die: «Premiazkoa iruditzen zaigu Latinoamerikako eta Karibeko herrien arteko senidetasuna sendotzea, batasuna gailendu dadin subiranotasuna ahuldu nahi duen edozein esku hartze saiakeraren aurrean».

Beste fase bat

AEBetako tropak Karibe itsasoan daude oraindik, Venezuelaren kontrolpekoa den eremuarekin mugan. Gutxienez 83 lagun hil dituzte orain arte, argudiatuta narkotrafikorako zerabiltzaten ontzien kontra ari direla. Hala ere, azken egunetan baretu egin dira Hegoaldeko lantza izeneko operazioaren eraso horiek. Trumpen administrazioak esan du operazioak izan duen arrakastagatik eten direla erasoak; dena dela, narkotrafikoaren aurkako gerran beste fase bat hasiko dela ere iragarri zuen Trumpek: «Lurreko erasoei ekingo diegu. Putaseme horiek akabatuko ditugu».

Aldi berean, Juan Orlando Hernandez Hondurasko presidente ohia kartzelatik atera zen atzo, Trumpek indultua eman ostean. New Yorkeko epaimahai batek 45 urteko kartzela zigorra egotzi zion Hernandezi 2024an, AEBetan 400 tona substantzia ilegal sartzea leporatuta, baina Trumpek barkatu egin zion.

Hondurasko presidente ohiaren aurka ez bezala, gogor egin du Trumpek Kolonbiaren aurka. Ez da izan ezusteko handia. Izan ere, iragan irailean Washingtonek AEBetara sartzeko bisa kendu zion Petrori, eta urrian, AEBetako Gobernuaren Altxor Departamenduak Clinton izenez ezagutzen den zerrendan sartu zuen Kolonbiako presidentea —OFAC Atzerriko Aktiboak Kontrolatzeko Bulegoaren zerrenda—, «narkotrafikoaren liderretako bat» izatea egotzita.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Kolonbia da munduko kokaina ekoizlerik handiena. Erakundeak 2024an argitaratu zuen Drogen eta Delituen aurkako txostenaren arabera, kokaina hostoen laborantza 253.000 hektareara iritsi zen 2023an herrialde hartan, eta kokaina ekoizpena %53 handitu zen; 2.600 tona ekoiztu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.