Atzean geratu da Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Vladimir Putin Errusiako bere homologoari ezarritako epea, Ukrainarako su etena adostekoa. Joan den ostiralean bukatu zitzaion denbora, nahiz eta badirudien negoziazioak ez direla eten; bi presidenteak datorren ostiralean biltzekoak dira, Alaskan, 1867an Errusiak AEBei saldu zien lurraldean. Oraingoz, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ez du jaso bilerarako gonbitik, nahiz eta Trumpek Putin eta Zelenski «behartu» egingo dituen noiz edo noiz biltzera, James David Vance AEBetako presidentearen arabera; Fox News telebista kateari atzo emandako elkarrizketan esan zuen hori. Bien bitartean, Ukrainaren Europako aliatuek salatu dute edozein bake akordiok kontuan izan beharko dituela bai Ukraina eta bai Europa.
EB Europako Batasunak eta Europako hainbat herrialdek asteburuan salatu zuten, ohar bidez, mugak ezin direla «indarrez» aldatu, eta Ukraina gabe ezin dela erabaki «bakerako bidea». Hain zuzen, EBko atzerri ministroak Ukrainako inbasioari buruz hitz egiteko bilduko dira bideo dei bidez; ezohiko batzarra hasi aurretik, Hadja Lahbib EBko Krisi Kudeaketarako komisarioak esan du Europak «ahots bakarrarekin» hitz egin behar duela gatazkaz: «Ez da zatitzeko garaia». Bilerara atzo deitu zuen Kaja Kallas EBko diplomaziaburuak, eta esan zuen AEBek «boterea» dutela Errusia «serio» negoziatzera behartzeko.
Vanceren iritziko, ordea, ez litzateke «produktiboa» izango Zelenskik ostiral honetako bileran parte hartzea; AEBak «kokoteraino» daude, ordea, «Ukrainako gerra finantzatzearekin». Adierazi zuen «oztopo handiena» Putin dela, esana baitu ez litzatekeela Zelenskirekin bilduko; hori «aldatu» egin behar da: «Oraintxe, egia esan, zehazten saiatzen ari gara hiru buruzagi hauek noiz elkartu, gatazka hau amaitzeaz eztabaidatu dezaten». AEBetako presidenteordearen adierazpenak gorabehera, aintzat hartu behar da Errusiako presidentea prest agertu dela azken egunotan Ukrainako bere homologoarekin biltzeko, horretarako baldintzak oraindik betetzeko dauden arren.
AEBek NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean duten enbaxadore Matthew Whitakerren arabera, berriz, «baliteke» azkenean Zelenskik ere Alaskako bileran parte hartzea; hala esan zuen atzo CNN kateari emandako elkarrizketa batean. Erabakia Trumpena omen da: «Uste badu gonbita egin diezaiokeela, hala egingo du». Nabarmendu zuen gerra amaitzea dela «lehentasuna», eta ezin dela egon alde guztiek onartzen ez duten akordiorik. Lurralde trukaketei dagokienez, adierazi zuen ez dela trukatuko «gudu zelaian borrokatu edo irabazi den» ezein lurralde.
Izan ere, asteburuan, Trumpek iragarri zuen Ukrainaren eta Errusiaren arteko «lurralde trukeren bat» barne hartuko duela Ukrainarako bake akordioak, eta irmo erantzun zion Zelenskik: Kievek ez dio lurralderik «oparituko» Moskuri. Akordio horrekin, «asetzeke» geratuko dira alde bata zein bestea, Vancek atzo aitortu zuenez. Elkarrizketan esan zuen bi aldeek ez dutela «pozez» hartuko adostuko omen duten dena delako hori: «Baina Trumpen lidergorik gabe ere ezingo lukete negoziatu; akordio bat lortuko du, zeinaren bidez ukrainarrak eta errusiarrak bake erlatibo batean biziko diren, eta sarraskia amaituko den».
Ukrainako droneen erasoak
Erasoek ez dute etenik, eta Ukrainaren droneen erasoek bi hildako eragin dituzte Moskurekin muga egiten duen Tula eskualdean, eta beste bat ekialderago, Nizhni Novgorod eskualdean, tokian tokiko gobernadoreek jakinarazi dutenez; industrialdeetan gertatu dira erasoak. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, bart gauetik hona Ukrainaren 60 drone inguru eraitsi dituzte; Ukrainako agintarien arabera, berriz, Errusiak bidalitako 71 droneetatik 59 eraitsi dituzte.